Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Abenduak 10

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat eginez

Hualdek ezinbestekotzat jo du erakundeen boterea gizarte eragileen indarrarekin bateratzea, egunero eta hemen bertan ematen diren oinarrizko eskubideen urraketak murrizteko

Giza Eskubideak Nafarroa erakundeak proposatuta, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala irakurtzeko ekitaldi instituzionala egin da gaur Nafarroako Parlamentuan, bere 71. urteurrena dela eta. Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakariak ezinbestekotzat jo du “erakundeen boterea gizarte eragileen indarrarekin bateratzea, egunero eta hemen bertan ematen diren oinarrizko eskubideen urraketak denen artean murrizteko”.

 

“Bolivian, Chilen edo eta Saharan gertatzen diren eskubideen zapalkuntzak” deitoratu eta “Mediterraneo itsasoan itota hiltzen diren ehundaka pertsonak” oroitu ostean, Unai Hualdek “etxera begiratzeko” deia egin du, “inguruan daukagunari, gizarte bazterketa egoeran dagoen Nafarroako biztanleriaren %16 horri. Batzuetan gertutasunagatik ikusezin bihurtzen dira eskubideen urraketa hauek, soldata arraila, indarkeria matxista, arrazismoa edo bullyinga adibidez. Baina errealitatea hor dago eta erakusten digu oraindik ere asko dagoela egiteke”.

 

Lehendakariak pasa den astelehenean Eledunen Batzarrak onetsitako Adierazpen Instituzionala gogora ekarri du, zeinak zeharo errefusatzen baitu gorroto-diskurtso oro, bereziki bakarrik dauden nerabe migratzaileak kriminalizatzea bilatzen dutenak, eta adierazi du une politiko eta sozial honek “konpromiso irmoa” eskatzen duela. “Oinarrizko giza eskubideak murriztearen aldeko alderdi ultra berrien agerkuntzaren aurrean, gaur, inoiz baino gehiago, horrelako ekitaldien beharra argitara ematen da. Parlamentuaren ordezkaritza lana, kolektibo sozialen bozgorailu gisa eta giza eskubideen defentsan diharduten eragile guztien lana hemen islatzen da”.

 

Unai Hualdek amaitzeko eskerrak eman dizkie Aitor Etxeberria eta Javier Urrozi eragile ugarik parte hartu duten ekimen hau antolatzeagatik. “Osoko Bilkuren areto honen eta Parlamentuko Batzorde guztien ateak irekita dituzue zuen aldarrikapenak egiteko. Plazera da hemen egotea. Mila esker”.

 

Jarraian, Idoia Onecak (CEAR) eta Iñaki Justesek (TTIPren kontrako ekimena) Giza Eskubideen Nafarroako Aldarrikapena irakurri dute, “giza eskubideen defentsara batzeko” deia egiten duen testua, “balio unibertsal hauekiko konpromisoa duen gizartea elkarbizitzan eta bakean bizi den gizartea baita, pertsona guztiak barne hartzen dituena, datozen lekutik datozela, eta eskubide guztiak aitortzen dituena”.

 

Ildo horretan, Osoko Bilkuren aretoan bildu diren 50 gizarte eragile eta elkarteetako ordezkariek, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala txandaka irakurriz, “sinergiak eraikitzeko eta elkarrekin lan egiteko” deia egin dute mundu justuago bat sortzeko helburuarekin. “Amesten dugun egun hori heltzen den bitartean, pertsona guztiak duintasunean eta askatasunean berdinak direla aitortzen ez den bitartean, lanean jarraituko dugu ekitatean, justizian eta askatasunean oinarritutako mundu baten alde, hiru balio hauek indarkeria ekidin eta indartzen gaituztelako”.

 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsala (GEAU) Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1948ko abenduaren 10ean Parisko Chaillot Jauregian (Frantzia) 217 Ebazpen gisa onartu zuen dokumentu historiko bat da. Bigarren Mundu Gerraren ostean, egindako gehiegikeriak argi ikusi zirenean, nazioarteko komunitateak adostu zuen Nazio Batuen Erakundearen Kartak ez zituela nahiko ondo adierazten defendatzeko helburua zituen eskubideak, eta beharrezkoa zen norbanakoen eskubideak zehazten zituen aldarrikapen unibertsal bat egitea, Kartak aipatzen zituen giza eskubide horiek argitzeko.

 

Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren irakurketan parte hartu duten gizarte eragile eta erakundeen zerrenda hurrengoa da: Ucide Navarra, Lunes Lilas, Nafarroako Gazte Kontseilua (CJN-NGK), Munduko Medikuak, Levántate contra el Bullying, Pobreziaren Aurkako Sarea, Gaz Kaló, Oxfam Intermon, SOS Arrazakeria Nafarroa, Iruña Ciudad de Acogida, Coordinadora Comfin, PICA, SEI, Asociación Navarra de Amigos del Sáhara (ANAS), Amabizia, Amagintza, Mundubat, Foro Miran, Cruz Roja Navarra, Casa Chile Navarra, Amnistía Internacional, AFADENA, Zaska, Fundación IPES Elkartea, CEAR, Help-NA Bomberos de Navarra, Derecho a Morir Dignamente, Protección Internacional Navarra, Herri Eliza, Papeles y Derechos Denontzat.

 

Horiez gain, hurrengo kolektiboek bat egin dute aldarrikapenarekin: SETEM Navarra, Grupo Feministas de Pamplona, Madres Activistas, GEN, Abogados Extranjeristas, Acción contra la Trata, Amatoki, Andrea, Asociación de Mujeres Integradoras para Lograr la Igualdad Psicológica (Amalips), Asociación Niños del Chocó, Bakeola, Bide Berri, Disnavarra, Comisión para la investigación de los Malos Tratos (Ehuleak) , El Cofre del Capitán Morgan, Ática Solidaria, Flor de África, Hiru Hamabi, Kumaldi, Magale, Medicus Mundi, Pequeña Guerrera, Piparrika, Plataforma contra la Islamofobia, Psicología Sin Fronteras Nafarroa, Salhaketa Nafarroa, Stop Deshaucios Nafarroa eta Uharán.

 

Ekitaldian egon dira Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria, Inma Jurío, Yolanda Ibáñez eta Maiorga Ramírez Mahaiko kideak eta talde parlamentario guztietako ordezkariak.