Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 14

Ebazpen bat onetsi da, Nafarroako Gobernua premiatzen duena sare publikoko ikastetxe guztiek beren patioetan estalgune bat izan dezaten bi urteko epean

Jolasteko, atseden hartzeko, aisialdirako, gorputz hezkuntzako klaseetarako eta eskolaz kanpoko jardueretarako erabiltzen diren espazioak direla oroitarazten da

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “plan bat taxutu dezan Hezkuntza Departamentuaren bidez, Nafarroako sare publikoko ikastetxe guztiek bi urteko epean estalgune bat izan dezaten beren patioetan”.

 

Horrez gain, talde guztien eskaerari jarraiki, bigarren atalean zehazten denez “teilatu-berritzea autokontsumo-gailuak instalatzeko aprobetxatuko da ahal den neurrian, halatan Foru Komunitate osora hedatzearren Iruñeko Udalak 2018an hasitako Ikastetxe Fotovoltaikoen Sarea, hartara bat eginez Doña Mayor de Navarra eta Bernat Etxepare ikastetxe publikoek eta Nafarroako Liburutegi Publikoak osaturiko multzoarekin”.

 

Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mixtoak sustatutako ebazpenak aipatzen du ikasleek patioak aisia-leku gisa erabiltzen dituztela, jolasteko eta atseden hartzeko, baita gorputz hezkuntzako klaseak eta bestelako eskola-jarduerak nahiz eskolaz kanpokoak hartzeko ere, eta oraindik ere “badaudela titulartasun publikoko zenbait ikastetxe beren patioetan aipatu estalperik ez daukatenak.