Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 18

Bazter utzi dute Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratzen duen 22/2014 Foru Legearen indargabetzea

Bertan behera gelditu da Bilduren ekimena, Ekonomia eta Gizarte Kontseilua organo aholku-emaile, bilgune eta parte-hartze eta negoziazio instituzionalerako organo bilakatzekoa ekonomia eta gizarte arloan

Gaurkoan, Parlamentuaren Osoko Bilkurak bazter utzi du foru lege proposamen bat, Navarra Suma, PSN eta I-Ek emandako aurkako botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk emandako aldeko botoekin, xede zeukana, batetik, Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratzen duen azaroaren 12ko 22/2014 Foru Legea indargabetzea, eta bestetik, martxoaren 9ko 2/2006 Foru Legea aldatzea, Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari eginkizun berriak emateko.

 

Irakurketa bakarrean eztabaidatu da EH Bilduren foru lege proposamen hori. Helburu zuen "beste garai bateko" elkarrizketa sozialeko eredu "agortu" zeritzon baten ordez eredu berri bat ezartzea, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaz baliaturik (zeinak "azpi-erabilia izaten jarraitzen" baitu), eztabaidatze- eta adoste-estrategia bati heldu ahal izateko, askoz ere zabalago eta pluralagoa 1995ean UGT, CCOO eta CENen inguruan taxuturikoa baino.

 

Halatan, auzitan jarri ondoren milioikako gastua eragin zuten hitzarmen izendunetan oinarriturik eraikitako "bake sozial"aren taktika, hizpide hartzen du eragile sozialen ordezkaritasunaren araberako banaketa, 2015ean abiarazia, eta aldarrikatzen du ezen Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseilua organo aholku-emaile, bilgune eta parte-hartze eta negoziazio instituzionalerako organo bilakatu beharra dagoela ekonomia eta gizarte arloan.

 

Horretarako, proposatzen du Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari eginkizun berriak esleitzea, modua emanen dutenak aurretiaz eta lotesletasunik gabe ezagutzeko zer iritzi daukan gai sozioekonomikoak nahiz lan-kontuak arautzen dituzten foru lege aurreproiektuei buruz; bereziki, daukaten munta dela-eta, Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruz. Irizpenak jaulkitzeko ezarritako epea 15 egun naturalekoa litzateke, jasotzen direnetik, eta zazpikoa, urgentziazko kasuetan.

 

Hori horrela, asmoa zen Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari beharrezkoak diren botereak ematea, egin ahal izan zitzan, bai bere kabuz bai Gobernuaren edo Parlamentuaren eskariz, gai horiei buruzko txostenak edo azterlanak, bai eta beste batzuei buruzkoak ere, hala nola ekonomia, fiskalitatea, gizarte-ongizatea, nekazaritza, abeltzaintza, merkataritza, hezkuntza, kultura, ikerketa, osasuna, kontsumoa, ingurumena, garraioak, komunikazioak, industria, etxebizitza, eskualde-garapena, azpiegiturak, Europar Batasuna eta estatistika.

 

Horrez gain, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Nafarroako egoera sozioekonomiko eta lan-arlokoari buruzko txosten bat egin beharko zuen urtero eta Gobernuari igorri, ondoren Parlamentuari helarazteko.

 

www.parlamentodenavarra.es
• Foru lege proposamena (52. NPAO, 2020-05-12koa)