Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Ekainak 11

Arartekoak 2019ko urteko txostena aurkeztu du Osoko Bilkuran

Adingabeen babes-sistemaren jarduera areagotu dela nabarmentzen da, 2.411 artatu baitira, eta familian hartzearen modalitatea sustatzea gomendatzen da erakundekoaren aldean

Foru Komunitateko Arartekoak, Francisco Javier Enérizek, 2019ko ekitaldiari dagokion urteko txostena Osoko bilkuran aurkeztu du gaur. Txosten horretan 2.888 jarduketa jaso dira, 2018an baino 243 gehiago, hau da, % 8,5 gehiago.

 

2019an egin den lanaren bitartez, 100 iradokizun (beste 20 arauen inguruan), 213 gomendio eta legezko betebeharren 71 oroigarri helarazi zaizkie Nafarroako administrazio publikoei (404 erabaki, guztira). Hori guztia erakundearengana jo duten 6.683 herritarren ekimenaren emaitza izan da; 1.625 kontsulta egiteaz gain, 1.138 kexa aurkeztu dituzte, besteak beste (1.219 espediente sorrarazi dituzte); kexa horietatik % 82,4 izapidetzeko onartu dira. Bestalde, 775 ikerketa egin dira; horietatik 752 jasotako kexen ondoriozkoak izan dira, beste 17 ofizioz egin dira, 4 herritarren proposamenei lotuta eta 2 Nafarroako Parlamentuaren eskariz egin diren txostenei lotuta.

 

Kexa gehien eragin dituzten hamar arloak honako hauek dira, kexa kopuruaren araberako ordenan: funtzio publikoa (216), hezkuntza (157), gizarte ongizatea (98), enplegu publikorako sarbidea (70), ogasuna (69), trafikoa eta bide-segurtasuna (61), ingurumena (59), etxebizitza (58), osasuna (50) eta euskara (29).

 

Lehendabiziko arloari dagokionez –funtzio publikoa–, aurkeztu diren 216 kexetatik 119 langile publikoen ordainsariei buruzkoak dira (ordainsari-osagarriak familia-laguntzak, guardia medikoetako dieten ordainketa, eta abar); 25, erantzunik eman ez izanari buruzkoak, eta 47, berriz, zenbait ikasturtetako udako soldata kobratzeko eskabideak direla-eta aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoak ebazteko atzerapenari buruzkoak.

 

Beste 33 kexa opor, lizentzia eta baimenekin lotuta daude; horietako zazpi, aitatasun baimenarekin, baimena ukatu delako nahiz Administrazioak baimena etenik gabe baliatzea onartzen duelako soilik (harik eta 6/2019 Foru Legea erregelamendu bidez garatzen den arte).

 

Gainera, Foru Administrazioko funtzionarioen zenbait kolektibok lanbideari buruzko kexak aurkeztu zituzten; esate baterako, erizaintzako teknikariek (lanbide karrera), Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari atxikitako zentro bateko zaintzaileek (Hezkuntzako langileekiko diskriminazioa, C maila ez egoteagatik), eta errepideetako zaintzaileek (Basotzaintzako eta Foruzaingoko langileekiko diskriminazioa).

 

Polizien lanbide elkargo batek eta sindikatu batek ere helarazi zituzten beren eragozpenak, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko apirilaren 10eko 16/2015 Foru Legearen aplikaziotik hel daitezkeen ondorioak direla-eta. Haien esanetan, esparru judizialaren inbasioa gerta liteke, bai eta bermerik eza ere, ohorerako, benetako babes judizialerako nahiz errugabetasun-presuntziorako eskubideari dagokionez.

 

Ondoren datoz hezkuntzari buruzko kexak (157); horietatik ehun bat kexatan Orkoiengo ikastetxe publiko bateko albo-itxitura eskatzen da. Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan onartuak izateari buruz 22 kexa aurkeztu dira; horien artean, Leringo 10 familiarenak daude, San Adriango BHIan matrikulatzea eta eskola-garraioa erreklamatzen dutenak. Beste 26 familiak, berriz, Tuterako itunpeko ikastetxe batean lerro gehigarri bat jartzea eskatzen zuten. Bi kexa aurkeztu ziren eskola jazarpena dela-eta, kexa bat sexu-erasoengatik, eta laugarren bat irakaslearen tratu desegokiagatik. Premia bereziko bi ikasleri eskainitako arretak ere piztu du ika-mika; oraingo honetan, “bizikidetza-kanpaldietan zainketarako baliabide egokirik ez edukitzeagatik”.

 

Kexa-kopuruari dagokionez hirugarren tokian ageri dira gizarte ongizateari buruzkoak (98), zeinen artean gailentzen baitira haurren eta nerabeen babesarekin lotutakoak (26), eta horien atzetik orpoz orpo errenta bermatuari buruzkoak (19); gutxixeago dira, aldiz, desgaitasunen bat duten pertsonen arazoei buruzkoak (13), batez ere mugikortasunari eta irisgarritasunari dagokienez. Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioari buruzko kexak ere jaso dira, pertsona ezgaituen babesa kudeatzeko modua dela-eta (7), bai eta adineko pertsonen babesa dela-eta (7), eta orobat jaso dira emakumeen aurkako indarkeriari buruzkoak (3) eta gizarte zerbitzuek emandako arretari buruzkoak (5).

 

Laugarren tokian daude enplegu publikorako sarbideari buruzkoa (70); horietatik 56 Foru Komunitateko Administrazioari dagozkio, 12 toki entitateei eta 2 Nafarroako Unibertsitate Publikoari. Arlo horretan aipagarriak dira aldi baterako kontrataziorako deitzeari buruzkoak (dei bati erantzuten ez zaionean beste izangai bati deitzen zaio), desgaitasunen bat duten pertsonenak (azterketen edukiak eta denbora ez egokitzea, deialdietatik kanpo uztea, gaitasun-txostenak berandutzea), eta azken bat, enplegu publikoaren gutxienez ere % 2 genero-indarkeriaren biktimentzat gordetzea erreklamatzen zuena.

 

Bosgarren tokian daude Foru Ogasunari buruzkoak (69); gehienetan auzitan jartzen da PFEZean zenbait kenkari edo murrizketa egiteko aukera, dela ohiko etxebizitzagatik, dela ohiko etxebizitza alokatzeagatik, dela % 65eko desgaitasun-gradua duen senitarteko bat zaintzeko kontratatutako langilearen Gizarte Segurantzako kotizazioengatik.

 

Familia ugarien elkarte batek eskatzen zuen amatasun eta aitatasun prestazioak direla-eta zergetan ordaindutako zenbatekoak itzultzea PFEZean. Zehazki, Auzitegi Gorenaren 2018ko urriaren 3ko 1462/2018 epaia Nafarroan aplikatzea eskatzen zuten; epai haren bidez, ebatzi egin zen PFEZean amatasun prestazioa salbuesteari buruzko kasazio-errekurtso bat, Pertsona fisikoen errentari buruzko zergaren estatuko legean ezarritakoarekin bat.

 

Kexak eragin zituen seigarren arloa trafiko eta bide-segurtasunarena da (61), non auzitan jartzen baitira trafikoaren antolamenduari eta bide-segurtasunari eragiten dieten zenbait kontu (15), zehapenak eta garabiaren esku-hartzeak (25) eta IAT estazioetan gertatu ziren kolapsoak.

 

Ingurumenari dagokionez (59 kexa), gehienak dira, beste behin, era guztietako jarduerek eragindako zaratari buruzkoak (27); bereziki, gazteen etxabeetako, lokutorioetako, ostalaritzako negozioetako, fabriketako, hirietako autobus geltokietako, udalaren lokaletako eta bizilagunek eragindako zaratei buruzkoak. Beste hamar kexa jarduera sailkatuetako lizentziekin lotutakoak dira, dela lizentzia ukatu delako, dela ez ikuskatzeagatik, dela beste arrazoiren batengatik. Ingurumen informazioa ukatzeagatik edo berandu emateagatik ere aurkeztu dira zenbait kexa (9), bai eta hondakinen bilketagatik ere (9), ika-mika sortu baita kokalekua dela-eta, hondakinak pilatzeagatik edo egindako zaratagatik (kasu horretan, gaueko zabor-bilketaren zerbitzuak eragindakoa).

 

Zortzigarren tokian heldu da etxebizitza. Horri buruzko kexak (58) errentamendu-araubideko etxebizitza babestuak ez esleitzeari buruzkoak dira gehienbat, alokairu-parkearen eskasiaren ondorioz; arlo horretako eskumena duen departamentuak berak onartzen du, Arartekoaren bulegoak aurkeztu zaizkion kexen nahi ofizioz izapidetutako jarduketen analisia egitean, hori horrela dela.

 

Beste bederatzi kexa etxebizitza erosteko eta alokatzeko laguntza publikoei buruzko programak (EmanZipa eta DAVID) direla-eta aurkeztu ziren. Erreklamazioak aurkeztu dira, orobat, etxebizitza babestuetako kalteak ez konpontzeagatik (6) eta Iruñeko Udalak larrialdiko etxebizitza bat ez esleitzeagatik (6).

 

Bederatzigarren tokian dago Osasungintza (50), non kexarik gehienak itxarote-zerrendei buruzkoak baitira (batik bat, traumatologian eta errehabilitazioan). Orobat ageri da jasota O-NOZen ez dagoela neke kronikoan espezializatutako unitaterik, Etxarri Aranazko osasun etxean duela bi urtetik falta dela pediatriako espezialista bat, eta hiru emakume ezkongabek protesta egin dutela ukatu egin zaielako in vitro ugalketaren teknika, zerbitzuen zorroan ez dagoela esanez.

 

Hamargarren tokian euskara ageri da. Arlo horretako kexarik gehienak (29) Foru Administrazioak eta toki entitateek langileak hautatzeko deitutako prozesuen balorazioari buruzkoak dira, dela ez zaielako inolako baliorik ematen –atzerriko beste hizkuntza batuk jakitea,ordea, bai baloratzen da eremu ez euskaldunean–, dela atzerriko beste hizkuntza batzuei baino balio txikiagoa ematen zaiolako euskarari, dela merezimenduen balorazioan ez delako berariaz ezarri (eremu ez euskaldunean).

 

2019an aurkeztutako kexa gehienak Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioari buruzkoak izan dira, bere organismo eta sozietate publikoak barne. 565 kexa aurkeztu ziren, kopuru orokorraren % 49,6.

 

Toki entitateei eta horien mendeko erakundeei aurkeztutako kexak 274 izan dira, % 24,1 hain zuzen.

 

Ondoren, Foru Komunitateko Administrazioak eta toki erakunderen batek batera egindako lanari buruzkoak datoz, eta alor horretan 144 kexa daude (% 17,9).

 

Estatuko Administrazioari aurkeztutakoak, berriz, 96, hau da, % 8,4.

 

Kexak aurkezteko erabilitako baliabideari dagokionez, bide nagusia telematikoa izan da: % 54, 2018an baino 5 puntu gehiago, helbide elektronikoaren eta erakundearen webguneko formularioen bidez. Bigarrenik, aurrez aurreko kexak daude: % 38. Azkenik, posta arruntaren bidez bidalitakoak (% 8).

 

Kexak aztertu ondoren, 335 ebazpen eman dira, 2018an baino 66 gutxiago. Arartekoaren erabakien onarpen-maila % 67,16 da, aurreko ekitaldiaren ildotik (% 65,34) eta 2017aren antzera (% 61,4).

 

Erakundearekin lankidetza guztiz bete ez duten administrazio publikoen artean aipatzen dira, besteak beste, Hezkuntza Departamentua, Iruñeko Udala, Corellakoa, Atarrabiakoa eta Eguesibarkoa, Etxabarri eta Nabaskoitzeko Kontzejuak eta Erriberako Mankomunitatea.

 

Kontsultei dagokienez (1.625), nagusi izan dira gizarte ongizateari buruzkoak; zehatz-mehatz, gizarte bazterketa eta pobreziaren ingurukoak, errenta bermatuari buruzkoak, desgaitasunari edo adingabeen babesari buruzkoak.

 

Etxebizitzari dagokionez, kontsultak babes ofizialeko etxebizitzetarako sarbideari buruzkoak izan dira asko, etxebizitza bat lortzeko zailtasunak edo babes ofizialetako etxebizitzen eraikuntzetako akatsak. Bizilagunen arteko arazoaen ingurukoak ere badaude.

 

Justiziari dagokionez, epaiak betearaztea izan da gai nagusia, edo eta abokatuen, prokuradoreen eta elkargo profesionalen jarduerarekin ados ez egotea; doako arreta juridikoaren oztopoak eta ukapenak, prozesuak luzatzea edo espediente judizialetan dagoen dokumentazioa ez eskuratzea.

 

Bestalde, herritarren 5 hobekuntza-proposamen jaso dira (dagoeneko 320 dira, ekimen hori 2008an abiarazi zenetik); langabeziagatiko prestazioen gaiaru buruzkoak (kalkulu metodoa aldatzeko), liburutegi publikoei buruzkoak (udako orduetgia zabaltzeko), suhiltzaileen oposaketen ingurukoak (plika sistema ezartzea eta sarbide librearen eta barne promozioaren txandak bereizita egitea).

 

Bost proposamen hauetatik, bi gomendio gisa izapidetu dira (horietako bat arauen esparrukoa), beste bietan ez da inolako eskubide urraketarik ikusi eta azkena, langabeziaren estatu mailako prestazioaren kalkuluari dagokiona, Administrazio zentralari igorri zaio.

 

Haurren eta nerabeen egoerari buruzko balorazioari dagokionez, jasotako datuek agerian uzten dute, azken urteotako joerarekin bat, areagotu egi dela adingabeen babes-sistemaren jarduera. 2019an artatutako adingabeen kopurua aurreko urteetakoa baino nabarmen handiagoa da (2.411); hau da, 2018an baino 667 gehiago eta 2017an baino 706 gehiago. Oro har, % 140 hazi da orain dela hamar urteko datuen aldean.

 

Elementurik aipagarriena da bakarrik dauden haur eta nerabe atzerritarrak artatzeko programa, beste autonomia erkidegoetan ere gertatzen den moduan. Horrek, Nafarroaren kasuan behintzat, eragina dauka babes-sistema osoan (babesgabetasuna eta egoitza-zaintza).

 

Oro har, nabarmen igo da babesgabetasun egoeran dauden adingabeen kopurua (22, 2018ko 144ren aldean), tutoretzapekoena (574/427) eta zaintzapean (1301/797) daudenena.

 

Esparru horretan, berretsi egiten da zaila dela familian hartzearen modalitatearen aldeko legezko lehentasuna baliaraztea egoitzakoaren edo erakundekoaren aldean, azken modalitate horrek harreren % 60,8 egiten baitu.

 

Gauzak horrela, Arartekoaren bulegoaren iradokizuna da behar adina baliabide eman behar zaizkiola adingabeen babes-sistemari, halako moduan non haren esku-hartzea prebentziora eta arreta goiztiarrera bideratuko baita arrisku-egoeretan, eta koordinazioa hobetzeko, instituzionalizazio kasuak minimizatzeko eta familian hartzea bultzatzeko ahalegina eginen baita. Egokia izanen litzateke, halaber, bakarrik dauden adingabeei kasu emateko programak mantentzea, gainontzeko administrazio publiko eskudunekin lankidetzan.

 

2019an zehar, Nafarroako Arartekoak hiru txosten egin zituen, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak eskatuta. Horietako bi, ustez oinarrizko eskubideak urratzeagatik: grebarako eskubidea, Huertas de Peralta enpresako langileen kasuan, eta herritarrena, Iruñeko alde zaharreko bizilagunen kasuan, Foruzaingoak Rozalejoko Markesaren higiezina inguratu zuenean, ikuskatzaileek higiezinean esku hartzea ahalbidetzeko. Hirugarren txostena Arartekoari euskaraz edo euskara dela-eta azken lau urteotan aurkeztutako kexen kopuruari buruzkoa izan da.

 

Azkenik, jasota geratu da Arartekoak Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluaren hamar bilkuratan parte hartu zuela, eta organo horrek hartutako erabakietako bostetan berak egin zuela txostena. Kontseilu hori herritarrek informazio publikoa eskura izateko eskubidea bermatzeko sortu zen, bai eta Nafarroako administrazioei eta entitateei dagokienez publizitate aktiboaren arloko legezko betekizunak betetzen direla zaintzeko ere.

 

Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa Nafarroako Parlamentuaren aginduz herritarren eskubide eta askatasun publikoak errespetatzeaz eta hobetzeaz arduratzen den erakundea da, eta, helburu horri helduta, Nafarroako administrazio publiko guztien jarduna gainbegiratzen du.