Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Maiatzak 31

Euskararen Legea aldatzeko Foru Lege proposamenari buruzko irizpena onetsi da

Eremu mistoan 44 udalerri gehiago sartzen dira, toki entitateei ahalmena ematen zaie euskararen erabilera arautzeko edo sustatzeko, eta vascuence hitzaren ordez euskera hitza erabiltzen da

Foru Araubideko Batzordeak Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeko 5.1.b) artikulua aldatzeko Lege proposamenari buruzko irizpena onetsi du gaur. Proposamen horren bidez eremu mistoa beste 44 udalerritara hedatzen da, guztira 98 herri biltzeraino, eta Atetz eremu euskaldunera aldatzen da.

 

Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako lege proposamenak planteatzen du “eremu mistoan sartzea gaur egun eremu ez euskaldunean dauden 44 udalerri”, hartara “araua errealitate soziolinguistikoak izan duen bilakaerara egokitzeko, dagoen eskari sozialari erantzunez; izan ere, udalerri horietako udalbatzek eskari horren isla diren zenbait erabaki onetsi dute”.

 

Zehazki, Atetz eremu euskaldunean sartzeaz gain, testuak proposatzen du honako udalerri hauek eremu mistoari gehitzea (izenak udalerri bakoitzaren deitura ofizialera egokituko dira): Abaigar, Adios, Allin, Ameskoabarrena, Antzin, Añorbe, Aranaratxe, Arellano, Artazu, Bargota, Beriain, Biurrun-Olkotz, Cabredo, Deikaztelu, Eneritz, Erriberri, Eulate, Galoze, Garinoain, Itzagaondoa, Larragoa, Leotz, Lerga, Longida, Mendigorria, Metauten, Mirafuentes, Murieta, Nazar, Obanos, Oibar, Oteitza, Puiu, Tafalla, Tebas, Tirapu, Untzue, Urraulbeiti, Urrotz-Hiria, Uxue, Villatuerta, Zangoza, Zirauki eta Zuñiga.

 

Gainera, Noain-Elortzibarko udalerria ere eremu mistoan “automatikoki” sartzea aurreikusten da, “baldin eta toki korporazio horretako udalbatzak gehiengo osoz hartzen badu erabakia”.

 

Bestalde, toki entitateei eskumena aitortzen zaie beren barrutietan “euskararen erabilera arautu eta sustatzeko ordenantzak onesteko, edozein hizkuntza eremutan egonda ere”. Azken aurreikuspen hori zuzenketa baten bidez erantsi da, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek eskatuta, “legearen interpretazio murriztailea saihesteko”. UPN, PSN eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Era berean Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren proposamenez (UPN eta PPNk onartu ez duten aldatze-zuzenketa baten bidez) erabaki da “vascuence” hitzaren ordez “euskera” hitza erabiltzea, eta, horrenbestez, legearen izena ere aldatu egin da.

 

Ildo horretan argudiatzen da hitz hori erabiltzen duela Euskaltzaindiak, 18/1986 Foru Legearen arabera aholku-organo ofiziala denak, eta RAEren hiztegian ere termino hori jaso dela. Europako Kontseiluak eta Erregioetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren ebaluazio-txostenak egiten dituen aditu taldeak ere “euskera” hitza erabiltzen dute; hain zuzen ere “El euskera en Navarra” du izenburua Nafarroari buruz egindako azterlanak.

 

Eremu mistotik Zizurren aipamena kentzea proposatu du UPNk, Zizurko Udalak maiatzaren 10ean eremu ez euskaldunera aldatzeko eskatzea erabaki duelako eta udal horretako gehiengoa “kontrakoa erabaki duten beste udal batzuetakoak bezain baliozkoa delako”. PPNk bakarrik babestuta, zuzenketa hori baztertu egin da. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek aurka bozkatu dute.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak artikulu bakarra kentzea proposatu du. Beraren iritziz, Euskararen Legeak “30 urtean normaltasunez funtzionatu du” eta ez da bidezkoa Nafarroa osoa ukitzen duen arau bat aldatzeko aukera udalen esku uztea, udaletako gehiengoak aldakorrak baitira. UPNren eta PSNren babesa ez da aski izan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek proposamenaren aurka egin dutelako.

 

Zioen azalpenean gogora ekartzen da legea 2010eko otsailaren 18an aldatu zela azkenekoz. Orduan, Parlamentuaren Osoko Bilkurak eremu mistoa Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noain-Elortzibarrera hedatzeko aukera onetsi zuen, UPNk kontrako botoa emanda, eta lau udalerri horietatik azkenak bakarrik egin zion uko, udalbatzak hala erabakita (gehiengo osoz onartu behar zen).

 

Bestalde, Javier Enériz Arartekoaren balorazioa jaso da, eremu mistoa handitzeak “euskararen aitorpenari eta babes bereziari eta hizkuntza autoktono hori berriro gara dadin sustatzeko helburuari ere erantzuten diela” berresteko. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek zuzenketa horren alde bozkatu dute, UPNk aurka bozkatu du eta PSN abstenitu egin da (PPN ez da egon).

 

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Legeko 5.1.b) artikulua aldatzeko Lege proposamenaren artikulu bakarrak hau dio:

 

«b) Eremu mistoa, ondoko udalerriek osatua: Abaigar, Abartzuza, Adios, Agoitz, Allin, Ameskoabarrena, Antsoain, Antzin, Añorbe, Aranaratxe, Aranguren, Arellano, Artazu, Artzibar, Atarrabia, Barañain, Bargota, Beraskoain, Beriain, Berriobeiti, Berriozar, Bidankoze, Bidaurreta, Biurrun-Olkotz, Burgi, Burlata, Cabredo, Deierri, Deikaztelu, Eguesibar, Eneritz, Erriberri, Erronkari, Espartza, Etxarri, Etxauri, Eulate, Ezkabarte, Ezkaroze, Galar, Galoze, Gares, Garde, Garinoain, Gesalatz, Goñi, Gorza, Iruña, Itza, Itzagaondoa, Itzaltzu, Izaba, Jaitz, Jaurrieta, Larragoa, Leotz, Lerga, Lezaun, Lizarra, Lizoain, Longida, Mendigorria, Metauten, Mirafuentes, Murieta, Nazar, Obanos, Odieta, Oibar, Olaibar, Oltza, Ollo, Orkoien, Orontze, Orotz-Betelu, Oteitza, Otsagabia, Puiu, Sartze, Tafalla, Tebas, Tirapu, Txulapain, Uharte, Untzue, Urraulbeiti, Urrotz-Hiria, Urzainki, Uxue, Uztarroze, Villatuerta, Zabaltza, Zangoza, Zirauki, Ziritza, Zizur, Zizur Nagusia eta Zuñiga.

 

Eremu misto hori automatikoki hedatu ahalko da Noain-Elortzibarko udalera, baldin eta toki korporazio horretako udalbatzak gehiengo osoz hartzen badu erabakia. Erabakiak eragingarritasun osoa izan dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da».

 

Foru Araubideko Batzordean irizpena onetsi ondoren, Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeko 5.1.b) artikulua aldatzen duen Foru Lege proposamena Osoko Bilkuran aurkeztuko da, behin betiko eztabaidatu eta bozkatzeko.

 

Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa) aritu da bilkuraren buru, eta bertan izan dira Carlos García Adanero, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Iñaki Iriarte, Óscar Arizcuren (UPN talde parlamentarioa), Unai Hualde, Koldo Martínez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Dabid Anaut, Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa), Laura Pérez, Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Inma Jurío, Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta José Miguel Nuin (I-Eko foru parlamentarien elkartea).