Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekaina 21

Azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa aldatzen duen Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko ekainaren 21ean

Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi du gaur azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa aldatzen duen Foru Lege Proposamena, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako Foru Legearen helburua erregimen zigortzaile bat ezartzea da, sinboloak kentzea eta diktadura frankista goratzen duten aipamenak baimentzen dituen diskrezionalitatea ekiditeko. Beraz, Parlamentuak behin eta berriz hartutako erabakiekin bat etorriz, maila normatiboan ere, “biktimentzako eta gizarte demokratiko baten balioentzako irain” gisa ulertzen denari amaiera ematea da helburua.

 

Horretarako, “askatasunaren aurkako arrastoak” ezabatzeko, eta azpimarratzen denaren arabera, “gainditu beharreko iragan baten seinaleekin” amaitzeko, zigor sistema bat ezartzen da 33/2013 Legeak ezartzen dituen betebeharrak hausten dituzten ekintzak zigortzeko.

 

Hala, arau-hauste oso astuntzat hartzen da (10.001 eta 150.000 euro arteko isuna) indusketak egitea 1936ko kolpe militarraren ondorioz izandako errepresioaren biktimen gorpuzkiak hobitik ateratzeko asmoz, Hilotzak lurpetik ateratzeko Nafarroako Foru Komunitateko Protokoloa bete gabe (772/2011 Foru Aginduaren bidez onetsia); baimenik gabeko lur mugimenduak egitea edo eraikitzea, baldin eta lur horretan desagertutako biktimen gorpuzkiak daudelako ziurtasuna edukiz gero; hilobi-mapan sartutako biktimen hobiak suntsitzea; Nafarroako memoria historikoaren toki batean integratuta dagoen ondasun bat, edo ondasun horren parte bat, suntsitzea edo larriki aldatzea; Nafarroako memoria historikoaren agiriak suntsitzea, bai eta ADN probak baimenik gabe suntsitzea ere; Nafarroako memoria historikoaren toki batean obra edo esku-hartze oro egitea horretarako baimenik gabe, baldin eta biktimen hobiei edo lurperatze klandestinoei eragiten badie.

 

Hala, arau-hauste astuntzat hartzen dira (2.001 eta 10.000 euro arteko isuna) sinbolo, idazkun eta aipamen frankisten elementuak erretiratzeko errekerimendua egiten duen ebazpena ez betetzea, Nafarroako memoria historikoaren toki batean edo foru lege honetan araututako seinalizazioan kontserbatze- eta mantentze-betebeharrak ez betetzea nahiz haiei kalteak egitea eta Foru Administrazioari ez komunikatzea gerra zibilean edo diktadura frankistan desagertutako pertsonenak izan daitezkeen aztarnen aurkikuntza. Horrez gain, Gerra Zibileko edo Diktadura frankistako biktimen duintasunari begira iraingarriak edo laidogarriak diren adierazpenak egitea edo erabiltzea edozein hedabidetan, hitzaldi eta, mintzaldi publikoetan edo plataforma digitaletan, baldin eta jarrera horiek ez badaude gorrotora bultzatzearen delitu gisa tipifikatuta.

 

Zigor arinak (200-2.000 euro) errepikatuz gero kalifikazioa larritu daiteke, eta arinen artean sartzen da Estatu-kolpe frankistari eta geroko diktadurari babesa emateagatik nabarmendu ziren pertsonen aldeko aipamenei eta omenaldiei buruzko elementuak berrezartzea edo elementu berriak jartzea eta Foru lege honetatik heldutako beste edozein betebeharren ez-betetzea, baldin eta falta astunaren kalifikazioa ez badagokio.

 

Erregimen zigortzaileak aurreikusten ditu, era berean, zigor osagarri batzuk, esaterako diru-laguntza, hobari edo laguntza publikoak eskuratzeko eskubidea galtzea, gehienez ere bi edo hiru urtez, arau-hauste arin edo astunen kasuan, hurrenez hurren, eta memoria historikoa dela-eta emandako diru-laguntza guztiz edo partzialki itzultzea. Zehapen osagarri horiek ezartzeko eta graduatzeko, egitateen astuntasunari eta haien ondorenari begiratuko zaie, proportzionaltasun-printzipioaren arabera.

 

Bidezko izan daitezkeen zehapenak eragotzi gabe, sinbolo frankistak erretiratzeko errekerimendu bat ez betetzeak ahalmena ematen dio departamentu eskudunari exekuzio subsidiarioa egiteko eta hertsapen-isunak ezartzeko, ondoz ondo hamabi jarri arte, hilabeteko alditan, 600 eta 6.000 euro bitartekoak. Betiere, ezarri den azken hertsapen-isunaren ondoriozko borondatezko betetzearen epea amaiturik, administrazio jardulea behartuta egonen da agindutako obrak modu subsidiarioan exekutatzera, behartua den horren kontura.

 

Baldin eta armarriak, intsigniak, plakak, banderak edo bestelako objektu eta aipamenak administrazio edo entitate publiko batek jarri bazituen bere garaian, edo eraikin publiko batean badaude, administrazio jarduleak erretiratu beharko ditu bere aurrekontuen kargura. Hau betetzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eskudunak eta toki entitateek lankidetza-hitzarmenak sinatzen ahalko dituzte, edo ordenamendu juridikoan jasotako bestelako lankidetza-formulak erabili.

 

Foru lege honen aurkako elementuak sarbide edo erabilera publikorako ikusgai dagoen eraikin pribatuetan paratuta baldin badaude, elementu horien jabeek erretiratu edo ezabatu egin beharko dituzte, eta eraikin publikoetan paratuta baldin badaude, elementu horien titularrak diren erakunde edo pertsona juridikoen ardura izanen da horiek erretiratzea edo ezabatzea.

 

Lege honetan aurreikusitakoaren arabera arau-haustea izan daitezkeen jarduketen berri duten agintariak behartuta daude halakoak jakinaraztera memoria historikoaren arloan eskuduna den departamentuari.

 

Legeak urtebeteko epea ematen du “zehapenekin hasi aurretik”, betebeharren eta arduren betetzea ahalbidetzeko.

 

Foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteen erantzuleak dira titulu honetan deskribatutako jokabideen egile edo ez-egile diren pertsona fisiko eta juridikoak, bai eta, kasua bada, nortasun juridikorik gabeko batasunak eta entitateak eta jaraunspen-ondareak ere, independenteak zein autonomoak, doloz edo erruz haien erantzuleak baldin badira. Ez-betetzea pertsona bati baino gehiagori batera baldin badagokie, modu solidarioan erantzunen dute, salbu eta posible denean erantzule bakoitzaren partaidetza-maila ebazpen zehapen-jartzailean zehaztea.

 

www.parlamentodenavarra.es

• Foru Lege Proposamena (33. NPAO, 2018-03-16koa)

• Zuzenketak (81. NPAO, 2018-06-08koa)