Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Azaroak 21

Administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurri batzuk onesten dituen urriaren 23ko 4/2019 Foru Lege Dekretua

Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko azaroaren 21ean

Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, aho batez onetsi du urriaren 23ko 4/2019 Foru Lege Dekretua baliozkotzea, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen arloko presako neurri batzuk: besteak beste, gradu-ordainsaria atzeraeraginez ordaintzea administrazio araubidean aldi baterako kontratatutako 8.045 langileri, aitatasun baimena eta amatasunekoa parekatzea, eta bitarteko irakasleen kontratua udako hilabeteetara zabaltzea.

 

Gobernuak igorritako testuan jasorik dago gradu-ordainsaria ordaintzea (azaroko nominan) administrazio araubidean aldi baterako kontratatutako langile guztiei, atzeraeraginez, 2015eko urtarrilaren 1etik hasita. Kostua 72 milioikoa izanen dela kalkulatu da, eta horietatik 18 dagozkio 2019ko ordainketari. Urteko zenbateko hori aldatu eginen da ekitalditik ekitaldira, aldi baterako zenbat langileri dagokien gradua kobratzea (Administrazioan 6 urte eta 7 hilabetez lan eginda lortzen da osagarri hori, eta orain arte funtzionarioek bakarrik kobratzen zuten). Aldi baterako 8.045 langilek jasoko dute erabaki horren onura eta batez beste 6.919 euro kobratuko dituzte azaroko nominan, atzeraeragina dela eta.

 

Batez beste jaso beharreko zenbatekoak antzinatasunaren araberakoak izanen dira. Hala, gutxien kobratuko duten 317 pertsonak 38,59 euro jasoko dituzte, eta beste muturrean 19 pertsonak 42.963 euro hartuko dituzte batez beste. Antzinatasunaren araberako talde ugariena batez beste 2.959 euro kobratuko dituzten pertsonena da, eta 2.747 langilek osatzen dute talde hori; beste 2.304 pertsonak 7.187 euro kobratuko dituzte batez beste. Atzeraeraginez ordaindu beharreko zenbatekoez gain, gradu-ordainsaria dela eta (maila bakoitzeko oinarrizko soldataren % 9), aldi baterako administrazio-kontratua izan eta hemendik aurrera osagarri hori kobratzeko eskubidea duten langileek hilean 105,09 eta 172,91 euro gordin bitarte kobratuko dituzte, hau da, urtean 1.471,26 eta 2.420,74 euro gordin bitarte; bakoitzak bere mailari dagokiona kobratuko du.

 

Bestalde, prestakuntza-promozioan ari diren funtzionarioei edo egoera berezian eta aktiboan daudenei Nafarroako Gobernuak eskubidea aitortzen die betetzen ari diren lanpostuaren maila duten langileek bezainbesteko gradu-ordainsaria kobratzeko. Beraz, gradu-ordainsaria (maila bakoitzeko oinarrizko soldataren % 9) kalkulatzeko, kontuan hartuko da pertsona hori betetzen ari den lanpostuaren mailako oinarrizko soldata, nahiz eta beheragoko lanpostu baten jabe izan. Hori Foru Administrazioko 779 langileren mesederako izanen da, batez beste 2.938 euro kobratuko baitituzte. Ia 3.000.000 euroko kostua ekarriko du, eta horietatik 627.000 euro ordainduko dira 2019an.

 

Nafarroako gainerako administrazio publikoek haiek aukeratzen duten moduan ordainduko dute gradu-ordainsariengatik ordaindu behar duten atzeraeragina, beren aurrekontu erabilgarritasunaren arabera.

 

Aitatasun eta amatasun baimenak

 

Gainera, foru lege dekretuak dio Foru Administrazioko langileek amatasun eta aitatasun baimenak jaso ahalko dituztela Estatuko gainerako langileek dituzten baldintzekin. Horrenbestez, aitatasun eta amatasun baimenek 17 aste iraunen dute biek ere, eta laburtu egin dira foru araudian eta Estatuko araudian parekatze horretarako aurreikusitako epeak.

 

Nafarroako Parlamentuak 2019ko urtarrilean onetsi zuen foru legeak ezarri zuen 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera parekatuko zirela baimenak, eta Estatuko araudiak 2021. urterako aurreikusten du 16 asteko iraupen parekatua. Hala, bada, Nafarroako Foru Administrazioan ama biologikoa beste gurasoarekin parekatuko da eta biek izanen dute 17 asteko baimena: erditu ondoren 6 aste jarraian hartuko dituzte nahitaez, eta gainerakoak zatikatu ahal izanen dituzte.

 

Erabaki hori hartuta, Nafarroa aitzindaria da langileen bizitza pertsonala eta familia bateratzea sustatzen, bi gurasoen erantzukidetasunaren printzipiotik abiaturik. Izan ere elementu horiek funtsezkoak dira gizonen eta emakumeen arteko tratu eta aukera berdintasunaren printzipioa betetzeko.

 

Irakasleen kontratuak udara zabaltzea

 

Ikasturte bakoitzean, irailaren 1etik ekainaren 30era bitartean, 165 egun naturaleko edo gehiagoko aldi batez administrazio araubidean kontratatzen diren eta zerbitzuak ematen dituzten unibertsitateaz kanpoko irakasleek eskubidea izanen dute beste kontratu bat egiteko urte bereko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra arte, bi egun horiek barne. Ikasturtean zehar izenpetutako kontratu luzeenak izan dituen ezaugarriak izanen ditu kontratu berri horrek, ikastetxeari, irakaskidegoari, espezialitateari, hizkuntzari, profilari eta lanaldiari dagokienez.

 

Iragan 2018-2019 ikasturtean 165 egun naturalez edo gehiagoz zerbitzuak eman zituzten 731 irakaslek jasoko dute kontratuak udara zabaltzearen onura, uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitarteko aldiagatik. Ordainketa hori Hezkuntza Departamentuak eta irakasleen sindikatuek 2018an lortutako Hezkuntzako Itunaren ondorio da.

 

Kontratuak udako hilabeteetara zabaltzeak 2018-2019 ikasturteari dagokionez 4.952.000 euroko kostu ekonomikoa izanen duela kalkulatu da.