Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Otsaila 27

2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2020ko otsailaren 27an

Nafarroako Parlamentuak gaur onetsi du, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bildu eta I-Eren abstentzioekin 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legea. 4.573.798.028 euroko kredituak bildu dira, horietatik 4.256.568.023 gastu ez-finantzarioari dagozkio eta 317.230.005 gastu finantzariori. Navarra Sumak aurkako botoa eman du.

 

Legearen 1. artikuluan jasorik dagoenez, 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrek, zeinetan 4.573.798.028 euroko kredituak bildu diren, atal hauek dituzte: Parlamentuaren, Kontuen Ganberaren eta Arartekoaren aurrekontuak; Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen aurrekontua; Nafarroako Kontseiluaren aurrekontua; Foru Komunitateko fundazio publikoen aurrekontuak; eta Foru Komunitateko sozietate publikoen aurrekontuak.

 

Bigarren artikuluan ageri denez, 4.256.568.023 eurokoa da gastu ez-finantzarioaren muga, 2019koarekin alderatuz % 5,9 gehiago. Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 34. artikuluan dago araututa muga hori. 2019rako aurrekontuarekin alderatuz, desberdintasuna 240.015.738 eurokoa da.

 

Aurrekontu-egonkortasunaren arloko helburuak betetze aldera, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoaren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat, 3.434.611.308 euroko muga ezarri zaio gastu ez-finantzarioari, behin Toki Ogasunen Funtsa deskontatuta.

 

Hirugarren artikuluan ezarritakoaren arabera, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen aginduen araberakoak izanen dira aurrekontu-kredituen aldaketak, onetsitako foru legeak agindu horiek aldatzen ez dituen heinean.

 

Hala ere, ez dira aurrekontu-aldaketatzat hartuko partiden arteko funts mugimenduak, baldin eta, partida horietan agertzen diren kredituek helburu bera izanik, partida ezberdinetan kokatuta badaude Europar Batasunak gastuen erabilera hobeto kontrolatze aldera halaxe exijitzeagatik, gastuak hein batean hark kofinantzatuak izatearen ondorioz.

 

Europar Batasuneko programen aurrekontu-aldaketei dagokienez, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiak txostena egin ondoren, aurrekontuetan behar diren aldaketak egiteko baimena eman ahal du, EBk kofinantzatutako programa eta proiektuak ekitaldian zehar ahalik eta hobekien betetzeko, Europako Batzordeak hasierako dokumentuan onetsitakoari edo ondoren jarraipen batzordeek edo Batzordeak berak eginiko aldaketei jarraituz. Aurrekontu-aldaketak gastuen egoera-orrietan agertzen diren edozein motatako kredituen bidez finantzatu beharko dira.

 

Gaur Osoko Bilkuran onetsitako 12 in voce zuzenketak jasotzen ditu legeak, aldez aurretik otsailaren 10 eta 14 bitartean Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean eztabaidatu (955 zuzenketa eztabaidatu ziren) eta irizpenean jaso diren 269 zuzenketei gehituz (horiek guztiak, 4 izan ezik, Gobernua babesten duten lau taldeek soilik sinatu dituzte). Onetsitako zuzenketen balioa 22.628.540 eurokoa da.

 

Osoko Bilkuran, beraz, Navarra Sumak (554) eta Izquierda-Ezkerrak (16) mantendutako zuzenketak eztabaidatu dituzte, eta 14 in voce, horietatik hiru Navarra Sumak sinatuta.

 

Testu artikulatuari aurkeztutako zuzenketak

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu taldeek eskaturik, beste xedapen bat gehitu zaio Nafarroan Etxebizitza izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2020 Foru Legeari, asmo honekin: “etxebizitzen eskuragarritasuna bermatzen jarraitzea alokairuko babes ofizialeko etxebizitzetan bizi diren familiei, babes araubidea bukatu bazaie”.

 

Horretarako, orain arteko betekizun, baldintza eta portzentaje berekin dirulaguntzak mantendu ahal izateko, bi gauza eskatuko dira: “hileko alokairuaren prezioak ez gainditzea PFEZari buruzko Foru Legearen testu bateginak, 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak, 68 quinquies artikuluko C letran aurreikusten duena; eta etxebizitza Tuteran egotea, edo Nafarroako Lurralde Estrategiaren 10. eremuko 10.4 azpieremuan, hau da, Iruñeko Metropolialdean”.

 

Hala, hiru hilabeteko epea iragan baino lehen Nafarroako Gobernuak neurri osagarriak aurkeztuko ditu “babes epea amaitzearen ondorioz gerta daitezkeen errenta-gorakadak leuntzeko, gehiegizkotzat jotzen badira, familia maizterren diru-sarrera haztatuen maila kontuan harturik”. Zuzenketa horrek aurrera egin du. Hona hemen bozketaren emaitza: PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek alde bozkatu dute eta EH Bilduk eta Navarra Sumak abstentzioa.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen proposamenez, azken xedapen bat gehitu zaio Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeari, 110. eta 111. artikuluen arteko kontraesan bat ebazteko, prezioen berrikuspenaren kalkuluan kontuan hartu behar den data dela-eta. Kontraesana argituz, 110. artikuluan ezarritako erreferentzia berretsi da. Beraz, erreferentziatzat hartuko da “kontratuaren adjudikazioaren data, betiere adjudikazioa hiru hilabeteko epean egiten bada eskaintzak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita, edo hiru hilabeteko epe hori amaitzen den data, adjudikazioa ondoren egiten bada”. Zuzenketa horrek aurrera egin du. Aho batez onetsi da.

 

Berriz ere PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek eskaturik, 20. artikulua aldatzeko zuzenketa bat onetsi da, Nafarroako Parlamentuarentzat, Kontuen Ganberarentzat, Arartekoarentzat eta Nafarroako Kontseiluarentzat ezarritako aurrekontu-zuzkiduren araubidea Jardunbide Egokien aldeko eta Ustelkeriaren kontrako Bulegoari ere aplikatzeko. Hala, independentzia organiko eta funtzionalik galdu gabe, bulego hori Foru Administrazioaren ekonomia- eta aurrekontu-kudeaketaren mende egonen da, Nafarroako Kontseiluarekin gertatzen den bezala. Beharrizan handiagorik justifikatu ezean, transferentzia arruntak jasoko ditu, hiruhileko aurreratuetan. Zuzenketa horrek aurrera egin du. Hona hemen zuzenketaren emaitza: PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dgu eta I-Ek alde, Navarra Sumak aurka.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu ados jarri dira beste zuzenketa baten bitartez 46 bis artikulua gehitzeko, Diru-sarrerengatik kredituak sortzea izenekoa, helburu honekin: “oposizioetan kobratzen diren tasek kreditua sortu ahal izatea epaimahaiei ordaintzeko, ordainketa atzeratu ez dadin”. Zuzenketa horrek aurrera egin du. Aho batez onetsi da.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeen gehitze-zuzenketa bat ez da izapidetzeko onartu, Navarra Sumak aurka egin diolako; haren iritziz, “berariaz aipatu gabe, aldaketa garrantzitsu bat eraginen luke Osasunari buruzko Foru Legean”. Zuzenketak “Nafarroan osasun laguntzaren barruti bakarra egotea” zuen helburu, “espezialisten eskasiaren ondorioz ospitaleetako plantilletan duten defizita arintze aldera”. Lizarrako eta Tuterako barrutietan osasun laguntzaren beharrizanak ase ahal izateko, “Iruñeko barrutiko profesionalak behin-behinean haietara eramatea” proiektatzen zen. “Beharrizana” egiaztatu behar zen, eta ukitutako profesionalen, zerbitzuen eta zentroen “adostasuna” bildu.

 

Aldi baterako izendapena “plantillak osatzearekin batera amaituko litzateke, ez luke aldaraziko behin-behineko langilearen jatorrizko izendapena, eta lekualdaketaren ondoriozko gastuak ordainduko lirateke, Foru Komunitatean aplikatzen den araudiari jarraituz”. Aurreikuspen hori indarrean jartzea “dagokion negoziazio-mahai sindikalaren deialdiaren mende” geldituko litzateke; Osasun Departamentuak mahai horretara eraman beharko luke, “hilabeteko epean, antolaketaren, txanden eta ordain ekonomikoen proposamena, betiere profesionalen arteko proportzionaltasunaren eta zuzentasunaren printzipiotik abiatuta”.

 

Gastu partidei in voce egindako zuzenketak

 

Ekonomia eta Ogasun Departamentua

 

- Zuzenketa, Gizarte Segurantza izeneko partidan gastuei 9.000 euro gehitzekoa. Helburua da “nekazaritzako ingeniariaren profil batekin indartzea NBEUF-LGENF laguntzak kontrolatzeko unitatea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuan; hori lagungarria izanen da EBk ezarritako eskakizunak betetzeko”. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Enkargua Tracasa Instrumental sozietateari. NBEUF-LGENF funtsen kontrolak bertatik bertara, ziurtapenerako auditoriaren barnean izeneko partidaren kargura finantzatuko da. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi egin da.

 

- Zuzenketa, Langile finkoen ordainsariak izeneko partidan gastuei 28.000 euro gehitzekoa. Helburua da “nekazaritzako ingeniariaren profil batekin indartzea NBEUF-LGENF laguntzak kontrolatzeko unitatea, Ekonomia eta Ogasun Departamentuan; hori lagungarria izanen da EBk ezarritako eskakizunak betetzeko”. Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren Enkargua Tracasa Instrumental sozietateari. NBEUF-LGENF funtsen kontrolak bertatik bertara, ziurtapenerako auditoriaren barnean izeneko partidaren kargura finantzatuko da. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua

 

- Zuzenketa, gastuei 50.000 euro gehitzekoa, Artziko jauregiaren ingurunea egokitzeko jarduketak izeneko partida berrirako. Xedea da “egokitze obrak egitea, laster egitekoak diren zaharberritze lanen aurretik”. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren Artzibarko Udala - Artziko jauregiaren ingurunea egokitzeko jarduketak izeneko partidaren kargura finantzatuko da. Zuzenketa horrek ordeztu egiten du Batzordean onetsitako 32 zenbakiko in voce zuzenketa. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

Hezkuntza Departamentua

 

- Zuzenketa, gastuei 60.000 euro gehitzekoa, Atarrabiako Lorenzo Goicoa ikastetxe publikoko patioko pistaren inguruan itxitura jartzeko obrak izeneko partida berrirako. Eremu hori hobetu egin nahi da “eskola ordutegian jolastoki gisara erabil dadin eta kirol eskolek kirolgune gisara erabil dezaten, itxitura jarrita, barruti osoa edo zati bat itxi ahal izateko, eguraldiaren arabera”. Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren Atarrabiako Kale Nagusian hondakin-edukiontziak lurperatzeko obrak partidaren kargura finantzatuko da. Zuzenketa horrek ordeztu egiten du Batzordean onetsitako 143 zenbakiko in voce zuzenketa. PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez onetsi da.

 

  • www.parlamentodenavarra.es

  • Foru Lege Proiektua (3. NPAO, 2020-01-14koa)

  • Zuzenketak (8. NPAO, 2020-01-23koa)

  • Zuzenketak (17. NPAO, 2020-02-05ekoa)

  • Irizpena (25. NPAO, 2020-02-05ekoa)