Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Martxoa 2

2020ko martxoaren 2ko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, MARTXOAK 2– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, martxoak 2–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da egin beharreko aurrekontu-aldaketak egin ditzan, Erronkari Ibarreko CAIDISa berritzeko eta handitzeko obrak 2020an buka daitezen. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da egin beharreko azterlanak egin ditzan, Google eta Tobin tasek gure erkidegoan diru-bilketaren gainean izanen luketen eragina ezagutu ahal izateko. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da ospitalearteko joan-etorriak oinarrizko bizi-euskarriko anbulantzietan egiten direla berma dezan, osasun-laguntza bermez emateko. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Kultura eta Kiroleko kontseilariak Nafarroako Kulturaren Atari Digitalaren ezarpena zertan den azaltzeko egin behar zuen agerraldia erretiratzea. Geroa Bai talde parlamentarioko Ana Isabel Ansa Ascunce andreak aurkeztu du.

- Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkariarena, Polizia Nazionalak 2020ko otsailaren 21ean izan zuen jokabidea azal dezan, haren ondorioz atxilotu egin baitzuten zauritutako adingabe bat. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Erizain Espezialisten Plataformarekin, erizaintzako espezialitateak garatu ostean erizaintzako profesionalen egoera zein den azal dezaten. Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- SEPHORA enpresako langileekin, beren lan egoerari eta grebarako deialdia egiteko arrazoiei buruz informa dezaten. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Fenilzetonuriaren nahiz bestelako nahasmendu metabolikoen Nafarroako Elkartearen ordezkariekin, patologia horien egoera, egindako aurrerabideak eta egiten dituzten proposamenak azal ditzaten. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Ipar hegoa/Iratzar Fundazioaren ordezkariekin eta Carole Patemanekin, haren teoria feminista azal dezaten. Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Funesera, Aragoi eta Arga ibaien elkarguneko obretara. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Tuterako Reina Sofía Ospitaleko Hemodialisi unitate berriari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Patricia Fanlo Mateo andreak aurkeztu du.

- Castejongo Dos de Mayo HLHIPari ingelesez ikasteko programatik irtetea ukatzeari buruzkoa. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoko María Luisa De Simón Caballero andreak aurkeztu du. .

- Babes ofizialekoak izateari utzi baina dirulaguntzak jasotzen jarraitzen duten etxebizitzetan gehiegizko errenta-gehikuntzak arintzeko neurriei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.

- ICER Rail enpresak bizi duen lan-gatazkan bitartekotza egiteko aukerari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Laura Aznal Sagasti andreak aurkeztu du.

- Nafarroan Errepide-ituna egiteari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- N-121-A errepideko obrei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- N-121-A errepideari dagokionez aztertutako alternatibei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Isabel Olave Ballarena andreak aurkeztu du.

- Nafarroan Irakaskuntza Publikoaren Kalitatea Hobetzeko Itunari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Pedro José González Felipe jaunak aurkeztu du.

- Osasun-arreta jarraitu eta larrialdikoari buruzko otsailaren 14ko 2/2013 Foru Legea ez betetzeari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Erripagañako Erripako etxebizitzei buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren esparruan jakinarazpen elektronikoen zerbitzu-ematea arautzen duen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abenduaren 31ko 99/2019 Foru Aginduari buruzko galdera berrestea. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- NASUVINSAk eta Arkitektura eta Gizartea Fundazioak sinatutako hitzarmenari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak jasotzat eman du Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko informazioa, 2019 urteari buruzkoa.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak erabaki du Kontuen Ganberari igortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2020ko urtarrilean egindako aurrekontu-aldaketak, txostena prestatze aldera. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Ikusirik Zerbitzu Juridikoen txostena, Eledunen Batzarrak erabaki du ez onartzea Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak 2020ko urtarrilaren 27an hartutako erabakiaren aurka Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak eta Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztutako errekurtsoa.

 

Erabaki hura Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioari X. legegintzaldian esleitutako eta ordaintzeke dauden dirulaguntzei buruzkoa zen, eta esaten zuen esleipen horiek mugatu behar dutela, logikoki, aipatu talde parlamentarioak eratu eta beren eginkizunak betetzen dituzten aldira, eta aldi hori da legegintzaldia, zeinaren amaieran taldeak desegiten baitira, eta, hala, behin-behineko izaera hori dela-eta, ezin direla hurrengo legegintzaldietan sor daitezkeen talde parlamentarioei transferitu”.

 

Orain, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztutako errekurtsoa dela-eta eginiko txostenak ondorioztatzen du “ezin dela errekurtsorik jarri Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak 2020ko urtarrilaren 27an hartutako erabakiaren aurka, ez delako berraztertze-araubidearen mendeko egintza bat eta, ondorioz, bidezkoa da Eledunen Batzarrak ez onartzea Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Buil García jaunak eta Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztutako errekurtsoa”.

 

“Era berean, Mahaiaren aurreko berraztertzeko errekurtsotzat hartzen badugu ere, bidezkoa da ez onartzea auzi-jartzaileen legitimazio faltagatik, foru parlamentarien elkarte berri bat delako, Podemos Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaz bestelakoa, talde hura IX. legegintzaldia amaitzean desagertu baitzen”.

 

- Sare sozialetan zabaldutako bideo baten grabazioari buruz Navarra Suma talde parlamentarioko Alberto Bonilla Zafra jaunak aurkeztutako informazio-eskaria dela-eta, Legebiltzarraren egoitzako espazioen erabilera arautze aldera une honetan taxutzen ari diren arauetara jo beharko dela erabaki du Mahaiak.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez, martxoaren 8an emakumeen nazioarteko eguna ospatzearen karietara, Nafarroako Parlamentuak adierazten baitu arreta berezia jarri behar dela autismoaren espektroko nahasmendua daukaten emakumeengan. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Martxoaren 8an emakumeen nazioarteko eguna ospatzearen karietara, Nafarroako Parlamentuak adierazten du arreta berezia jarri behar dela autismoaren espektroko nahasmendua daukaten emakumeengan, kolektibo hori urteetan egon baita isilean gordeta genero-lerratzearen ondoriozko diagnostiko berantiar edo okerra dela medio.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela orain arte lan egitean baliatu diren genero-diskriminazio ugarien norabidea aldatzea eta beste ikuspuntu batetik ikusten hastea autismoaren espektroko nahasmendua, zientziak, ikertzaileek eta espezialistek albait lasterren detektatu ahal izan dezaten nahasmendu hori emakumeen kasuan, eta beren beharrizanetara egokitu dezaten, nahasmendu hori daukaten gizonenak ez bezalakoak baitira sarritan”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, eta berdintasunaren arloko tokiko politiken zalantzarik gabeko aitzindaritza aitortzen baitu. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du heldu den martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berdintasunaren arloko tokiko politiken zalantzarik gabeko aitzindaritza aitortzen du, eta konpromiso sendoa kausitzen du horietan, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren giza eskubidea sustatzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak politika publikoetan berdintasunaren printzipioa jasotzea ahalbidetuko duen beste ikusmolde bat bermatzeko konpromisoa hartzen du.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gure erkidegoko emakumeen errealitate berariazkoak ikusarazten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, bai eta oraindik indarrean dauden desberdintasun-adierazpen guztiei garrantzia ematekoa ere.

 

5. Nafarroako Parlamentuak mugimendu feministari bere borroka eta eskarietan laguntzeko konpromisoa hartzen du.

 

6. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela gogoan izatea genero-berdintasuna justizia sozialaren nahiz giza eskubideen ikusmolde partekatua dela. Gizateria osoaren ardura da –eta bereziki, gobernuena, eskubideen berme-emaile nagusiak diren aldetik– jardutea”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitie sexu-indarkeriatik bizirik atera direnei, bereziki Afrikako lekualdatzeen eta gatazka armatuen testuinguruetan. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak elkartasuna adierazten die sexu-indarkeriatik bizirik atera direnei, bereziki Afrikako lekualdatzeen eta gatazka armatuen testuinguruetan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak babesa ematen die bizirik atera direnentzako aukerak sortzeko lan egiten duten eta egoera hori sorrarazten duten egiturazko arrazoiak salatzen dituzten organizazioei.

 

3. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Nafarroako gizartean abegikortasunaren kultura eraikitzen eta indarkeria- eta gatazka-egoera horietatik ihes egiten duten pertsona migratzaile eta errefuxiatuak hartzen lan egiteko.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako, Espainiako eta Europako erakundeen aurrean lan egiten jarraitzeko borondatea du, kausa eta pertsona horiek artatzen ari diren nazioarteko lankidetza-prozesuak indartzeko. Horretarako, aurrekontu-konpromisoak beteko ditu, eta elkarrekiko ikaskuntzei eta bizirik atera diren pertsonen eta haien familien bizi-bitartekoei garrantzia emanen dieten kalitatezko programak beteko ditu.

 

5. Nafarroako Parlamentuak teknologiaren kontsumo arduratsua sustatzeko konpromisoa hartzen du, eta ohartzen da teknologia hori posible egiten duten mineralak gatazkan dauden eremuetatik datozela gehienbat; esaterako, Kongoko Errepublika Demokratikotik.

 

6. Nafarroako Parlamentuak bere babesa ematen die "Aldizkako Azterketa Unibertsala" izeneko txostenean egindako gomendioei, zeina Nazio Batuek egin baitute Kongoko Errepublika Demokratikoan giza eskubideak direla eta.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak dei egiten baitio EBri, Idlib-en su-etena exigi dezan eta Turkiak egoera bereziki ahulean dauden pertsonak erabiltzea gaitzets dezan. Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak dei egiten die Europar Batasuneko kideei eta, bereziki, Espainiako Gobernuari, su-etena exigi dezaten Idlib-en, non, Nazio Batuen arabera, mende honetako hondamendi humanitario handiena gerta baitaiteke.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari dei egiten dio Turkiak, bere interes politikoen mesedetan presionatze aldera, egoera bereziki ahulean dauden pertsonak erabiltzea gaitzets dezan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Europar Batasunari dei egiten dio lege-bide seguruak taxutu ditzan migratzaileentzat edo errefuxiatuentzat, nazioarteko hitzarmenak eta giza eskubideen oinarrizko arauak betez.

 

4. Nafarroako Parlamentuak dei egiten dio Europar Batasunari egun Grezian eta Italian dauden errefuxiatu eta migratuen banaketa proportzionala egin dadin Europar Batasuneko 27 kideen artean”.

 

GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK:

- Mahaiak baimena eman du Saharar errefuxiatuen Tindoufeko kanpamentuetara bidaia instituzionala egin dadin. Proposamena Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoaren koordinatzaile Mena Blasco jaunak aurkeztu du.