Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Otsailak 11

Elhuyarrek bere itzultzaile automatikoa aurkeztu dio Parlamentuko lehendakariari

Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritua, Elhuyarrek gizartearen esku jarri duen tresna da

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek harrera egin dio gaur, Legebiltzarraren egoitzan, Elhuyarren ordezkaritza bati, zeina honakoek osatu baitute: Jon Abril Zuzendari Nagusia, Josu Aztiria Hizkuntza eta Teknologia unitateko arduraduna eta Amaia Jauregi itzultzailea.eus proiektuaren arduraduna. Mikel Iriarte Parlamentuko itzultzailea ere bilkuran egon da.

 

Jon Abrilek azaldu duenaren arabera, itzultzailea.eus itzultzaile automatikoa aurkezteko helburuarekin egin da bilkura, izan ere, “itzulpen-teknologia aurreratuenak erabiliz, Elhuyarrek gizartearen esku jarri du bere itzultzaile automatikoa, adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritua”.

 

Elhuyarrek haratutako itzultzaileak “sei hizkuntza ezagutzen ditu (euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana eta galegoa) eta bezeroen beharretara egokitutako zerbitzuak eskaintzea ahalbidetzen du”.

 

Ildo horretan, Elhuyarren ordezkarien ustez “Nafarroako Parlamentua bezalako erakunde batentzako tresna garrantzitsu eta erabilgarria izan daiteke, segundo gutxitan askotariko formatuak dituzten dokumentuak itzultzeko aukera ematen baitu, eta itzulpengintza zerbitzuaren lana erraztu lezake”.

 

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Kultura-elkarte gisa egin zituen lehen urratsak, eta 2002an fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Hainbat hizkuntza-baliabide sortu ditu, hala nola hiztegiak edo Xuxen zuzentzailea.