Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 21

Desgaitasuna duten Emakume eta Neskatoen III. Foro Soziala, Parlamentuan

Cermi Emakumeak Fundazioak Genero Indarkeriaren kontrako Estatu Itunean jaso diren neurri guztiak betetzeko eskatu du

CERMIN - Desgaitasunen bat duten pertsonen erakunde ordezkarien Nafarroako Batzordeak eta CERMI Emakumeak Fundazioak gaur ekitaldi bat egin dute Nafarroako Parlamentuan, Desgaitasuna duten Emakume eta Neskatoen III. Foro Sozialaren barnean. Gaur eta bihar foro hori egiten ari dira Iruñean, azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta.

 

Hala, legebiltzarraren egoitzako atarian elkartu dira talde eta elkarte parlamentarioetako hainbat kide, gizarte erakundeetako ordezkariak eta Desgaitasuna duten Emakume eta Neskatoen Foroko parte-hartzaileak.

 

Ezpelur taldeko dultzaineroek Nafarroako ereserkia jo eta aurreskua interpretatu ondoren, Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eman dio hasiera ekitaldiari. Foro sozialaren balioa goraipatu du, esanez “elkarrizketarako eta esperientzien trukerako gunea” dela, “horren beharra baitago bereizkeriazko egoerei erantzuna emateko”.

 

Lehendakariak oroitarazi du aurten 40 urte betetzen dituela Emakumeen aurkako Bereizkeria mota guztiak Ezabatzeko Konbentzioak, eta “hitzetatik ekintzetara” pasatzeko eskatu du Genero Indarkeriaren kontrako Estatu Itunari erreferentzia eginez. “Erakundeok gure esku dauden bitarteko guztiak jarri behar ditugu, bada garaia ituna aurrekontuz hornitzeko eta % 100ean betetzeko”, esan du.

 

Hualderen ustez “diagnostiko ona egin behar da ahulezia-egoera larrienei konponbidea eman ahal izateko”. Horregatik, CERMINi gonbita egin dio Parlamentura jo dezan “bere aldarrikapenak talde parlamentarioen bitartez bideratzeko” eta ekimen parlamentarioak sortu ahal izateko, “desgaitasuna duten neskato eta emakumeen egoera hobetzea eta berdintasunaren aldeko lanean aurrera egitea” helburu.

 

Ondoren, Mari Luz Sanz CERMINeko lehendakariak eta Concepción Díaz CERMI Emakumeak Fundazioko lehendakariak azaldu dute foro honek balioko duela “desgaitasuna duten emakumeen arteko lankidetza sarea ehuntzeko eta hartara guztien artean eta guztientzat mundu hobe bat egiteko”.

 

Foroa antolatu duten bi erakundeen ordezkariek Parlamentuari eskerrak eman dizkiote ekitaldia “nafarren etxean” antolatzeko aukera emateagatik, eta ordezkari publikoei ere eskertu egin diete desgaitasuna duten emakumeak ikusarazteko eta indarkeria matxistari amaiera emateko inplikazio eta konpromisoa.

 

Gero, Cermi Emakumeak Fundazioak Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Egunerako sinatu duen adierazpena irakurri dute Irati Sánchez, María Huarte, Inmaculada Unzue eta Olatz Navarrok. Idazki horretan salatzen den moduan, desgaitasuna duten emakumeek “edonolako genero-indarkeria pairatzen dute: indarkeria ekonomikoa, lanekoa, indarkeria instituzionala, indarkeria psikologikoa, fisikoa, sexuala, sinbolikoa…”.

 

Fundazioak ohartarazi du emakumeen kontrako indarkeria “egiturazkoa” dela, eta batez ere desgaitasuna duten emakumeak jotzen dituela gogorren. “Sexuaren eta desgaitasunaren arabera bereizitako datuak behar ditugu desgaitasuna duten emakumeen aurkako genero indarkeriaren prebalentzia jakiteko, baina ez dago halakorik”, salatu du.

 

Ildo horretan hainbat eskakizun azaldu dituzte. Besteak beste, emakumeen kontrako indarkeriaren kontzeptua zabaltzea, gaur egun aurreikusita ez dauden bestelako indarkeriak barne hartzeko; koordinazio-protokoloak bultzatzea indarkeria matxistari aurre egiten ari diren eragile nagusien artean; irisgarritasun unibertsala bermatzea toki guztietan; prestakuntza-ekintzak garatzea emakume biktimentzako arreta egokia bermatzeko; genero-indarkeriari buruzko erregistro ofizial guztietan desgaitasuna aintzat hartzen duen aldagaia sartzea; desgaitasuna duten emakumeen autonomia pertsonala sustatzeko politika aurrekontuz hornitzea; eta legez aitortzea desgaitasuna duten emakumeei —nahi dutenei— erabakiak hartzen laguntzeko eredua. Azken batean, Genero Indarkeriaren kontrako Estatu Itunean jaso diren neurri guztiak betetzeko eskatu du Cermi Emakumeak Fundazioak.

 

Adierazpena irakurri eta gero, adimen desgaitasuna duten Atena Fundazioko emakumeek Metamorphosis izeneko dantza interpretatu dute. Konposizio horrek mugimenduaren bidez irudikatzen du emakume bihurtzen ari den neskatoaren eraldaketaren funtsa, adimen desgaitasuna duten emakumeen kasuan gizarteak “hain alboratua eta gutxietsia duena”, eta gogoeta eragiten dio ikusleari.

 

Ekitaldia Desgaitasuna duten Emakume eta Neskatoen III. Foro Sozialaren barnean egin da. Foroa urte bakoitzean autonomia-erkidego batean egiten da eta aurten Iruñera etorri da. 2017. urtean sortu zen, eta desgaitasuna duten emakumeen egoeraren eta haien ahalduntzearen inguruan hitz egiteko eta esperientziak trukatzeko elkargunea izatea du helburu.

 

Azaroaren 25ean Emakumeen aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna ospatzen da eta horren bueltan egiten da foroa. Aurtengo leloa da “Dibertsitatean bat eginik”, desgaitasuna duten emakumeen identitatea zeharkatzen duten aldagaiak (etnia, arraza, adina…) landu nahi baitira (intersekzionalitatea).

 

CERMI Emakumeak Fundazioa irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta desgaitasuna duten emakume eta neskatoen giza eskubideak defendatzea du helburu nagusia. 2014. urtean sortu zen, biztanleriaren sektore horrek ere pairatzen duen genero-desberdintasunaren inguruan antolatutako gizarte zibilaren zati handi baten kezkak eraginda, eta bereizkeriazko egoerak sakonean ezagutzeko eta erantzunak antolatzeko premiak bultzatuta.

 

CERMIN - Desgaitasunen bat duten pertsonen erakunde ordezkarien Nafarroako Batzordea 2001. urtean sortu zen eta 14 entitatek osatzen dute. Hamalau bazkide horiek, guztira, desgaitasuna duten pertsonen Nafarroako 44 entitate biltzen dituzte. Haren helburuen artean hauek nabarmentzen dira: desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien eskubideak defendatzea; gizartea sentikortzea, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta diskriminazioaren aurkako borroka sustatuz; eta Nafarroako elkarte-mugimendua ordezkatzea.