Noiz argitaratua Osteguna, 2007.eko Urriak 25

Europar batasuneko 59 eskualdetako parlamentuetako ordezkariak bildu ziren CALRE-Europako eskualdeetako legebiltzarren konferentziak eginiko XI. Batzarrean

Europako eskualdeetako legebiltzarretako lehendakarien XI. batzarra (CALRE) Berlinen egin da, urriaren 21 eta 22an, Baden-Württemberg-eko Parlamentuak antolatuta. Batzar horretan ordezkatuta egon dira Belgika, Alemania, Espainia, Italia, Austria, Portugal eta Erresuma Batuko berrogeita hemeretzi legebiltzar.

Nafarroako Parlamentuaren izenean, lehen lehendakariorde Javier Marcotegui Ros jauna eta legelari nagusi Pablo Díez Lago jauna izan dira batzarrean.

Konferentziak amaierako adierazpen bat onetsi zuen, eta bertan berariaz gorazarre egiten zaio Europar Batasuneko estatu kideek joan den urriaren 19an erreforma-hitzarmen baterako sinatu zuten akordioari. Hain zuzen ere, erreforma-hitzarmen horrek Europar Batasunaren oinarri bateratua eraberritu behar du, Europako Parlamenturako 2009ko hauteskundeetara bitartean, betiere Europako Konstituzioaren muina hein handian zainduz.

Aurrekoa gorabehera, CALREko kideek, Berlineko adierazpenean, beren atsekabea agertzen dute Europar Batasunaren egintza juridikoei izendapen ulergarririk eman ez izateagatik, eta hitzarmenetako zenbait xedapen garrantzitsu praktikara eramateari dagokionez estatu kide batzuei baimentzen zaizkien salbuespenengatik, horren ondorioz Europar Batasunaren kohesioa ahuldu baitaiteke.

Bestetik, ordea, Berlineko adierazpenak goraipatu egiten du erreforma-hitzarmenak aurrerapauso handiak jasotzea eskualdeentzat, autonomia erkidegoentzat eta udaletako lurralde korporazioentzat.

Halaber, adierazpen horretan, lehendakariek ahalegin bat egiteko konpromisoa agertzen dute, erreformarako bultzadak, legitimazio demokratikoaz gain, Europar Batasuneko parlamentuen errealitatea ere indartu dezan, hala nazioen nola eskualdeen esparruetan. Horretarako, zeinek bere nazioko parlamentuarekin lankidetza-modu berriak praktikara eramango dituela agindu dute, subsidiariotasun-printzipioa hobeto aplikatzeari dagokionez ere.

Hori guztia dela-eta, lehendakariek beren gertutasuna azaltzen dute Europako erakunde eta organoekin lankidetzan aritzeko, Europan demokrazia indartze aldera; batez ere, honako erakunde hauekin: Europako Parlamentua, Europako Batzordea, Eskualdeetako Lantaldea, Europako Erkidegoko Gaietan Espezializatutako Organoen Biltzarra eta Europako Kontseilua. 2009an Europako Parlamenturako egitekoak diren hauteskundeei dagokienez, lehendakariek ahaleginik handiena eginen dute beren parlamentuek baterako ekintzak eta ekitaldiak egin ditzaten Europan dituzten diputatuekin, hauteskunde horiek daukaten garrantzia herritarrei ikusarazteko.

Horrez gain, CALREren XI. konferentzian parte hartu dutenek bi adierazpen onetsi dituzte, bata "Zerga-federalismoari" buruzkoa (horren bidez, finantza-autonomia lortu nahi da legegintzako eta administrazio-arloko eskumenak dituzten eskualdeentzat), eta bestea, "Eskualde-demokraziaren gutuna" idaztearen aldekoa, helburu gisa duena Europaren batasuna erdiestea, behetik goranzko egiturarekin, herritarrarekiko hurbiltasunaren eta subsidiariotasunaren printzipioei jarraituz, toki- nahiz eskualde-esparruetan egitura demokratiko sendoak eraikitzeko. Hirugarren adierazpen bat ere onetsi zuten, klima-aldaketari buruzkoa, eta horretan, besteak beste, lehentasunezko helburu gisa adierazten da Europako eskualdeetako herritarrei ikusaraztea zer-nolako garrantzia duen guztiok elkarrekin lan egiteak, klima-aldaketa gerarazteko soluzioak bilatu eta abian jartzeko.