Noiz argitaratua Ostirala, 2019.eko Urtarrilak 18

Genero-ekitate eta LGTBI+ arloko politika publikoak aztertzeko bilkura monografikoan onetsitako ebazpenak

Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko urtarrilaren 18an

Guztira 26 ebazpen-proposamen eztabaidatu dira (bost talde bakoitzeko) Genero-ekitate eta LGTBI+ arloko politika publikoak aztertzeko bilkura monografikoan, eta Parlamentuaren Osoko Bilkurak horietatik 21 onetsi ditu (bi Geroa Bairenak, bi EH Bildurenak, bi Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairenak, bi I-Erenak, hiru azken lau indar horiek partekatuak, bost PSNrenak, hiru UPNrenak eta bi PPNrenak).

 

GEROA BAI taldeak aurkeztu dituen bost ekimenak aurrera ateratzea lortu du. Horietako hiru EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Erekin itunduak dira.

 

Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, EH Bildu eta I-Ek itundutako ebazpenetatik lehena aho batez onetsi da. Honela dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du HARRERA-BALIABIDEEN eredu berri bat ZEHAZTU eta EZAR dezan. Eredu horrek Nafarroan indarkeriazko egoeran dauden emakumeen beharrei erantzunen die, bere zerbitzu zorroa, egitura eta esku hartzeko eredua baliaturik. Horrek berekin dakar:

 

- Gune berri eta duin bat atontzea harrera egiten zaien emakumeentzat eta haien familientzat, behar dituzten babesa eta intimitatea bermatzeko baldintzak beteko dituena.

 

- Langile espezializatuek osatutako plantillaren egonkortasuna bermatzea, eta zerbitzua publiko bilakatzeko edo Eskubide Sozialetako Departamentuan sortzekoa den fundazioak hura kudeatzeko aukerari ekitea, beharrezkoa den departamentu arteko lankidetza dela bide.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sexu indarkeriaz arduratzeko arreta espezializatua berma dezan krisi uneetan nahiz modu jarraituan.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sexu jazarpenari eta sexuan oinarritutako jazarpenari erantzuteko protokoloen eta arreta espezializatuaren aplikazioa berma dezan.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du laguntza juridikoko zerbitzuaren eredu genero-ikuspegiduna ezar dezan”.

 

Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, EH Bildu eta I-Ek itundutako bigarren ebazpena UPNren abstentzioarekin, PPNren aurkako botoarekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin onetsi da. Hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko 8/2017 Foru Legea garatu eta betetzea susta dezan Ekintza Planaren bitartez, eta sendotu egin dezan LGTBI+ kolektiboko pertsonen eskariak eta beharrak asetzeko 2017an sortutako egitura, baliabide gehiago eta autonomia handiagoa emanez. INAI-NABIn behar den egitura teknikoa sor dezan, LGTBI politikak garatzeko ekintza-ahalmena izanen duena, eta solaskidetza egokia ezar dezan LGTBI arloko teknikari espezifikoen eta zerbitzuen artean.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Berdintasunerako Institutua premiatzen du arreta deszentralizatua berma dezan Nafarroako lurralde osoan toki entitateekin koordinaturik. Hitzarmen ekonomikoak egin ditzake hala eskatzen duten toki entitateekin, sexu eta genero dibertsitateari erantzuteko KATTALINGUNE zerbitzu publikoak entitate horien eskura jar dezan profesional bat, aktibazioko, sentsibilizazioko eta aholkularitza sexologikoko lanak eginen dituena hilean bi aldiz, gutxienez.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Kattalingune zerbitzuaren eginkizunak zehaztu eta antolatu ditzan, eta zerbitzu hori behar dituen egonkortasunaz eta baliabideez hornitzeko erabil daitezkeen bitarteko guztiak azter ditzan; esate baterako, urte anitzeko hitzarmenak edo zerbitzuen emakida-kontratua.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du LGTBI kolektiboari esleitutako lokala egokitzeko obrak egiten jarrai dezan. Hori beharrezkoa da zerbitzuen kalitatea eta inplementazioa hobetzeko”.

 

Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, EH Bildu eta I-Ek itundutako hirugarren ebazpena Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin onetsi da. Honela dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzaren maila guztietan, Nafarroako ikastetxeetan nahitaezkoak eta oinarrizkoak diren horietan, eskola-curriculumean sar ditzan gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari, genero indarkeria ezabatzeari eta sexu eta ugalketa eskubideei buruzko hezkuntza-edukiak eta -helburuak, Estatuko eta Nafarroako Foru Komunitateko arauetan jasorik daudenak; bereziki, Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioa ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuaren 7. artikuluan jasotakoak.

 

Unibertsitateaz kanpoko irakaskuntza mailetako ikastetxe publiko guztietan eta itundutako ikastetxe pribatu guztietan “Skolae” programaren garapena sustatu eta indartu dezan, irakasleei nahiz familiei behar adina baliabide, prestakuntza eta aholkularitza eskainiz.

 

Espainiako Gobernua premiatzea arauz erregula dezan itunak kentzea ikasleak sexuka bereizten dituzten ikastetxe pribatuei”.

 

GEROA BAIren laugarren ebazpena Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak gizarteratzearen esparru guztietan bere babesa berresten dio berdintasunezko hezkuntzari, funtsezko tresna baita desberdintasunaren eta estereotipo sexisten aurrean kritikoak izanen diren pertsonak garatzeko: pertsona autonomoak beren bizitzako esparru guztietan, beren bizi proiektuen gidari eta protagonistak, harreman begirunetsu eta berdintasunezkoak eraiki ahalko dituztenak, bereizkeria eta indarkeria sexistetatik urruti.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako gizartean maskulinitate hegemonikoaren eredua zalantzan jartzen duen jarrera kritikoa eta berdintasunezko maskulinitateen garapena eta indarra susta ditzan. Horretarako tresna baliagarriak izanen dira gizarte osoa genero berdintasunari buruz heztea, sentsibilizaziorako kanpaina publikoak egitea, edo beste edozein tresna, baldin eta lagungarria gertatzen bada gizartea jabetu dadin gizonak egiazko berdintasuneranzko bidean engaiatzearen garrantziaz.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakumeen ahalduntze pertsonal eta kolektiboaren prozesuak susta ditzan. Prozesu horien bidez emakumeek parte-hartze sozial sendoagoa izan behar dute politika publikoetan, eta gehiago parte hartu behar dute erabakiak hartzeko prozesuetan eta guneetan; halaxe ezartzen du Emakumeek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren politika publikoetan parte-hartze sozial eta politikoa izateko 2018-2020 aldirako Estrategiak”.

 

GEROA BAIren bosgarren ebazpena onetsi da Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin; honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako toki entitateak, Nafarroako Gobernua eta Espainiako Gobernua premiatzen ditu diskriminazio anizkoitza kontuan har dezaten beren politika publikoetan, arreta bereziz aztertuz zer nolako eragina duten politika publikoek generoa, sexu orientazioa eta identitatea, klase sozioekonomikoa, etnia, desgaitasuna, nazionalitatea, egoitza administratiboa, adina eta egiturazko desberdintasunaren bestelako ardatzak direla eta diskriminatuta dauden pertsonengan.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du kalteberatasun egoeran dauden eta lan merkatuan sartzeko zailtasun handiagoa duten pertsonen lan-kontratazioa indartu eta sustatu dezan; adibidez, desgaitasuna duten emakumeena, etorkinena, betidanik diskriminatutako etnietako pertsonena, gizartetik baztertuta dauden pertsonena edo transexualena.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako toki entitateak eta Nafarroako Gobernua premiatzen ditu desgaitasuna duten neskato eta emakumeei osasuneko, hezkuntzako eta mendekotasunaren arretarako zerbitzu publikoetarako sarbidea berma diezaien gainerako biztanleen baldintza berdinekin, landa-eremuan bizi nahiz hirian bizi, eta diskriminaziorik ezaren, aukera berdintasunaren, komunitatean sartzearen, bizitza independentearen eta ekintza positiboaren printzipioak gauza ditzan, eta, halaber, desgaitasuna duten emakume eta neskatoen ahalduntzea susta dezan, banakakoa zein kolektiboa”.

 

EH BILDUREN BESTE BI EBAZPENAK ONETSI DIRA

 

EH BILDU talde parlamentarioaren lehenengo ebazpena Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak erabat arbuiatzen ditu eraso LGTBIfobiko guztiak, eta halakoak jasan dituzten eta jasaten ari diren pertsonei bere babesa eta elkartasuna agertzen dizkie. Halaber, herritarrei deia egiten die ez daitezen sorgor gelditu indarkeria eta eraso sexista eta LGTBIfobikoen aurrean, eta LGTBI pertsonek beren harremanei, beren gorputzari eta beren sexualitateari buruz erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatzen du.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eraginkortasunez gara dezan 8/2017 Foru Legean homofobiaren, lesbofobiaren, bifobiaren edo transfobiaren ondoriozko indarkeriaren biktimentzako arretari buruz ezarritakoa, sei hilabeteko epean. Horretarako, Nafarroako Gobernuak, bere eskumeneko eremuan, gorroto-delituen biktimei laguntzeko protokoloa Foruzaingoan eta Nafarroako udaltzaingoetan ezartzeko behar diren neurriak hartuko ditu. Gainera, Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko oraingo atalak behar diren neurriak hartuko ditu dauden langileei LGTBI+ arloko berariazko prestakuntza emateko eta profesional espezializatuak eskuratzeko, gorroto-delituetan edo sexu joeraren, genero adierazpenaren nahiz sexu edo genero identitatearen ondoriozko diskriminazioan adituak.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du LGTBIfobiaren aurkako sentsibilizazio eta prebentzio politikoak bultza ditzan arlo guztietan eta zeharka, ahalegin berezia eginez ikastetxeetan eta eraginkortasunez garatuz hezkidetza, eskola jazarpenari eta generoaren, sexu joeraren nahiz sexu identitatearen araberako diskriminazioari aurrea hartzeko eta haien kontra jarduteko”.

 

EH BILDU talde parlamentarioaren bigarren ebazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren aurkako botoarekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du plan bat egin dezan urtebeteko epean, toki entitateekin koordinatuta eta haien askotarikotasuna kontuan izanda, toki entitate guztiek bete ahal ditzaten bai berdintasunari buruzko lege berriaren aginduak bai emakumeenganako indarkeriaren arloko eginkizun berriak. Plan hori egoeraren diagnostikotik abiatuko da. Helburu eta ekintza zehatzak ezarriko ditu, eta toki administrazio guztietan berdintasunerako politikak pixkanaka garatzeko behar diren baliabide guztiez hornituta egonen da”.

 

PODEMOS-AHAL DUGU-ORAIN BAI TALDEAREN BESTE BI EBAZPENAK ONETSI DIRA

 

PODEMOS-AHAL DUGU-ORAIN BAI talde parlamentarioaren lehenengo ebazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu.-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren abstentzioarekin onetsi da. Honela dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du genero zeharkakotasunaren aplikazioa bete ahal izateko gaikuntza orokor eta espezifikoko plan bat egin eta gara dezan, lan-arloka, toki entitateekin koordinatuta.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan administrazio publikoen jarduna arautzen jarrai dezan, halako moduan non, administrazio prozedurak zehaztuta, berdintasuneranzko eraldatze prozesuak egonkorragoak izanen baitira.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Estatukoak diren baina Nafarroan eskumena duten administrazioetarako generoaren arloko prestakuntza berma dezan”.

 

PODEMOS-AHAL DUGU-ORAIN BAI talde parlamentarioaren bigarren ebazpena aho batez onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du genero ikuspegia berma dezan ingurumen, hirigintza, garraio eta etxebizitza arloetako politika eta plan guztietan, eta emakumeen premia espezifikoei erantzuteko neurri zehatzak gara ditzan.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Emakumeok Klimaren Alde adierazpenean jasotako gomendioak eta konpromisoak bere egin ditzan eta konpromisoen adierazpenaren buru izan dadin, 2018ko urriaren 16an Emakumeak eta Klima Aldaketa topaketan ezarri zen bezala, klimaren aldeko emakume aktiboen sarea dinamizatuz.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du landa-eremuan emakumeak lider izateko eta ezohiko sektore eta esparruetan emakume gehiago aritzeko laguntza sustatuko duten ekintzak taxutu ditzan; horrela arazo espezifikoei erantzunen die eta emakumeen presentzia indartuko du landa-eremuan”.

 

IZQUIERDA-EZKERRAREN BESTE BI EBAZPENAK ONETSI DIRA

 

IZQUIERDA-EZKERRA foru parlamentarien elkartearen lehenengo ebazpena (EH BILDU talde parlamentarioak aurkeztutako beste baten berdin-berdina) Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurrera jarrai dezan emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzea xede duten politikak garatzen gizarte, lan eta bateratze arloetan, eta kolektibo sozial eta sindikalek horretan parte har dezaten. Bereziki:

 

Sexuarengatiko laneko diskriminazio guztiak ezabatzeko politikak taxutu eta inplementatu behar dira, batez ere soldata arrakalari dagokionez.

 

Ugalketa eta zainketa eginkizunen banaketa justua eta erantzukidetasuna sustatzen dituzten neurrietan aurrera egin behar da.

 

Lan arloko berdintasuna eta familia, bizitza pertsonala eta lana bateratzea bermatzeko klausulak dituzten esparru-hitzarmenak sustatu behar dira. Horretarako, ez dira erregistratuko sexuaren araberako elementu diskriminatzaileak dituzten hitzarmenak.

 

Berdintasun planen ezarpena sustatu behar da Nafarroako enpresetan eta Nafarroako administrazio publikoetan, bai legez araudi hori betetzera behartuta daudenetan, bai behartuta ez daudenetan.

 

Berdintasun printzipioa aplikatu behar da Garapen Ekonomikorako Departamentuak sustatzen dituen plan eta programetan; bereziki, Nafarroako espezializazio adimentsurako S3 estrategiaren garapenean.

 

Etxeko langileak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta lan arloko legeria arruntaren bidez (LE) arautzea sustatu behar da.

 

Berdintasunari buruzko Legea betetzen den jakiteko ikuskapen jarduera eta zehapen jarduera areagotu behar dira.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du indarrik gabe utz ditzan Lan-merkatua erreformatzeko presako neurriei buruzko ekainaren 16ko 10/2010 Errege Lege Dekretuaren bidez onetsitako lan erreforma, batetik, eta hasiera batean 2012ko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuak onetsi zuen lan-erreforma, bestetik, zeina, Diputatuen Kongresuak dekretu hori baliozkotu eta gero, uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bidez onetsi baitzen”.

 

IZQUIERDA-EZKERRA foru parlamentarien elkartearen bigarren ebazpena Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak erabakitzen du:

 

Emakumeenganako indarkeria ezabatzea helburu duten legeei aurka egiten dieten jarrera politikoen aurrean egonezina eta arbuioa agertzea.

 

Adieraztea Nafarroako talde politikoek honako konpromiso hau hartzearen alde dagoela: ez egitea ez akordiorik ez gobernurik emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko abian jarritako legeen kontra egiten duten alderdiekin”.

 

PSN-REN BOST EBAZPENAK ONETSI DIRA

 

PSNren lehenengo ebazpena UPN, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, PPNren abstentzioarekin eta Geroa Bai eta EH Bilduren aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berdintasunaren arloko politikak maila politiko eta instituzional gorenean jar ditzan, Berdintasunerako Institutua Lehendakaritza Departamentuan kokatuz eta behar dituen baliabide tekniko eta ekonomikoak emanez, egungo gizartea eraldatu behar duten politika handinahiak, zeharkakoak eta eraginkorrak garatu ahal izateko.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du konpromiso irmo eta sendoa har dezan, aurrekontu egokien bitartez, berdintasunerako politikak zeharkako eta egiturazko politika egokietan gauzatzeko. Politika horien bidez berdintasun egiazkoa eta eraginkorra eta indarkeria matxistarik gabeko gizartea lortu behar dira.

 

Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du posizionamendu politikoak hartzea edo akordio esplizitu zein inplizituak egitea diskurtso misoginoa edo matxista sustatzen duten taldeekin, emakumeen eskubideetan atzera egin nahi dutenekin, emakumeak indarkeria matxistatik babesteko eta hark eragiten duen drama soziala eta biktimek jasaten dituzten ondorioak ekiditeko neurriak kendu edo moteltzearen alde daudenekin. Arbuiatu egiten ditu diskurtso LGTBIfobikoa sustatzen duten posizionamenduak, diskriminazioa eragiten dutenak, sexu identitate desberdinak eta sexualitatea bizitzeko modu desberdinak ezkutatzera bultzatzen dutenak”.

 

PSNren bigarren ebazpena EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du SKOLAE programaren edukiak eta helburuak nahitaezko gisa ezar ditzan funts publikoekin mantentzen diren ikastetxe guztietan. Hezkuntza Departamentuak programa hori ezarriko du foru curriculumaren barruan, prestakuntza eta materialak gainbegiratuko ditu Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren bidez, eta gaiari buruzko informazio publikoa emanen du. Gainera, prestakuntzarako behar diren baliabideak eta prestakuntzarako ezarritako denborak planifikatu eta antolatuko ditu”.

 

PSNren hirugarren ebazpena aho batez onetsi da. Honako hau dio:

 

“1- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurrekontuan indartu egin ditzan 14/2015 Foru Legea betetzea helburu duten partidak, eta haren garapenaren jarraipen eta ebaluaziorako esparru eraginkorra ezar dezan. Horretan parte hartu behar dute emakumeen elkarteek, gaur egun arloan ari diren entitateek eta, halaber, biktima diren emakumeentzako eta haien seme-alabentzako laguntza, suspertze eta prebentzio zerbitzuetako langile edo arduradunek.

 

2- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 14/2015 Foru Legea bere osoan aplikatzea susta dezan. Zehazki, honako hau susta dezan:

 

Prestakuntza plan sakona egitea, indarkeria matxisten arloan zuzenean edo zeharka jarduten duten langile guztien prestakuntza bermatuko duena.

 

Sexu indarkerien aurkako berariazko zerbitzua martxan jartzea, legeak ezartzen duen bezala.

 

Gizarte Zerbitzuen Zorroa aldatzea, biktimen heterogeneotasuna, batez ere biktima kalteberenena, aintzat hartuko duten baliabide berriak sartzeko.

 

Foruzaingoaren laguntza espezializatua hedatzea, Nafarroako zona guztietan jaso ahal izan dadin urteko 365 egunetan eta 24 orduetan”.

 

PSNren laugarren ebazpena aho batez onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakumeen eta gizonen artean dagoen soldata eta lan arrakala ezaba dezan, politika egoki bat garatuz, neurri zehatzak bilduko dituena, arrakalaren zergatien azterketa estatistikorako sistema bat abian jarriko duena eta egungo desberdintasuna zuzenduko duena.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakumeen eta gizonen arteko soldata desberdintasunak kontrolatzeko mekanismoak ezar ditzan gure komunitateko administrazio publikoetan. Horrela detektatu ahalko da, eta zuzendu, zer dela eta, arlo horretako berdintasun teorikoa gorabehera, emakumeek funtzionarioen eskalako beheragoko postuetan amaitzen duten beren lanbide karrera —eta denbora gutxiagoz kotizatuta, gizarteak emakumeei egozten dizkien zereginen ondorioz—, eta zergatik izaten diren desberdintasunak maila beraren barruan soldata-osagarriak eskuratzeko garaian. Esparru horretako gutxieneko adierazleen artean ordainsari osoak baloratuko dira, eta ordainsari-talde bakoitzean datuak sexuka bereiziko dira.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du genero ikuspegia hobetzeko mekanismoak ezar ditzan enpleguari buruzko estatistiketan, sexu bereizketa hutsa gaindituz eta ordainsaririk gabe lan egindako denborari buruzko datuak ere jasoz, etxeko lanaren eta zainketen eragina ebaluatze aldera”.

 

PSNren bosgarren ebazpena Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren aurkako botoarekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 8/2017 Foru Legea betetzea helburu duten aurrekontuko partidak indartu ditzan eta lehenbailehen martxan jar ditzan LGTBI+ Berdintasunerako Organo Koordinatzailea eta Nafarroako LGTBI+ Kontseilua. Organo horiek jada eratuta egon behar lukete, foru lege horrek ezartzen duenaren arabera.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du dokumentazio administratiboa berma diezaien pertsona transexual edo transgeneroei, erregistro zibilean izena edo/eta sexuaren aipamena aldatzeko erregistro-zuzenketa egiten duten arte. Dokumentazio hori sentitutako sexuaren eta izenaren araberakoa izanen da, eta Foru Komunitatearen lurralde osoan erabili ahalko da.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du LGTBIfobia kasuetarako zehapen prozedura administratiboa ezarri eta aditzera eman dezan, 8/2017 Foru legeari jarraituz, eta ikuskapena areagotu dezan hezkuntzaren, lanaren eta osasunaren arloetan.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Kattalingune zerbitzua kokatzeko lokal egoki bat antola dezan”.

 

UPN-REN BOST PROPOSAMENETATIK HIRU ONETSI DIRA

 

UPNren lehenengo ebazpena aho batez onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakumeari eta enpleguari buruzko berariazko plan bat presta dezan, emakumeen kalitatezko enplegua sustatzeko eta laneko desberdintasunaren arrakala murrizteko proposamenak aztertu eta landuko dituena”.

 

UPNren hirugarren ebazpena aho batez onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak emakumeen eskubideak, askatasuna eta segurtasuna zalantzan jartzea berekin dakarren edozein akordio politiko arbuiatzen du, inplizitua nahiz esplizitua izan”.

 

UPNren laugarren ebazpena aho batez onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak errespetu osoa agertzen die pertsona guztien sexu joerei, genero adierazpenei eta sexu nahiz genero identitateei, esparru publikoetan zein pribatuetan”.

 

PPN-REN BOST PROPOSAMENETATIK HIRU ONETSI DIRA

 

PPNren bigarren ebazpena UPN, Geroa Bai, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du genero indarkeriaren aurkako borrokan jarrai dezan eta arlo guztietan gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna sustatzeko neurriak har ditzan”.

 

PPNren bosgarren ebazpena UPN, Geroa Bai, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen abstentzioarekin (5) eta EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen aurkako botoekin (2) onetsi da. Honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak pertsonen askotarikotasun sexual eta afektiboaren erabateko errespetua agertzen du, eta adierazten du prest dagoela eskubideak bermatzeko eta askotarikotasun horrengatik gerta daitezkeen diskriminazioak eragozteko”.