Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Urria 31

Izapidetzeko onartu da 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua

Kontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea azaroaren 14an amaituko da, eta abenduaren 20an egitekoa da eztabaida Osoko Bilkuran

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onartu dute izapidetzeko 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua. Aurrekontua 4.306.197.633 eurokoa da; kopuru horretatik 4.010.664.137 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 295.533.496 euro, finantza-gastuari.

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 3,11 igo da 2018ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 3.889,80 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 120,86 milioiko aldea dago.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak proiektua izapidetzeko onartzeaz gain, izapidetzeko egutegia ere onetsi dute gaur.

 

Foru lege proiektua Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita —astelehenean argitaratuko da, azaroaren 5ean—, parlamentu-taldeek eta foru parlamentarien elkarteek azaroaren 14ko 12:00etara arteko epea izanen dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta azaroaren 21ko 12:00etara arteko epea zuzenketa partzialak aurkezteko.

 

Azaroaren 22an Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, eta, horiek onartu ezean, abenduaren 10etik 14ea bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean.

 

Azkenik, abenduaren 20ean Parlamentuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordeak 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proposamenaren gainean emandako irizpena.

 

2019rako Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua gaur sartu da Legebiltzarrean, urriaren 31n. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, bere langela ofizialean hartu du Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun, eta azken horrek proiektuaren entrega formala egin dio.

 

Bestalde, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoari buruzko Foru Lege proiektua izapidetzeko onartu du. Osoko Zuzenketak aurkezteko epea azaroaren 14ra arte egongo da irekita.