Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Martxoak 27

COVID-19aren krisi sanitarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituzten bi Foru Lege-Dekretuak baliozkotzea onetsi da

Chivitek Nafarroan gaitzak eragindako heriotza-tasa baxuak osasun sistemaren indarra erakusten duela adierazi du, eta Legebiltzarraren babesa eskertu ondoren, “batasuna eta elkartasuna” eskatu du

Parlamentuko Osoko Bilkurak aho batez onetsi du gaur Martxoaren 18ko 1/2020 eta Martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretuak baliozkotzea, alegia, koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko neurriak indarrean jartzen dituztenak.

 

Bi foru lege-dekretuak foru lege proiektu gisa izapidetuko dira, presako prozeduraren bidez. Zenbait taldek eskatuta, eskaerak baiezkoarekin aurrera egin du.

 

Bilkura streaming bidez eskaini da, eta ez da kazetaririk bertaratu. 10 parlamentari bildu dira, Unai Hualde Lehendakaria, Inma Jurío lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta sei talde parlamentarioetako eledunak. Gainerakoek botoa eskuordetu dute, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin. María Chivite Nafarroako Gobernuko Lehendakariarekin batera Javier Remírez eta Jose Mari Aierdi lehendakariordeak bertan izan dira.

 

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, María Chivitek, COVID-19aren krisi santiarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituzten Foru Lege-Dekretuen defentsari hasiera emanez, adierazi du Nafarroan gaur 1.715 koronabirus kasu daudela, eta “populazio zaharrenetako bat izanik ere, Nafarroa estatuko batez bestekoaren oso azpitik dagoela heriotza-tasari dagokionez (%3,2, %7,2aren aurrean), horrek esan nahi du osasun sistema indartsua daukagula, baliabide eta profesional egokiekin”.

 

Hunkituta, Chivitek Gobernuaren Foru Lege-dekretuen babesa eskatzeko hartu du hitza, eta ildo horretan, adierazi du “zientziak esperantzari bide ematen" diola. “Nafarroako ospitaletan azken bost egunetan 118 alta erregistratu dira, kutsatutako pertsona gehienek aurrera jarraitzen dute”.

 

Chivitek defendatu du Nafarroako osasungintza publikoa bere “bikaintasuna” erakusten ari dela, “profesional bikainak ditugu eta sistema hobetzen jarraitu behar dugu harro egoteko moduko zerbitzu bat eskaintzen jarraitu ahal izateko”.

 

Lehendakariak adierazi duenez, “zainketa intentsiboetako unitatean (ZIU) 120 ohe dauzkagu, eta gaitasun hau %30 handi daiteke era azkarrean, sarearen barruan gaitasuna daukagu plazak handitzeko Ubarminen, San Miguelen, San Juan de Diosen eta Ospitalgunetik gertu dagoen eta egokitu egin den hotel batean. Horrez gain, nahiz eta segur aski ez den beharrezkoa izango, azken baliabide gisa kanpainako ospitale bat eraiki daiteke Refenan 400 oherekin”.

 

Horrez gain, Foru Gobernuak hogeita hamar bat hotel erabil ditzake Nafarroan koronabirusean positibo ematen duten osasun arloko profesionalak artatzeko edo hauen deskantsurako.

 

María Chivitek aurreratu duenez, “datuak ezagutzeko datorren astearen erdialdera arte itxoin beharko dugun arren, konfinamenduaren jarraipen altuaren eraginez positiboen kopuruan eta ospitaleratzeen kopuruan modulazio bat ikusiko dugu”.

 

Lehendakariak zaharren egoitzen egoera aipatu du, adieraziz “Nafarroan gauzak ongi egiten ari direla eta hemengo egoerak estatu mailan ikusten ari garenarekin zerikusirik ez duela”. Azpimarratu duenez, Nafarroako Gobernua Foru Komunitateko egoitza guztietan egon da eta erizaintza edo zaintza arloko langileria indartu du hala behar izan duten zentroetan.

 

Chivitek eskerrak eman dizkie “osasungintzako, egoitzetako, larrialdietako, anbulantzietako, elikadura arloko eta garraio-arloko profesionalei, bai eta pertsonei laguntzeko eta hornidura bermatzeko ahal duten guztia eta gehiago ematen ari diren hainbat zerbitzu eta enpresari ere. Egoera zail hauetan zuen profesionaltasuna, ausardia, konpromisoa eta dedikazioa eredugarriak dira, eta gizarte gisa begiratzeko ispilu izan behar du", berretsi du.

 

Era berean, lehendakariak eskerrak eman dizkie “laguntza eskaini duten GKE, enpresa eta norbanakoei. Beste behin ere Nafarroak eskuzabaltasunez eta elkartasunez erantzun du”, azpimarratu du.

 

Chivitek doluminak helarazi dizkie “gertukoren bat galdu duten familiei”, eta etxean edo ospitalean gaixotasuna pasatzen ari direnekin ere oroitu da.

 

Gobernuko Lehendakariak, bestalde, talde parlamentariei eta egoera honen aurrean “arraunean” ari diren erakundeei ere eskerrak eman dizkie. “Erronka handia dugu aurretik, eta momentu hauetan, inoiz baino gehiago, batasunez egin behar diogu aurre”.

 

María Chivitek ziurtatu du bere kabinetea “lehenengo momentutik erabakiak hartzen" ari dela, "Espainiako Gobernuarekin, gainerako Erkidegoekin, udalekin eta gizartearekin batera, presako gauzei aurre egiteko erabakiak eta alarma egoeraren ondorengo eszenatokia argitzen saiatzeko”.

 

Lehendakariak onartu du “nabaria dela Gobernuaren neurriek izanen duten eragina”, bai gastu publikoaren hazkundean, bai diru-bilketaren murrizketan. Horri dagokionez, adierazi duenez, "ahalegin ekonomiko guztiek gaur egungo beharren eskura egon behar dute, baina egoera sozial eta ekonomiko bat erein behar da, izan ere, zailtasunak alde batera utzi gabe, orain ahalik eta babestuen egon dadin saiatu behar gara, gero hobetu eta indartu ahal izateko".

 

Honela, talde parlamentarioei eskatu die “Nafarroagatik batera lan egin dezaten, ongizate komuna lehenetsiz”.

 

Azkenik, herritarrei eskerrak eman dizkie “indarragatik, pazientziagatik, elkartasunagatik eta eredu izateagatik. Egin dezagun ahalegin bat gehiago alarma egoera honi aurrera egiteko, eta ondoren, jarrai dezagun etorkizunarekin konprometituta. Momentu zailak gainditzeko daukagun gaitasuna erakutsiko dugu eta Gobernua eta administrazioak lehen lerroan egongo garen arren, zuekin batera egingo dugu”, amaitu du.

 

Javier Esparzak (Navarra Suma) Chivitek “alderdien batasunerako” egin duen deia elkarbanatu du, eta adierazi du bere taldeak, “erantzukizun instituzionalagatik”, dekretuak babestuko dituela. “Proposamenak aurkeztuko ditugu eta prest gaude ahal dugun guztian laguntzeko”, adierazi du.

 

Halaber, Javier Esparzak baieztatu duenez, "honelako osasun-krisi bati aurre egiteko, ezinbestekoa da aurrea hartzea eta errealitatea egiazki deskribatzea. Denbora izango dugu, behar izanez gero, erantzukizunak eskatzeko, ez dut orain eskatuko, baina Gobernuko lehendakariari eskatuko diot autokonplazentea ez izateko, ez baitugu arrazoirik, eta egoeraren benetako azterketa hasieratik egin dezan ere eskatuko diot, gardena izan dadila, herritarrei eta haien ordezkariei erantzun diezaiela, eta milaka nafarren izenean irtenbideak eta eraginkortasuna eskatzen dizkiot. Horixe ari da eskatzen Nafarroako gizartea", adierazi du, eta, gehitu du, Foru Gobernuak onartu duen "dekretuetan haratago joan zitekeela".

 

Ramón Alzórrizek (PSN) adierazi duenez, "politikariok eredu izan behar dugu eta pandemiari aurre egiteko elkartu den gizartearen isla izan behar dugu; elkarrekin baino ez diogu birusari aurre egingo, eta horregatik eskatzen dugu batasun sozial eta politikoa. Gaur borroka bakarra dugu, birusa gainditzea, ez dago besterik, eta erronka honen aurrean, batasuna" azpimarratu du.

 

Hala, gehitu du, nahiz eta Navarra Sumak proiektuak babestu dituen, "kritikatu baino ez duela egin", eta horrenbestez, "batasun erreal bat" aldarrikatu du. “Ahaleginak batzeko unea da, ez botoak batzeko unea. Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak egoeraren ardura hartu dute, eta erabakiak hartzeko funtsezko oinarri gisa mundu guztiari berdin erantzuteko premisa jarri dute, denok batera egoera horretatik atera gaitezen inor kanpoan geratu gabe".

 

Uxue Barkosek (Geroa Bai) adierazi duenez, “Parlamentuko kideak behartuta gaude lankidetzan aritzera, eta etorkizunerako utzi behar dugu herritar guztiona ez den, nahiz eta zilegi dirudien, onura ororen bilaketa ", eta iragarri du " iritsiko dela kritika konstruktiborako unea krisi sanitarioa amaitu ondoren".

 

Uxue Barkosek administrazioen arteko "koordinazioaren" alde egin du, baina Nafarroako Gobernuari eskatu dio "ministerioetatik ematen ari zaizkigun neurrien inertziak ez gaitzan eramaten utzi, Nafarroako gizartearentzako konponbiderik egokiena ez diren kasuetan. Ziur baldin bagaude aurretik pauso bat eman dezakegula, eman egin behar dugu. Hori izango da gure ekarpenik onena Nafarroan, Estatu osoan eta Europa osoan krisia modu koordinatu eta solidarioan gainditzeko".

 

Bakartxo Ruizen (EH Bildu) esanetan, "herritarrei babes eta ziurtasun handiena emango dieten neurriak onartzeko betebeharra dugu parlamentariok", baina esan du Nafarroako Gobernuari dagokiola egoerari aurre egiteko neurriak hartzeko "lidergoa".

 

Hala ere, adierazi du "horrek ez duela esan nahi talde politikoek besoak gurutzatuta geratu behar dugunik, gure betebeharra politika egitea baita". Ildo horretan, Gobernuari proposatu dio "mahai zabal bat sor dezan krisi honen ondorioei aurre egiteko eragile politiko, sozial, sindikal, feminista eta abarrekin", hartu beharreko neurrietan adostasuna bilatzeko.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, "premiazkoa da heriotza-tasa murriztea, egoera honek pertsonen ekonomian izango dituen ondorioak murriztea eta konfinamendu-neurriek herritarren eskubideetan duten eragina murriztea". Etorkizun hurbilari begira eta asteburuan Nafarroan kasu gehiago izateko aukera ikusita, komenigarria deritzo Refenan espazio bat prestatzea, "pertsona kopuru handi bat hartzeko".

 

Bestalde, dekretuak babestu ditu, eta honako neurriak nabarmendu ditu: "ehun milioiko funtsa sortzea gure sistema indartzeko, ETEak eta autonomoak abalatzeko gaitasuna handitzea, lan publikoan profesionalak sartzen jarraitzeko kontratazio publiko malguagoa, edo alokairurako laguntzak".

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) azaldu duenez, bere taldea, oro har, "Nafarroako eta Espainiako Gobernuak osasunaren, gizarte prestazioen, ekonomiaren eta enpleguaren arloan ezarritako neurriekin bat dator. Ezinbestekoa da baliabide guztiak erabiltzea, zerbitzu publikoak bermatu eta indartzeko eta herritarren beharrei erantzuteko, bereziki ahulenei lehentasuna emanez".

 

Hala, de Simónek azpimarratu duenez, "indarrak batzeko unea da". Adierazi du Nafarroako Gobernuak onartutako bi dekretuek "gizarte-larrialdiko salbuespenari erantzuten diotela, norabide egokian goaz, eta espero dugu neurri horiek zehazteak eta aparteko baliabide ekonomikoak bideratzeak lehentasuna emango diela osasun-zerbitzuari eta familien oinarrizko beharrei".