Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Abuztuak 8

Chernobil elkarteari harrera ofiziala egin zaio

Unai Hualdek Ganberak elkartasunarekin duen konpromisoa eta elkarlanerako borondatea helarazi dio elkarteari

 

Nafarroako Parlamentuak Chernobil elkarteari harrera egin dio gaur, aldi baterako familia harrera programen bidez Chernobileko zentral nuklearreko hondamendiaren biktima diren adin txikikoei laguntza ematen dien elkarteari.

 

Harrera Erakunde Aretoan egin da, eta bertan Unai Hualdek hitz egin du, nabarmenduz Nafarroaren “izaera solidarioa”, Tafallan eta erdialdean pasa den uztailan gertatutakoa eredutzat hartu du eta adierazi du elkartasuna “mugez haratago” doala, Chernobil elkarteak egiten duenaren gisan.

 

Ildo horretan, Lehendakariak eskerrak eman dizkio elkarteari, baita bolondres eta harrera familiei ere, eta “haur hauen osasuna hobetzeko” egiten duten lana aitortu egin du. Oroitarazi du Munduko Osasun Erakundeak aholkatzen duela “kutsatutako lurraldeetan bizi diren adin txikikoak urtean gutxienez 40 egunez bertatik atera behar direla organismoa indartzeko”.

 

Hualdek, horrela, Legebiltzarraren konpromiso eta borondatea agertu dio elkarteari “ahal duten guztian laguntzeko”, eta erakunde europarrei deia egin die “Chernobileko pertsonen bizi baldintzak hobetzeko lanean jarrai dezaten eta duela 33 urte jazotako gertakariak berriro gerta ez daitezen”.

 

Mª Carmen Oscáriz eta Olatz Linacisoro bolondresek, Parlamentuari eskerrak eman dizkiote elkartea osatzen duten pertsona guztien izenean. Azaldu dute 20 urtez Chernobileko haurren osasuna hobetzen lanean dihardutela.

 

Oroitarazi dute, bestalde, istripu nuklearrari buruzko telesaio baten ondorioz Chernobil gaur egun “modan” dagoela, eta honek zentral nuklearrera bisitak nabarmen igo dituela. Alde batetik, onartu dute Chernobilek “nazioarteko garrantzia” hartzeak alde ona baduela, baina era berean kritikatu dute “zentralerako paseak 100€ balio dituen bitartean, 500 metrora bizi diren bizilagunek ez dutela urik”.

 

Bolondresek, elkartearen izenean, “Chernobileko pertsonek bizi duten egoera ezagutzera eman dadila” eskatu dute eta kasu honetan, “uda pasatzera datozen 189 haur hauen errealitatea”. Bide batez, eskerrak eman dizkiete harrera familiei baita Parlamentuari ere.

 

Ekitaldia amaitzeko, Nafarroan uda pasatzen ari den Denis haur ukraniarrak poema bat irakurri du ukranieraz.

 

Ekitaldian bertaratu direnen artean, mahaiko kide diren Yolanda Ibáñez bigarren lehendakariordea eta Maiorga Ramírez bigarren idazkaria, eta Iñaki Iriarte, Ángel Ansa (Navarra Suma), Isabel Aranburu (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariak egon dira.