Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Ekainak 13

Ikus-entzunezko sistema berria hautestontzietatik ateratako Parlamentu berriaren eratze-bilkurarako

2011tik zaharkituta zegoenez, oraingo lehendakariak erronkatzat hartu zuen sistema berritzea. Analogikoa izatetik digitala izatera iragan da sistema, prozesuak eta seinaleak hobetuta

Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez Igarzak gaur goizean prentsaurrekoan aurkeztu du ikus-entzunezko sistema berria, bai eta bozkatzeko guneak ere: analogikoak izatetik digitalak izatera igaro dira eta hautestontzietatik ateratako Parlamentu berriaren eratze-bilkuran izanen dute estreinaldia. Lehendakariak aurkezpena egin du obra teknikoaren ardura duten ingeniariekin: Gorka Ojanguren, Telesonic enpresakoa eta Carlos Martín, Niotec enpresakoa. Bi enpresek osatzen dute obren esleipena jaso zuen aldi baterako enpresa-elkartea.

 

Ingeniariek hedabideei azaldu dietenez egindako hobekuntzak honako hauek dira: ikus-entzunezko sistema osoa eta bozkatzeko guneak berritu dira, osoko bilkuren aretoan ez ezik batzordeetan, erakunde aretoan (azken horretan orain arte ez zegoen ikus-entzunezko instalaziorik) eta erabilera anitzeko gelan ere; “halaber, kable guztiak prentsa aretora eraman dira; era horretan aukera eta funtsak direnean, bertan ere egin ahalko da instalazioa”, azaldu du Gorka Ojangurenek.

 

Era berean, ikus-entzunezko kontrol zentroa berritu da erabat; osoko bilkuren aretoan dago eta bertatik kudeatzen dira osoko bilkurekin eta batzordeen saioekin lotutako ikus-entzunezko instalazioak. Kontrol zentro hori ere zaharkiturik zegoen. Izan ere, errealizazio bakarrerako diseinatu zen, baina gaur egun ohikoa da bi eskatzea aldi berean. Gainera, behin eta berriro gehitu zaizkion seinaleekin gainezka egoten da.

 

“Izan dugun aurrekontua, beste erakunde batzuetako aurrekontuekin alderatuta, askoz txikiagoa izan da, baina saiatu gara zerbitzu eta kalitate onenak ematen, eta efizientzia handiena, aurrekontu hori gainditu gabe”, zehaztu du Ojangurenek.

 

Sistemaren berritzea 2017ko apirilean esleitu zen, 700.000 euro inguruko zenbatekoarekin. Hobekuntzak eragina izanen du bozketa sisteman, legegintzaldi honetan arazo asko sortu zituen horretan, eta aldi berean hobetuko du webgunearen bidez igortzen den eta hedabideek eskuratzen duten irudiaren kalitatea.

 

Ordeztu den sistema analogikoa zen eta 2002an ezarri zen, oraingo eraikina eraiki zenean, baina 2011tik zaharkituta geratzen hasia zen eta 2013tik ez zen ordezko piezarik fabrikatzen. Beraz, zaila izan da ordutik hona sortu diren akats teknikoei aurre egitea. 2011-2015 legegintzaldian saiatu zen sistema berritzen, baina azkenean bazter utzi zen, eta IX. legegintzaldian, Ainhoa Aznarez lehendakariaren eskutik, eraman da proposamena Legebiltzarreko Mahaira.

 

Gogoratu behar da 2017ko apirilean obra esleitu zenetik hainbat arazo juridiko gainditu behar izan direla. Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiaren beraren erabakia berandutzeak geldiarazi egin zuen konkurtsoa, bertan interesa zuten enpresetako batek aurkeztutako alegazioak baiestean. Azkenik, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak babestu egin zuen Parlamentuko Mahaiaren 2017ko apirilaren 26ko erabakia, zeinaren bidez UTE TELESONIC, SAUOSTIZ AUDIOVISUALES, SLri esleitzen baitzitzaion Nafarroako Parlamentuaren egoitzan instalaturiko bozketa-, audio- eta bideo-sistema berritzeko lanen kontratazioa.