Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 20

Jaiotzagatik edo urtebetetik beherako seme-alabak zaintzeagatik gurasoek baliatutako kotizaziopeko prestazio-aldiak parekatzen dituen Foru Lege proposamena ez da aintzat hartu

4/2019 Foru Lege Dekretuaren eragina orokortzea zen Navarra Sumak proposatzen zuena

Nafarroako Parlamentuak ez du aintzat hartu Jaiotzagatik edo urtebetetik beherako seme-alabak zaintzeagatik gurasoek baliatuak diren kotizaziopeko prestazio-aldiak parekatzen dituen Foru Lege proposamena. Navarra Sumak eta I-Ek alde bozkatu dute, EH Bildu abstenitu egin da eta PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu dute.

 

Navarra Sumak sustatutako lege proposamen horren xedea zen lan-eszedentzian dauden langileentzako laguntzak arautzea, jaiotzagatik edo urtebetetik beherako seme-alabak zaintzeagatik gurasoek baliatutako kotizaziopeko prestazio-aldiak parekatze aldera.

 

Zioen azalpenean zehazten zenez, foru lege horren bitartez “jaiotzagatiko eta zaintzagatiko kotizaziopeko subsidioetan baliatutako aldiak parekatu” nahi dira “eta iraupen bereko aldi baterako –16 aste– eskubidea aitortu, besterenezina, ordaindua eta denboran bat ez datorrena”.

 

Gogorarazten zen nola berriki baliozkotu den urriaren 23ko 4/2019 Foru Lege Dekretua, presako neurri batzuk onesten dituena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen arloan. Arau hori, besteak beste, “Nafarroako administrazio publikoetako langileei baimen hori eman ahal izatera bideratuta dago; baimena, kasu honetan, 17 astekoa da”.

 

Foru lege dekretu horrek, ordea, ez die eragiten inoren konturako langileei, kooperatiba-sozietateetako bazkide langileei edo lan-bazkideei eta norberaren konturako langileei edo autonomoei, eta, “Nafarroak ez duenez eskumenik Gizarte Segurantzaren esparruan seme-alaben jaiotzagatiko eta zaintzagatiko kontribuzio-prestazioa arautzeko, erabaki da seme-alabak bizitzako lehen urtean zaintzeko eszedentziarako dirulaguntzaren forma juridikoa erabiltzea”.

 

• Foru lege proposamena (6. NPAO, 2020-01-17koa)