Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Azaroak 5

III. Gazte Parlamentuko Lehendakariari harrera egin dio Unai Hualdek

Nafarroako gazteen ordezkaritza ganberaren lana babesten du Hualdek eta hauen aldarrikapen eta kezkei erantzuteko proposamen berriak eta parte hartzea eskatu ditu

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak Xabi Gartziari harrera egin dio gaur, Nafarroako Gazte Parlamentuko Lehendakariari.

 

Pasa den urriaren 11tik III. Gazte Parlamentuko buru da Xabi Gartzia, eta azaldu duenez, “gazteen interes eta beharrak politika publikoen erdigunean jartzeko helburuarekin elkarlanean jarraitzeko borondatea helarazi diote Lehendakariari. Gazteok ditugun arazo estrukturalei aurre egiteko eztabaida eta parte hartze politikorako foro bat da Gazte Parlamentua. Lanean jarraituko dugu Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordearen bidez proposamenak aurkezten”.

 

Unai Hualdek, bestalde, Legebiltzarraren konpromisoa berretsi du “nafar gazteriaren kezka eta aldarrikapenei erantzun asmoz hauen parte hartze politiko eta instituzionala ahalbidetzeko, gazteen inplikazioa ezinbestekoa baita. Aurreko bi bilkuraldietan burututako lanak erakusten du gazteek ere politikara hurbiltzeko interesa dutela, eta onetsitako ekimenek argi utzi dute gazteak ordezkatzeko formula hau egokia dela. Parlamentu jardueran ikusgarritasun handiagoa eman nahi diegu, eta modua asmatzeko hausnarketan dihardugu”.

 

2017an Foru Legebiltzarrak eta Gazte Kontseiluak sinatutako hitzarmen baten babesean sortua, Nafarroako Gazte Parlamentuak eztabaidaren kultura, espiritu kritikoa eta errealitate sozialaren azterketa arrazionala sustatzeko helburua dauka, 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

 

Ikasturtero berritzen den organo honen xedea da gazteei ahotsa ematea, hauek proposamenak egin ditzaten, beraien artean adostu eta Nafarroako Parlamentuaren bidez gizarteari helarazteko.