Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 4

Baliozkotu egin da 5/2020 Foru Lege-dekretua , maiatzaren 20koa, premiazko neurriak onesten dituena COVID-19aren osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko

Etxebizitzaren eta kontratazio publikoaren arloko neurri osagarrien bosgarren sorta da

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstentzioarekin, baliozkotu du gaur 5/2020 Foru Lege-dekretua, maiatzaren 09koa, premiazko neurriak onesten dituena koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko.

 

Martxoaren 18ko 1/2020 Foru Lege-dekretua eta martxoaren 25eko 2/2020 Foru Lege-dekretua ez bezala, zeinak martxoaren 27an baliozkotu eta apirilaren 3an foru lege bihurtu baitziren, 5/2020 Foru Lege-dekretua, 3/2020 Foru Lege-dekretua bezala, ez da foru lege proiektu gisa izapidetuko presako prozeduraren bidez. Ez du talde bakar batek ere hala egin dadin eskatu.

 

5/2020 Foru Lege-dekretua pandemiak eragindako ohiz kanpoko premia bereziko inguruabarrak ikusirik eman da; izan ere, beharrezkoa da bosgarren neurri sorta ezartzea ekoizpen eta gizarte sareari sostengua ematen jarraitze aldera; kasu honetan, etxebizitzaren eta kontratazio publikoaren arloan zenbait doiketa egiten dira.

 

Xedea da, hortaz, “krisiaren inpaktua gutxitzea, behin osasun alarma bukatuta, jardueraren suspertze bat bultzatzeko eta kalte iraunkor edo egiturazkoak ekiditeko”, esparru publikoan kontratu indardunak dauzkaten obra, zerbitzu eta hornidura enpresetan nahiz kulturaren arloko eragile eta profesionalen kasuan.

 

Kasu honetan, foru lege-dekretuak zabaldu egiten du Nafarroan etxebizitzaren arloan apirilaren 1etik aitzina baliagarri eta aplikagarri dauden berariazko laguntzen onuradunen taldea, krisiak gogorren zigortutako populazio-taldeek etxebizitza izateko eta mantentzeko dituzten oinarrizko beharrak ziurtatzeko.

 

Halatan, etxebizitza gizarte politikaren funtsezko zutabe gisa hartuta, 2020ko urtarrilaren 1era arte atzeratu da langabezian dauden enplegu-eskatzaile gisa inskribatzeko data eraginkorra, emantzipatzeko errentamenduagatiko kenkaria (EmanZipa programa) lortu ahal izateko.

 

Gainera, kenkari hori eskatzeko aukera zabaltzen zaie martxoaren 14tik aitzina aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteko (ERTE) egoeran dauden langileei edo apirilaren 15eko 3/2020 Foru Lege-dekretuan jasotako ohiz kanpoko laguntza zuzena jada aitortu zaien langile autonomoei. Bi kasu horietan, kenkaria abenduaren 31ra bitarte helduko da.

 

Gainera, eta familien finantza egoera hobea izan dadin, uztailaren 1etik aurrera emantzipaziorako errentamenduagatiko kenkariaren ordainketa (EmanZipa programa) hilero eginen da, ‑modu iraunkorrean‑, hiru hilean behin egin beharrean. Horrela, etxebizitza izateko errentamenduagatiko kenkariarekin (DaVid programa) parekatuko da, biek osatzen baitute Nafarroan etxebizitzarako eskubide subjektiboa.

 

Halaber, Alokairu Poltsan sartutako etxebizitzen edo etxebizitza babestuen errentamendu kontratuetako titularrei ematen zaizkien dirulaguntzak automatikoki berrituko dira, betiere 2020ko uztailaren 1etik 20ra eskatu behar diren kasuetarako.

 

Eta bizigarritasun zedulen indarraldia luzatzen da 2020ko abenduaren 31ra arte, bai eta bizigarritasun zedula lortzeko eskubidea ematen duten behin betiko kalifikazioenak ere, kasuko urteko uztailaren 1etik abenduaren 30era bukatzen badira.

 

Bestalde, eta kontratazio publikoaren arloko ekimen berriei dagokienez, denbora batez indargabetzen dira kontratazio prozeduretan beren eskaintza justifikatu gabe erretiratzen duten lizitatzaileei edo adjudikatu zaizkien kontratuak formalizatzera iritsiez direnei aplikagarri zaizkien zehapenak. Zailtasunak areagotzea ekidin nahi da, merkatuek eta jarduera ekonomiko gehienek pairatu duten irauliaren ondorioz hasierako eskaintzari eustea edo kontratuak hasierako baldintzetan eskaintzea ekonomiaren aurkako bihurtu den kasuetan. Edozein modutan, aukerako hautu bat da, lizitatzaileen borondatearen mende baitago.

 

5/2020 Foru Lege-dekretua kulturaren sektoreko profesionalez ere arduratzen da; izan ere, aurrerakinak eta kalte-ordainak jaso ahal izanen dituzte, baldin eta sektore publikoarekin kontratatuta dauden emanaldiak geroratzen edo ezeztatzen badira, baldin eta horien zenbatekoa 50.000 eurotik beherakoa bada. Halatan, gaikuntza ematen zaio kontratazio organoari etendako kontratuen zenbatekoaren portzentaje bat aurrerakin bezala aitortzeko, eta kalte-ordain bat emateko, kontratua suntsiarazi bada, baldin eta etetearen edo suntsiaraztearen arrazoi zuzena agintaritza eskudunak COVID-19aren krisiari aurre egiteko hartu dituen neurriak badira.

 

Azkenik, xedapen gehigarri bakarrean osatu eta argitu egiten dira apirilaren 6ko 7/2020 Foru Legean kontratazioaren arloan jasotzen diren neurriak. Horretarako, aldatzen den foru legean aurreikusitakoaren arabera etenda geratu diren ondoz ondoko zerbitzuen eta horniduren kontratuetan, kontratazio organoak aurrerakinak egin ahal izateko aukera zehazten da, kontratistari dagokion kalte-ordainaren zenbatekoaren kontura; eta, kontzesioen arloan, kontratuaren oreka ekonomikoa berrezartzeko araubidearen alderdi jakin batzuk zehazten dira, kontratua gauzatzeko ezintasuna erabatekoa edo partziala izan daitekeela argituz; horren ondorioz, kontratuaren oreka ekonomiko berriaren araubidea bete ezin izan den parteari aplikatuko zaio, bakarrik.

 

Maiatzaren 20ko 5/2020 Foru Lege-dekretuak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da Nafarroako Gobernuak ezartzen duen bitartean badirauela hura onestea ekarri duen egoera bereziak.

 

Navarra Suma talde parlamentarioko Javier Esparza Abaurreak bere taldea zergatik abstenitu den azaldu du, eta kritikatu egin du “dokumentu honetan etxebizitzari dagokionez jasotzen diren hiru neurrietatik bi Navarra Sumaren apirileko proposamenetatik kopiatuta” daudela.

 

PSNko Ramón Alzorrizi eskatu dio ez dadin “mintzatokira atera ergelkeriak esatera edo zeharo eztabaidagarria izan den kudeaketa bategatik paparra ateratzera”, eta “ados ez dagoela esatera ausartzen denari irain ez egiteko” eskatu dio. “Biolentoek ez gaituzte isilarazi, eta zuek ez gaituzue isilaraziko” esan du, Alzorrizi eta María Chivite lehendakariari zuzenduz.

 

Esparzak kritikatu du PSNk ez dituela Navarra Sumaren proposamenak onartzen baina harritu egiten dela abstenitzen direnean, eta Gobernuari leporatu dio “berandu iristea eta erabateko ezgaitasuna erakustea osasun krisi hau kudeatzeko”; hori dela-eta eskatu du “politikoki erantzun dezaten, nahiz eta gure kontrako irainak jaulki”.

 

PSNko Ramón Alzórrizek “zuhurtzia eta lasaitasun” mezu bat igorri du, eta Nafarroako gizarteari eskatu dio Osasun Departamentuaren gomendioak eta jarraibideak bete ditzan. Goraipatu egin du “osasun, gizarte eta ekonomia krisi honetan lan egin den modua eta aitzindari izatea”, eta berariaz nabarmendu ditu lehendakariaren eta kontseilarien “gardentasuna eta enpatia”, “aurrekaririk gabeko krisi bati” egin baitiote aurre.

 

Hori dela-eta adierazi du Nafarroak “eutsi egin diola koronabirusaren ekaitzari, osasun sistema indartsu bat, behar adina baliabide eta birusaren aurkako borrokan osasun arloan profesional konprometituak” izateari esker.

 

Azkenik, azpimarratu du azkar jardun dela osasun laguntza eta jendaurreko laguntza egokitzeko eta zerbitzu emateko, “ez zedin herritarrik atzean gelditu”, eta hori dena posible izan dela “aurrekontu sozialak” geneuzkalako.

 

Geroa Bai talde parlamentarioko Uxue Barkosek deitoratu egin du Navarra Sumak, Legebiltzar honetan ordezkari gehien daukan taldeak, babesik eman ez izana, eta gogora ekarri du orobat “Nafarroako Parlamentuan azken hilabeteotan bat ez etortze hori ez dela berria”.

 

Balioetsi egin du Gobernuak “COVID-19aren ondoriozko beharrizanei aurrea hartzeko neurriak” hartu izana; haren esanetan, foru lege-dekretuak lehen bultzada bat ematen dio kulturaren sektoreari, krisiak eragin handia izan duelako sektore horretan, eta gure gizartearentzat funtsezkoa den sektore horrenganako, kulturarenganako, “lehen hurbiltze bat dakar”.

 

EH Bilduko Maiorga Ramírezek foru lege-dekretuaren bidez Gobernuak diseinatu duenaren “ikuspegi kritikoa” nabarmendu du; izan ere, “etxebizitzari buruz hitz egiten dugunean, agerian geratu da etxebizitzarik gabeko pertsonak eta hutsik dauden etxebizitzak” daudela.

 

Haren ustez, “zabaldu egiten da estaldura-esparrua, baina ez behar beste”. Esan duenez, kaltetutako pertsonak babesten laguntzen dute neurri horiek, “baina egia da koronabirusaren krisian zehar pilamentu-arazoak” gertatu direla zenbait etxebizitzatan.

 

Ramírezek orobat eskatu du etxebizitza-jabe handiek “beren etxebizitzak utz ditzaten, eta ez dadin desjabetzearen aukera baztertu”, estatuan aplikatzekoak diren epaietan ezarritakoaren babesean.

 

Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil Garcíak adierazi du “oso positiboa” dela etxebizitzarako prestazioetarako sarbidea aldatzea eta beste kolektibo batzuei ere zabaltzea, eta neurriak “politika baliagarriaren” adibide direla esan du.

 

Builek orobat adierazi du Nafarroak “paparra atera ahal izan duela herritarren lankidetza dela-eta, familiei likidezia zuzena eman ahal izan dien lehendabiziko erkidegoa izan delako”. Builek esan duenez, Estatuko Gobernuari exigituko diote etxegabetzeak bertan behera gera daitezen eta luzapena eman diezaien beste etxebizitza-aukerarik ez duten pertsonei, “gutxienez ere sei hilabetez”, etxebizitzaren arloko politikak jorratu ahal izan daitezen eta Administrazioak etxebizitza gehiago erostea ahalbidetuko duten formulak har daitezen.

 

I-E talde mistoko Marisa de Simónek adierazi du “ez datozela % 100 bat neurriekin”, baina bere botoa justifikatu du esanez “proposamenak oro har aski direla etxebizitza bat eskuratzeko arazoak dauzkaten herritarrei laguntzeko”.

 

De Simónek erreforma “estrukturalak, ekonomikoak eta industrialak” egitea eskatu du, aurrerago funtsezkoak eta beharrezkoak izanen baitira “sektore publikoa indartzeko, bera izan baita beharra izan duten herritar guztiak artatzeko gain izan dena”.

 

Saioa mistoa izan da (presentziala eta telematikoa), eta honako hauek bakarrik bildu dira: Unai Hualde lehendakaria, Inma Jurío etaYolanda Ibáñez lehendakariordeak, Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak eta Ganberan ordezkaritza duten sei taldeetako eledunak. Gainerako hautetsiek botoa eskuordetu dute. Gai hori borondatezkoa da, baina interes publikoko osasun-arrazoiengatik gomendatzen da, ezinezkoa baita osoko bilkurak egitea, aurrez aurre edo telematikoki, 50 ordezkariekin. Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chiviterekin batera, lehen lehendakariorde Javier Remírez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saiz, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosa eta Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santos egon dira.