Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsailak 27

Despopulazioari buruzko Jardunaldiak eginen dira ostiral eta larunbat honetan Parlamentuan, Nafarroako Gobernuarekin eta NUKFekin batera antolatuta

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak, María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariak eta Juan Carlos Castillo Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko lehendakariak emanen diote hasiera jardunaldiei

Nafarroako Parlamentuak Despopulazioari buruzko Jardunaldiak egingo ditu ostiral eta larunbatean, hilaren 28an eta 29an. Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF) batera antolatu dira jardunaldiak, eta lurraldeen arteko desorekaren ondorioz sortutako arazoei aurre egiteko hamaika ponentzia daude.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, Nafarroako Gobernuko presidente María Chivitek eta NUKFeko lehendakari Juan Carlos Castillok emango diote hasiera jardunaldiari ostiral honetan, otsailaren 28arekin (Atalondoan, 9:15ean).

 

Hasiera eman ondoren, goizeko saioan (9:45) José Ramón García de Eulate eta Manuel Rodríguez izango dira. Foru Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Gizarte Errealitatearen Behatokiak egindako azterlanaren koordinatzaile diren aldetik, Nafarroako lurralde-desparekotasunen diagnostikoa azalduko dute; Arantxa Arreguik (Lursarea, Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Agentzia) Pirinioei buruzko Planaren gaineko azterlanari buruz hitz egingo du; Mikel Valero, Iker Eizaguirre (Hiritik-AT), Raquel Campillo eta Javier Espinosak (GAP baliabideak), Despopulazioari Buruzko Azterketa aztertuko dute: Lizarrako Montejurra azpieskualdean eta Zangozako eta Erdialdeko eskualdeetan biztanleria finkatzen lagunduko duten ekintza-ildoak, proiektu eta baliabideak identifikatuz. Moderatzailea Jesús Mari Rodríguez izanen da, Toki Administrazioko eta Despopulazioaren zuzendari nagusia.

 

Ordu erdiko etenaldiaren ondoren (12:00) eta esperientzien atalaren barruan, Europa eta herri mailako zenbait lan erakutsiko dira. Isidro Lasok, Europako Batzordeko European Innovation Council (EIC) erakundeko Berrikuntza Ekosistemen zuzendariordeak, Irlandari buruzko proiektu bat aurkeztuko du; Joaquín Alcalde El Hueco coworking-kooperatibako zuzendariak Soriako lurretako despopulazioaren aurkako proiektua aurkeztuko du; eta Charo Apesteguía Irantzuko Lurrak Elkarte Turistikoko gerenteak gauza bera eginen du. Moderatzailea Izaskun Abril izanen da, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia.

 

Arratsaldean (16:30), Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ignacio Molina de la Torrek, Espainiako Gobernuko Erronka Demografikorako Idazkaritza Nagusiaren Ikuspegia azalduko du; Judit Florez, FEMPko Zerbitzu Juridikoen eta Lurralde Koordinazioaren zuzendari nagusiak, Tokiko Gobernuak despopulazioaren aitzinean hitzaldia eskainiko du; Jaime Izquierdo, Asturiasko Gobernuko Erronka Demografikorako komisarioak Landa-eremuak birkolonizatzeko proposamenak azalduko ditu. Amaitzeko, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, eta Isabel Elizalde Eusko Ikaskuntzako “Lurralde Oreka” talde zientifikoko kideak hitzaldia eskainiko dute: XXI. mendeko landa-eremuaren kontakizuna eraikitzen. Moderatzailea Berta Enrique izango da, NUKFko idazkari nagusia.

 

Larunbateko saioa (10:00) jardunaldian parte hartu dutenei ahotsa ematera bideratuko da. Parte-hartzea Banda Zabalari eta Tekonologiei, Zerbitzu eta Azpiegiturei, Jarduera Ekonomikoari eta Berdintasunari buruzko tailerren bidez bideratuko da. Juan Jesús Echaide, NUKFko teknikaria izanen da moderatzailea.

 

12:00etan, etenaldi baten ondoren, Osoko Bilkura egingo da ondorioak ateratzeko, eta ondoren, Juan Carlos Castillo NUKFeko lehendakariak Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiarekin batera itxiko du jardunaldia.