Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 6

Gobernuak etxebizitza parke publikoan mila etxebizitza berri eta 28.000 errehabilitazio eginez amaitu nahi du legegintzaldia

Podemos-Ahal Duguren interpelazioari erantzun dio, zeinak positibotzat jo duen alokairuen jasangarritasun indizea eta etxebizitza hutsen errolda berehala eskuragarri egotea

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Kontseilari José María Aierdik baieztatu du etxebizitza parke publikoa “zabaltzen” jarraituko dutela, legegintzaldiaren amaieran “gutxienez 1.000 etxebizitza berri” edukitzeko, eta horrez gain, lau urte hauetan 28.000 etxebizitza baino gehiago errehabilitatzea planteatzen dute.

 

Podemos-Ahal Duguren interpelazio bati erantzunez, Osoko Bilkuran Aierdik adierazi du etxebizitza bat lortzeko eskubidea "lehentasuna duen erronka bat” dela, “ahalegin publiko eta pribatuak eskatzen dituela, eta Ganbera honetan ahalik eta adostasun handiena bilatzen ahalegindu behar garela”.

 

Kontseilariak azpimarratu du etxebizitza lortzeko eskubidea “leitmotiva” izanen dela “alokairua sustatzeko politika errealekin”, eta “pertsona guztiei eta lurralde guztiei zuzendutako politikak” garatuko dituztela ziurtatu du.

 

Ildo horretan, aurreratu duenez, etxebizitza parke publikoa handitzen jarraituko dute, baina oroitarazi du “larrialdi egoerak alokairu pribatuaren merkatuan aldi baterako esku-hartzea arrazoitzen duela”.

 

Hori dela eta, 2020 urterako alokairuen jasangarritasun indize bat planteatzen da, “aurten sektorearen egoeraren erreferentzia bat eduki dezagun”. Honela, Aierdik azaldu duenez, urte amaieran politika fiskalaren bidez “erkidegoan alokairuari eragingo dioten neurriak ezarri daitezke”.

 

Aierdik, halaber, nabarmendu du “etxebizitzen eta etxebizitza hutsen jabeen errolda egiten ari direla”, eta baieztatu du “aurtengo lehen lau hilabeteetan jabe hauen errolda erabilgarri izanen dela”.

 

Era berean, kontseilariak baieztatu duenez, Foru Gobernuak errehabilitazioan lanean jarraituko du, eta “legegintzaldia etxebizitza errehabilitatuen kopuru garrantzitsu batekin amaitu nahiko genuke. Helburua 28.000tik gorako kopurua lortzea eta politika horretan urtean 100 milioi erabiltzea litzateke”, planteatu du.

 

Aierdiren ustetan, “neurri hauek ez dira nahikoa”, honez gain araudiaren aldaketak egin behar dira eta ildo horretan adierazi du bizigarritasunari buruzko foru dekretua berrikusten ari direla. “Datozen asteetan parte-hartze prozesua abiatuko dugu ahalik eta adostasun handiena lortzeko. Ados gaude dekretua berrikustearekin, ea edukiarekin ere hala den”.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi du “etxebizitza publikoa itsasoan tanta bat besterik ez” dela eta ez duela “alokairuaren prezioa jaitsiko”. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaio “alokairuen jasangarritasun indizea ateratzea”, eta etxebizitza hutsen erroldari dagokionez, “etxebizitza hutsa duenari zehapenak jartzea”.

 

Ildo honetan, kontseilaria premiatu du “lan egin dezan merkatu librean alokairuaren burbuila lehertzeko”, bere ustetan, “legegintzaldi honetan egin dezakegun gauza garrantzitsuenetako bat baita”.