Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 18

Indarkeria matxistaren aurrean erne jarraituko duela berretsi du Gobernuak eta beharrizanen jarraipen baten alde egin du

EH Bilduren interpelazio bati erantzunez, zeinak koronabirusaren ondorengo kontingentzia plan bat eskatzen baitu Administrazioaren baliabideak kaltetuen eskura jartzeko

Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilariak, Javier Remírezek, indarkeria matxistaren aurrean erne jarraituko dutela berretsi du eta “beharrizan berrien ebaluazio eta jarraipena egiten ari direla” adierazi du.

 

Era berean, kontseilariak ziurtatu du ’normaltasun berri’ honetan ahalik eta erantzun hoberena emateko beharrezko tresnak martxan jartzen ari direla.

 

Remírezek, EH Bilduren interpelazioari erantzunez, esan du “Gobernuak alarma egoera hasi zenetik oso argi izan zuela genero indarkeria egoerak okerrera joan zitezkeela, eta biktimek zailtasunak izanen zituztela ohiko bideak erabiltzeko”. Horregatik, garai honetan “beharrezko tresna guztiak martxan jarri ziren, biktimek eskura dituzten zerbitzu eta baliabideak bermatzeko bai eta zabaltzeko” ere.

 

Beste neurri batzuen artean, harrera-gune berri bat ireki zela nabarmendu du; arreta integraleko taldeen arduradunekin egindako jarraipena eta koordinazioa indartu ziren; polizia-kidegoekin "lankidetza estuan" ere lan egin da, eta Foruzaingoak biktimekiko harremanak areagotu ditu.

 

Adierazi duenez, indarkeria matxistagatiko salaketa kopurua jaitsi egin da martxoan eta apirilan aurreko urteekin alderatuz, eta maiatzean, aldiz, areagotu egin da.

 

Alarma egoera hasi zenetik apirilera arte 136 salaketa jarri dira, iaz, berriz, 159. Maiatzak 123 salaketa jarri dituzte, iazko urtearekin alderatuz % 9 gehiago.

 

Remírezek berretsi du foru Gobernuak “era koordinatuan lanean jarraituko duela” emakumeen aurkako indarkeriaren aurka borrokatzeko. Laugarren ardatz estrategiko bat gehitu nahi dutela adierazi du, “indarkeria identifikatu eta lantzeko formakuntza”, hain zuzen.

 

Era berean, “eskuragarri dauden zerbitzuak Nafarroako udalerrietan ezagutzera ematea” ezinbestekoa dela uste du, eta horretarako Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean ari direla azaldu du. Errekuperazio planetan genero ikuspegia kontuan hartzea funtsezkoa dela uste du Remírezek, eta esan duenez INAI lanean ari da Nafarroa Suspertu Planean genero ikuspegia ezartzeko.

 

Ildo horretan, gaineratu du INAI ikerketa bat egiten ari dela Covid-19ak emakumeengan izan duen eraginari buruz, “desberdintasunak antzeman eta politika publikoen bidez neurriak jartzeko” helburuarekin.

 

EH Bilduko Patricia Peralesek azaldu du “ikusten ari garena izebergaren punta besterik ez dela”, eta “ezkutuan dagoen errealitatea are larriagoa” dela. “Hau lehenagotik bizi genuen pandemia bat da, hemen jarraitzen duena eta momento hauetan are larriagoa izan dena”, eta horren aurrean, “koronabirusaren ondorenko kontingentzia plan bat” eskatu du, honi nola aurre egingo zaion zehazteko.

 

Arlo honek “lehentasuna izan behar du Nafarroa Suspertu Planean” Peralesen iritziz, eta defendatu du “Gobernu honek, benetako konpromisoa baldin badu, eraginkorragoa izateko esfortzu bate gin behar duela”. “Emakume guztiek argi eduki behar dute administrazioak babestuko dituela eta behar dituzten zerbitzu guztiak eskainiko dizkiola”, azpimarratu du.

 

Isabel Olavek (Navarra Suma) Nafarroako Gobernuak krisi honetan indarkeria matxistari eman dion arreta baloratu du, “lehentasuna” baita, eta biktimak “are gehiago babesteko eta erantzuna hobetzeko” eskaera egin du. Eskubideak bermatuko dituen araudi “arduratsu” bat eskatu du eta horretarako “ez dadila manipulaziorik egon”.

 

Nuria Medina sozialistak adierazi duenez, "estatu demokratikoak duen arazo larriena da indarkeria matxista", eta horregatik, Gobernuak krisi honetan hartutako neurrien garrantzia nabarmendu du, "baliabideak inoiz ikusi gabeko neurrian indartuz" eta, gainera, "hain denbora laburrean", salerosketaren eta prostituzioaren eraginpean dauden emakumeak barne hartuz eta, gainera, deseskalatzea planifikatuz.

 

“Genero indarkeriak hor jarraitzen du matxismoa sistemikoa eta estrukturala delako”, adierazi du Jabi Arakamak (Geroa Bai), zeinak azpimarratu duen bere “hazia emakume eta gizonen arteko desberdintasuna dela”. Arazo honi prebentziotik eta kontzientziaziotik erantzun behar zaiola defendatu du, “emakume eta seme-alabei arreta integrala eskaini behar zaie eta inplikatuta dauden langile guztien arteko lankidetza ezinbestekoa da, hezkuntza ahaztu gabe, jakina”.

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) errealitatea islatzen duen hizkera aldarrikatu du, maila guztietan sexu-hezkuntza, abusu delitua ezabatzea, arreta integralerako zentroen sare bat sortzea, epaitegi espezializatuak, sentsibilizazio kanpainak eta etxebizitzarako sarbidea ahalbidetzea, beste neurri batzuen artean.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra), azkenik, ohartarazi du “egiten den guztia ez dela nahikoa ez baikara gizartearen gaitz honi aurre egiteko gai izaten ari”, eta indarkeria matxistarekin amaitzeko “detekziotik, prebentziotik, interbentziotik eta erradikaziotik” lan egin behar dela adierazi du.