Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Otsailak 21

Despopulazioari buruzko Jardunaldiak antolatu ditu Parlamentuak Nafarroako Gobernuarekin eta NUKFekin batera datorren otsailaren 28 eta 29rako

Diagnostikoak aztertu, praktika desberdinak ezagutu eta ekarpenak jasotzera bideratutako jardunaldi hauetan parte hartzeko deia luzatu du Unai Hualdek

Nafarroako Parlamentuak Despopulazioari buruzko Jardunaldiak egingo ditu ostiral eta larunbatean, hilaren 28an eta 29an. Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin (NUKF) batera antolatu da, eta lurraldeen arteko desorekaren ondorioz sortutako arazoei aurre egiteko hamaika ponentzia daude.

 

Unai Hualdek aurreratu duenez, urtero egin nahi diren jardunaldien xedea da “Nafarroako zenbait eskualdetan gertatzen diren despopulazio arazoei konponbideak ematea. Diagnostikoak aztertuko ditugu, praktika desberdinak ezagutu eta arazo honi aurre egiteko ekarpenak jaso nahi ditugu. Agenda politikoan leku berezia dauka afera honek, baita Estatu mailan ere, Coprepa berrian egiaztatu ahal izan genuen bezala”.

 

Esandakoaren harira, Foru Legebiltzarreko lehendakariak Nafarroa osoko alkateak, kontzejuetako lehendakariak eta eragile sozial eta ekonomikoak gonbidatu ditu jardunaldietan aktiboki parte hartzera. Jardunaldiotan “parte hartzen duten alderdi guztien iritzi eta esperientzietatik abiatuta proposamen zehatzak ateratzea” da helburua. “Ez gara hutsetik abiatzen, baina hausnarketa orokorra egiteko unea da, Parlamentutik, Nafarroako Gobernutik eta NUKFtik lan egin ahal izateko”.

 

Unai Hualdek, bukatzeko, nabarmendu du garrantzitsua dela bateratze-lana; izan ere, lurralde-desberdintasuna aztertu ondoren eta estatu, Europa eta herri mailako zenbait ekintza-plan ezagutu ondoren, larunbatean ondorioak aterako dituzte. “Balorazioak egiteaz gain, lan egiteko ordua da, gure herrien egunerokotasunerako konponbideak bilatzen saiatu”.

 

Bernardo Ciriza Lurralde Kohesioko kontseilariak despopulazioaz hitz egin du, erronka orokor gisa, zeharkakoa eta gizarte osoan eragina duena. “Ez Nafarroak, ez Estatuak, ez Europak ezin dute hirigune handietarantz exodorik onartu, horrek herri eta kontzejuak alde batera uztea ekarriko bailuke eta neurri handi batean, hauek dira gure ekosistema eta habitat naturalak babesten dituztenak”.

 

Hala, Foru Komunitatearen “lehentasuna” den erronka demografikoari ekiteko “erakundeen arteko interesa eta ahalegina” eskertu ondoren, Cirizak adierazi du jardunaldiek eztabaida aberasteko eta “pentsamolde-aldaketa” eragiteko balioko dutela. “Ezin gara plan eta diagnostikoen azalpenean bakarrik geratu, beste autonomia-erkidego batzuen esperientziak eta arrakasta-adibideak partekatu behar ditugu, oinarri horren gainean lehentasunak ezartzeko”.

 

Juan Carlos Castillo FNMCko lehendakariak esan duenez, “politikak landa-ingurunera bideratzeko moduko konponbide-mekanismoak bilatu behar dira. Jardunaldi hauek abiapuntu izan daitezke, landa-eremuetan biztanleria finkatzeko erabakiak hartzen hastea da helburua. Nafarroako Udalek azken 10 urteetan izan duten bilakaerari buruzko azterlanek ohartarazten dute arazo poliedrikoa dela eta lehentasuna eman behar zaiola”.

 

Programari dagokionez, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek, Nafarroako Gobernuko presidente María Chivitek eta NUKFeko lehendakari Juan Carlos Castillok emango diote hasiera jardunaldiari (hilaren 28an, Erabilera Anitzeko Aretoan, 9:15ean).

 

Hasiera eman ondoren, goizeko saioan (9:45) José Ramón García de Eulate eta Manuel Rodríguez izango dira. Foru Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Gizarte Errealitatearen Behatokiak egindako azterlanaren koordinatzaile diren aldetik, Nafarroako lurralde-desparekotasunen diagnostikoa azalduko dute; Arantxa Arreguik (Lursarea, Lurraldearen eta Iraunkortasunaren Agentzia) Pirinioei buruzko Planaren gaineko azterlanari buruz hitz egingo du; Mikel Valero, Iker Eizaguirre (Hiritik-AT), Raquel Campillo eta Javier Espinosak (GAP baliabideak), Despopulazioari Buruzko Azterketa aztertuko dute: Lizarrako Montejurra azpieskualdean eta Zangozako eta Erdialdeko eskualdeetan biztanleria finkatzen lagunduko duten ekintza-ildoak, proiektu eta baliabideak identifikatuz. Moderatzailea Jesús Mari Rodríguez izanen da, Toki Administrazioko eta Despopulazioaren zuzendari nagusia.

 

Ordu erdiko etenaldiaren ondoren (12:00) eta esperientzien atalaren barruan, Europa eta herri mailako zenbait lan erakutsiko dira. Isidro Lasok, Europako Batzordeko European Innovation Council (EIC) erakundeko Berrikuntza Ekosistemen zuzendariordeak, Irlandari buruzko proiektu bat aurkeztuko du; Joaquín Alcalde El Hueco coworking-kooperatibako zuzendariak Soriako lurretako despopulazioaren aurkako proiektua aurkeztuko du; eta Charo Apesteguía Irantzuko Lurrak Elkarte Turistikoko gerenteak gauza bera eginen du. Moderatzailea Izaskun Abril izanen da, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusia.

 

Arratsaldean (16:30), Judit Florez, FEMPko Zerbitzu Juridikoen eta Lurralde Koordinazioaren zuzendari nagusiak, Tokiko Gobernuak despopulazioaren aitzinean hitzaldia eskainiko du; Jaime Izquierdo, Asturiasko Gobernuko Erronka Demografikorako komisarioak Landa-eremuak birkolonizatzeko proposamenak azalduko ditu; eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ignacio Molina de la Torrek, Espainiako Gobernuko Erronka Demografikorako Idazkaritza Nagusiaren Ikuspegia azalduko du. Amaitzeko, Iñaki Dorronsoro Eusko Ikaskuntzako lehendakariak, eta Isabel Elizalde Eusko Ikaskuntzako “Lurralde Oreka” talde zientifikoko kideak hitzaldia eskainiko dute: XXI. mendeko landa-eremuaren kontakizuna eraikitzen. Moderatzailea Berta Enrique izango da, NUKFko idazkari nagusia.

 

Larunbateko saioa (10:00) jardunaldian parte hartu dutenei ahotsa ematera bideratuko da. Parte-hartzea Banda Zabalari eta Tekonologiei, Zerbitzu eta Azpiegiturei, Jarduera Ekonomikoari eta Berdintasunari buruzko tailerren bidez bideratuko da.

 

12:00etan, etenaldi baten ondoren, Osoko Bilkura egingo da ondorioak ateratzeko, eta ondoren, José María Aierdi bigarren lehendakariordeak eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak Jesús María Rodríguez Toki Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari nagusiarekin batera itxiko du jardunaldia.