Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Azaroak 19

Haurren sexu abusuen prebentziorako nazioarteko egunarekin bat egin du Parlamentuak Amabizia Elkartearekin batera

Legebiltzarraren egoitza berdez argiztatuko da gaur iluntzean haurren eskubideetan oinarritutako politiken eskaerarekin bat etortzearen seinale gisa

Azaroaren 19an Haurren Sexu Sbusuen Prebentziorako Nazioarteko Eguna ospatzen da eta hori dela eta, Raquel Garbayo, Francisco Pérez (Navarra Suma), Arantzazu Biurrun, Nuria Medina (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariek Foru Legebiltzarrak Amabizia Elkartearekin batera antolatutako ekitaldian parte hartu dute.

 

Parlamentuaren atarian ospatutako ekitaldian, Rakel Arcelus Lorea Amabizia elkarteko ordezkariak manifestu bat irakurri du, zeinaren bidez ohartarazi baitu Europako Kontseiluaren datuen arabera, “5 mutikotik batek eta 3 neskatotik batek nolabaiteko sexu-indarkeria jasaten dutela, eta gehienak hurbileko ingurunean gertatzen direla”.

 

Elkarteak prebentzioan jarri du arreta, horretarako beharrezkotzat joz “hezkuntza afektibo-sexuala adingabeentzat, familientzat eta gizartearentzat, berdintasunezko harreman osasungarriak sustatuz”. Ildo horretan, “osasun-sisteman kalitatezko artapen integrala” aldarrikatu dute, “profesionalen prestakuntza ebaluazio eta jardunerako” eta “justiziarako sarbidea erraztea”.

 

Bide horretan, Nafarroako Gobernuari eskatu diote “adingabeen telefono bat abiaraz dezan, konfiantza-giroan oinarrituta, haurrak babespean dagoela senti dezan eta deseroso zaizkion egoerak adierazi ahal ditzan”. Horrez gain, “haurren aldeko Hitzarmen Komunitario bat egin dadila” eskatzen da, baita “adingabeen aurkako sexu-erasoek preskripziorik izan ez dezaten lan egitea” ere, “haurren aurkako erasorik ez dagoen gizarte bat eratzeko”.

 

Maiorga Ramírez Parlamentuko Mahaiko bigarren idazkariak, pasa den astelehenean talde parlamentario guztiek proposatuta Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala irakurri du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du datorren azaroaren 19a Haurren Sexu-abusuaren Prebentziorako Nazioarteko Egun gisa aintzat hartzearekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak herritarrei dei egiten die Haurren Sexu-abusuaren Prebentziorako Nazioarteko Egunaren kariaz antolaturiko jardueretan parte hartzera.

 

3. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du haurren aurkako sexu-erasoak prebenitze aldera lan egiteko, bai eta beharrezkoak diren neurriak hartzeko eta eskueran dituen bitarteko guztiak jartzeko ere, xede duela haurren aurkako indarkeria-mota hori desagerraraztea".

 

Horrez gain, gaur iluntzean Parlamentuaren aurrealdea berdez argiztatuko da (18:30 – 24:00).

 

Amabizia elkartea 2004ko abenduan sortu zen emakumeak amatasunari dagozkion aferetan lagundu eta babesteko helburuarekin, profesionalek kontrastatutako informazioa eskainiz hauek askatasunez erabakiak har ditzaten, beren eskubideak ezagut ditzaten eta Munduko Osasun Erakundeak emandako aholkuak eskainiz.