Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 9

Foru Gobernuak lehentasuna emango dio errepide sarearen egoera hobetzeari, garraioari buruzko Europako araudia jarraituz

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinak ihardesten duen EBk “errepideen finantzaketa eta arauak ezar ditzakeela baina ez duela inor bidesariak jartzera behartzen”

Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Cirizak baieztatu du Foru Komunitateak garraioari dagokionean “Europa eta Espainiarekin bat egiten duela, ezin da bestela izan”, eta azpimarratu du Gobernuaren lehentasuna “errepideen egoera hobetzea eta errepide sarea erabiltzen duten pertsonen segurtasuna bermatzea” dela.

 

Kontrolerako Osoko Bilkuran Navarra Sumaren interpelazio bati erantzunez, Cirizak azpimarratu du garraio kontuetan “Europari kasorik ez egiteak” egun Belaten eta Almandozen “bizi dugun egoeretara” eramango gintuzkeela, hau da, “isunak ordaintzera”.

 

Hala, adierazi du “Europak ezartzen duen bete beharreko ibilbide-orria izanen dela Nafarroaren ibilbide-orria, jarrera arduradun eta zuhur baten seinale”.

 

Bidesarien inguruko eztabaidan Cirizak azpimarratu du “gure Komunitatean jorratu beharreko eztabaida bat dela, ikuspegi zabalago batetik”. Honela, “adostasun politikoa” eskatu du kontseilariak “errepideen azpiegiturei eta obra publikoei dagokionean beharrezko finantzaketa bermatzeko”.

 

Nafarroako errepideen egoera “hobegarria” dela azpimarratu ostean, Cirizak Navarra Sumari leporatu dio “bidesarien inguruko eztabaida bat sortu nahi izana”, departamentuak “errepideen inguruko lanerako mahai bat sortzeko alderdiak deitu dituen bitartean”.

 

“Bertan landuko da Europak dioenari nola aurre egingo diogun, eta batu zaitezten eskatzen dizuegu”, helarazi dio kontseilariak Navarra Sumari. “Mahai horretan denen artean hartuko ditugu erabakiak”.

 

Javier Garcíak (Navarra Suma) kontseilariari leporatu dio “bidesarien inguruan ezer esan ez izana”. “Eztabaida lanerako mahaian egoteaz gain, Parlamentuan ere landu behar da gai hau”, adierazi du Navarra Sumaren ordezkariak, eta kontseilariari eskatu dio “behingoz erantzun dezan AP-15aren erabilera doakoa izanen den ala ez”.

 

Garcíak era berean Cirizari eskatu dio argi dezan “bidesariak jarriko dituen ala ez, Madrilen PSOEk esan bezala. Europak errepideen finantzaketa eta arauak ezar ditzake baina ez du inor bidesariak jartzera behartzen”.

 

Jorge Aguirrek (PSN) Europarekin bat egiteko beharra defendatu du eta adierazi du “bidesariak bere horretan ez direla ez onak ez txarrak, baizik eta hauei buruz egiten diren politikak”.

 

Pablo Azcona (Geroa Bai) kritikoa izan da zergen murrizketaren beharra defendatzen duen Navarra Sumaren teoriarekin, bere ustez bateraezina baita bidesarien doakotasun eskaerarekin.

 

Maiorga Ramírezek (EH Bildu), Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simónek, bestalde, bidesarien “historikoari” buruz hitz egin dute arduraduna PP alderdia dela ihardesteko (egun Navarra Sumaren barnean). Hiru eledunek esan dutenez, “egoera hau aldatu beharra dago baina horretarako dirua gastatu behar da”.