Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Urtarrilak 21

Esku-hartze Sozialeko Entitateen Nafarroako Elkarteari harrera egin dio Unai Hualdek

Sektorearen lan baldintzak hobetzea eta arautzea lehenetsi behar da ANEISen ustetan, kontratu eta hitzarmenetan 2010etik bere horretan dirauen "KPIa desblokeatuz"

Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak Esku-hartze Sozialeko Entitateen Nafarroako Elkarteko lehendakari den Idoia Urzainquiri harrera egin dio gaur, baita honekin batera etorri diren Elena Vizcay idazkariari, Álvaro García abokatuari eta Carlos Resano eta Javier Esteban idazkariei ere.

 

Idoia Urzainquik “Esku-hartze Sozialaren sektorean lan baldintzak arautzeko eta hobetzeko” beharra helarazi dio Lehendakariari, “kalitatezko zerbitzu publikoen eskaintza bermatu ahal izateko”.

 

Ildo horretan, eta “2017ko urriaren 19an aho batez onetsitako ebazpenari jarraiki”, Elkarteak “urritik negoziazio prozesuan dagoen hitzarmena aurrera eraman ahal izateko aurrekontu igoera” eskatu du, izan ere, “programa eta proiektuak %100ean Nafarroako Gobernuarekin eginiko hitzarmen edo kontratuen bidez finantzatzen baitira, eta 2010etik KPIa bere horretan gelditu da”.

 

Unai Hualdek elkartearen azalpenak eskertu eta interes orokorreko esparru “garrantzitsu eta konplexu” honetan egiten duten lana aitortu du. Gaur goizean Eskubide Sozialetako Batzordeak onetsi duen ebazpenaren inguruko informazioa helarazi die, zeinak Nafarroako Gobernuaren parte-hartzea bermatzen duen Hitzarmen autonomikoaren negoziazio mahaian. https://www.parlamentodenavarra.es/eu/komunikazio/nafarroako-gobernua-premiatzen-da-gizarte-erakunde-eta-eragileekin-jorra-dezan-2091991

 

Hualdek elkarteari parlamentuan agerraldia egiteko gonbitea luzatu dio, “Legebiltzarrean ordezkaritza duten indarrei beren egoera azaltzeko”.

 

Esku-hartze Sozialeko Entitateen Nafarroako Elkarteak irabazi asmorik gabeko zortzi erakunde biltzen ditu, gizarte bazterketa arriskuan edo babesgabe dauden pertsonen arretarako baliabide eta zerbitzuak eskaini eta kudeatzen dituztenak, adin txikikoak edo genero indarkeriaren biktimak barne. 1.000 langile inguru barne hartzen ditu elkarteak, administrazio publikoen 90 zerbitzu eta programetan lan egiten dutenak.

 

Esku-hartze Sozialeko Entitateen Nafarroako Elkartea osatzen duten erakundeak dira: Nuevo Futuro, Asociación Navarra Sin Fronteras, Ilundain Haritz Berri Fundazioa, Fundación Secretariado Gitano, Xilema Fundazioa, Kamira Gizarte Ekimeneko Kooperatiba , Munduko Medikuak eta Pauma.