Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Apirilak 3

COVID-19ak eragindako krisi sanitarioari aurre egiteko neurriak biltzen dituen Foru Legea (I)

Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko apirilaren 3an

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur koronabirusaren (COVID 19) osasun-krisiak eragindako inpaktuari erantzuteko premiazko neurriak indarrean jartzen dituen martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege Dekretuaren edukia jaso eta zabaltzen duen Foru Legea onetsi du aho batez. NAOn argitaratzen den egunean bertan sartuko da indarrean, eta indarraldiak egoera hau eragin duten baldintza bereziak desagertu artean iraunen du.

 

Irakurketa bakarrean izapidetuta, Navarra Sumak eta EH Bildu aurkeztutako zuzenketekin osatu da testua. Zuzenketa hauen bidez, esaterako, 100 milioitik 130 milioira handitu da Nafarroako Gobernuak COVID-19aren osasun-krisiaren inpaktuari aurre egiteko sortu zuen Kontingentzia funtsa, tartean 25 milioiko ohiz kanpoko funts zabalgarri bat sortzea onetsi baita toki entitateek koronabirusa dela-eta dituzten gastuak arintzeko.

 

Osoko Bilkuraren aurretik Mahaiak eta Eledunen Batzarrak Navarra Sumaren 1., 2. eta 3. eta EH Bilduren 16. zuzenketak onartu ditu, Nafarroako Gobernuak bere desadostasuna agertu duen arren, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 129. eta 158. artikuluei jarraiki, Foru Gobernuak ulertzen baitu "kredituak gehitzea edo aurrekontu-dirusarrerak gutxitzea" ekartzen dutela. Hala ere, Navarra Sumak eta EH Bilduk aldeko botoa eman dutenez, (Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren gehiengo soila behar zen) PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoei gailendu eta zuzenketak azkenean eztabaidatuak izan dira. Hauetako bi, 1. (Funtsari 30 milioi gehitzen dizkiona) eta 16. (toki entitateentzako 25 milioiko ohiz kanpoko funts zabalgarria ezartzen duena) legean txertatudira.

 

EH Bilduk, bestalde, lehenengo legeari aurkeztutako 14. zuzenketa erretiratu egin du.

 

Foru Legeari, martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege Dekretuaren edukian oinarritutako testuari 13 zuzenketa gehitu zaizkio, Navarra Sumaren 1, EH Bilduren 8 eta legebiltzarrean ordezkaritza duten talde guztiek sinatutako 4 in voce.

Navarra Sumak eskatuta (haren zuzenketa EH Bilduren babesarekin onetsi da), 100 milioitik 130 milioira handitu da Nafarroako Gobernuak COVID-19aren osasun-krisiaren inpaktuari aurre egiteko sortu zuen funtsa. Gainera, funts horren kargura, 6 milioi euroko hasierako partida bat (zabalgarria) onetsi da, urgentziaz eskuratzekoa norbera babesteko ekipamenduak, material sanitarioa eta Covid-19aren baieztapen diagnostikoko probak. Funts horren kontura, halaber, 20 milioiko beste partida bat (zabalgarria) ezarri da, bideratuta 650 eurorainoko zuzeneko laguntza bat ematera azken sei hilabeteetako batez bestekoaren aldean fakturazioa gutxienez % 30 murriztu zaien autonomoei, alarma-egoera hasi zenetik (463/2020 Errege Dekretuan deklaratua) hura amaitu arte edo jardunari berrekitea legez ahalbidetzen den arte. Jaso beharreko laguntza, martxoko eta apirileko kuoten ordainketa aurkeztearen baldintzapean dagoena, Gizarte Segurantzari hilero ordaindu beharreko kuotaren zenbatekoaren antzekoa izanen da.

 

Navarra Sumaren ustez, alarma-egoera luzatzearen eta besteren konturako langileentzat baimen ordaindu berreskuragarri bat onestearen ondorioz sortutako egoerak neurri gehigarriak eskatzen ditu osasun arloan eta pizgarri ekonomikoen arloan; kasu honetan, autonomoak babesteko, "jarduera produktiboaren geldialdi akutuak gehien eragindako kolektiboetako bat baita". PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurka bozkatu dute.

 

EH Bilduk eskatuta, nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea ezartzen da 130 milioiko Kontingentzia Funts horren balizko onuradun gisa; izan ere, "sektore honen espezifikotasuna dela eta berariazko aipamena egitea komeni da". EH Bilduren zuzenketa Navarra Sumaren aurkako botoarekin onetsi da.

 

EH Bilduren beste zuzenketa baten ondorioz –Navarra Suma bakarrik agertu da horren aurka–, erabaki da Nafarroako Gobernuak 7/2020 eta 8/2020 Errege Lege-dekretuen babesean Estatuarengandik jasotzen dituen transferentzien % 15 gutxienez bideratzea "pertsona guztientzat diru-sarrerak bermatu eta sendotzera, haien oinarrizko premietarako, larrialdikoak nahiz gizarteratzekoak izan. Eta toki entitateen bitartez (batik bat, gizarte-zerbitzuen mankomunitateen bitartez) kudeatzen diren beste laguntza edo prestazio sozialetarako likidezia eskaintzera".

 

Testuinguru horretan zehazten da ezen Nafarroako sektore publikoa osatzen duten entitateei maileguak, abalak edo antzeko beste berme batzuk ematea konpromiso batera baldintzatuta egonen dela, zeinaren arabera enplegua sei hilabeteko epean zehar mantendu beharko baita, alarma-egoera amaitu delarik jardunari berrekiten zaion egunetik aurrera. EH Bilduren zuzenketa onetsi egin da, eta Navarra Sumak kontrako botoa eman dio.

 

Gainera, EH Bilduk proposatuta, eta Navarra Sumaren babesarekin, 25 milioiko ohiz kanpoko funts zabalgarri bat sortzea onetsi da, toki entitateek koronabirusa dela-eta dituzten gastuak arintzeko. Horretarako, lege hau indarrean sartu eta hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak zenbateko hori biltzen duen ohiz kanpoko kreditu bat emateko lege-proiektu bat igorri beharko dio Parlamentuari, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko 5/2020 Foru Legea aldatzeko, eta foru lege horren bidez arautuko dira funtsa eta banaketa-baldintzak. Kreditua finantzatuko da Toki Ogasunen Partaidetza Funtsari atxikitako diruzaintza-gerakinaren partidaren kargura. PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek zuzenketa horren aurka bozkatu dute.

 

Bestalde, departamentuen arteko edo herri ezberdinetan kokaturiko lantokien arteko mugikortasun geografikoko neurrien alorrean, legeak jasotzen du nahitaezko joan-etorrietarako gastuak ordaindu behar zaizkiela, kontzeptu horretarako ezarritako kantitatean, ukituta suertatzen diren langile publiko guztiei, baldin eta egin beharreko distantzia bost kilometro baino gehiagokoa bada. EH Bilduren zuzenketa aho batez onetsi da.

 

Funtzio publikoaren esparruan segituz, aurreikusten da administrazio-araubidean kontrataturiko langileei haien lanaldiaren luzapena eskaini ahal izatea, lanaldi osoraino iritsi arte, berdin delarik ordeztua den pertsonak bere lanaldi-murrizketa mantentzea. EH Bilduren zuzenketa aho batez onetsi da.

 

Era berean, zehazten da ezen lanaldien arteko gutxieneko atsedenaldia oro har hamar ordukoa izanen dela, nahiz eta zilegi izanen den zazpira murriztea, txandaren errotazio-aldaketagatik, baldin eta astekako kontaketan bermatu egiten badira eguneko batez besteko 10 orduko atsedenaldi gutxienekoa eta asteko 70 orduko atsedenaldi gutxienekoa. EH Bilduren zuzenketa onetsi egin da, eta Navarra Sumak kontrako botoa eman dio.

 

Bestalde, 65 urteko adina betetzean erretiroa hartu beharko luketen langileek zerbitzu aktiboan irautea luzatzeari dagokionez, jasota uzten da onargarria izanen dela, baldin eta beharrezkoa bada Covid-19aren ondoriozko osasun-krisiagatiko premia urgenteei erantzuteko; ez beste ezein arrazoirengatik". EH Bilduren zuzenketa aho batez onetsi da.

 

 

Bilkura komunikabiderik gabe egin da, streaming bidez eskaini da eta 10 parlamentari bildu dira, Unai Hualde lehendakaria, Inma Jurío lehen lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta sei talde parlamentarioetako eledunak. Gainerakoek botoa eskuordetu dute, borondatezkoa izan arren, interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak aurrez aurre edo telematikoki egitea 50 forudunekin. Gobernuko Lehendakaria, María Chivite, Javier Remírez eta Jose Mari Aierdi lehendakariordeekin izan da.