Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Ekainak 15

2020ko ekainaren 15eko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, EKAINAK 15– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, ekainak 15–, 10:00etan, eta erabaki hauek hartu dituzte:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Foru Lege proiektua, aparteko kreditua ematekoa, haren bidez Iruñeko Abokatuen Elkargoari zuzeneko dirulaguntza bat emateko, espetxe-zuzenbideari buruzko web orri espezializatuaren finantzabide gisa. Presaz eta irakurketa bakarrean eztabaidatuko da ekainaren 25eko Osoko Bilkuran. Zuzenketak aurkezteko epea ekainaren 24an, asteazkenean, amaituko da, 12:00etan.

 

AGERRALDIAK:

- Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariarena, Datuaren Manifestu Etikoari buruz informa dezan: jendaurreko epean zehar egindako ekarpenak, aplikazio praktikoa eta manifestua sakon ezagutzeko informazio guztia. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariarena, COVID-19a dela-eta alarma-egoeraren ondorioz abian jarri diren abal-lerroen betetze mailari buruz informa dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea jaunak aurkeztu du.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Kultura eta Kirol Departamentuak sektoreko eten digitala arintzeko hartu dituen neurriei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Raquel Garbayo Berdonces andreak aurkeztu du.

- Herritarren konfiantza berreskuratzeko eta kirol nahiz kultur esparru itxietara segurtasunez itzultzea sustatzeko hartu diren neurriei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Raquel Garbayo Berdonces andreak aurkeztu du.

- Zaharrentzako egoitzetako deseskalatze-prozesuari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Isabel Aramburu Bergua andreak aurkeztu du.

 

IDATZIZKO GALDERAK:

- Transakzio finantzarioen gaineko zergari eta zenbait zerbitzu digitalen gaineko zergari buruz Ministroen Kontseiluak 2020ko otsailaren 18an onetsitako lege proiektuei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- Petilla Aragoiko osasun-egoerari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Nafarroan osasun eskualde oinarrizko guztiak 2. fasera igarotzea justifikatu duten datuei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Nafarroan osasun eskualde oinarrizko guztiak 3. fasera igarotzea justifikatu duten datuei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Zahar-etxeetan hildakoei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

 

COMPTOS GANBERAREN TXOSTENAK. AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman du Kontuen Ganberaren 2020rako lan-programan honako txosten hau sartu izana: COVID-19aren krisia dela-eta Nafarroako Gobernuak 2020ko martxoaren 1etik ekainaren 30era bitarte obrak, hornidurak eta zerbitzuak kontratatze aldera baliatutako prozedura publiko guztien eraginkortasunari, efizientziari eta legezkotasunari nahiz langileen kontratazioari eta dirulaguntzei buruzko txostena. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiaren 2020ko ekainaren 8ko erabakiaren berri izan du. Erabaki horren bidez, Iruñerriko Hiri Garraioari buruzko VII. Plana, 2020koa, onetsi da (Iruñerriko Mankomunitatea).

- Ekainaren 18ko (osteguna) 17:30ak arteko epe bat ireki da, Iritzi Publikoari buruzko Nafarroako Parlamentuaren 2020ko Barometroan (2020ko edizioa) sartu beharreko ordezko galderen edo galdera osagarrien proposamenak aurkezteko.

- Mahaiak aho batez onartu du Ganberaren egoitza berdez argiztatzeko proposamena, Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (ELA) Munduko Eguna dela eta.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Diputatuen Kongresuarekin eta Espainiako Gobernua premiatzen baitu balio demokratikoekin bateraezinak diren jokabideak izan zituzten diktadura frankistako funtzionario eta agintariei, bereziki Antonio González Pachecho inspektore ohiari (goitizenez, Billy el Niño), emandako kondekorazioak eta sariak baliogabetzeko.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Diputatuen Kongresuarekin, eta Espainiako Gobernua premiatzen du:

 

1. Modu eraginkorrean baliogabetu ditzan Estatuak diktadura frankistako funtzionarioei edo agintariei emandako kondekorazio eta ordainsariak, baldin eta, horiek eman aitzin edo ondoren, giza eskubideen babesa gidatzen duten printzipioekin eta balio demokratikoekin nabarmen bateraezinak diren jarrerak edo ekintzak egin badituzte. Baliogabetze hori orobat egiten ahalko da heriotzaren ostean, kondekorazioa jaso zuen pertsona hilda badago. Betiere, baliogabetzeak berekin ekarriko du ordainsariari datxezkion eskubide guztiak galtzea –baita ekonomikoak ere–, baliogabetzea deklaratzen duen ebazpena jakinarazten denetik aitzina.

 

2. Zehazki, baliogabetu eginen dira erregimen frankistako inspektore ohi Antonio González Pachecori (goitizenez, Billy el Niño) emandako kondekorazioak, zeina tortura nahiz gizateriaren aurkako krimenak direla-eta inputatu baitzuten bere garaian, Buenos Airesko (Argentina) Krimen eta Zentzategi arloko 1. Epaitegi Federalak irekitako 4591/2010 kausa kriminalean.

 

3. Estatuaren memoria demokratikoaren aurkakotzat jo ditzan diktadura frankistako funtzionarioei edo agintariei beren kargua edo eginkizuna betetzeagatik emandako kondekorazio eta ordainsariak, baldin eta, horiek eman aitzin edo ondoren, giza eskubideen babesa gidatzen duten printzipioekin eta balio demokratikoekin nabarmen bateraezinak diren jarrerak edo ekintzak egin badituzte diktadura frankistaren errepresio-aparatuen parte izatearen kariaz.

 

4. Hartu beharreko araugintza-ekimenak har ditzan, 1936ko kolpe militarra, Gerra Zibila eta frankismoa laudatzea edo gorestea dakarren pertsonentzako nahiz entitateentzako goresmen, izendapen, ohorezko titulu nahiz bestelako ezein molde berrikusteko eta baliogabetzeko, eta 1948tik 1978ra bitarte emanik Gerra Zibilaren nahiz diktaduraren gorespena dakarten noblezia-tituluen katalogo bat egin dezan, titulu horiek kentzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak erabaki baitu Juan Carlos Borboikoa herritarraren erretratuaren margolana Parlamentu honetako Gobernu Aretotik kentzea. Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu du.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek alde bozkatu dute; eta Navarra Sumak aurka bozkatu du.

 

Izquierda-Ezkerrak adierazpen instituzionalaren proposamenarekin batera, erretratua kentzeko eskaera egin dio Parlamentuko Mahaiari. Legebiltzarreko gobernu-organoan egindako bozketan, Unai Hualde lehendakariak, Inma Jurío lehen lehendakariordeak eta Maiorga Ramirez bigarren idazkariak alde bozkatu dute; Yolanda Ibañez bigarren lehendakariordeak eta Juan Luis Sanchez de Muniain lehen idazkariak, berriz, aurka.

 

Adierazpenak beste puntu bat zeukan, onartu ez dena. Navarra Sumak eta PSNk aurka bozkatu dute, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, berriz, alde. Honako hau zioen:

 

“Nafarroako Parlamentuak aldeztu egiten du Diputatuen Kongresuan ikerketa-batzorde bat eratu dadin, Juan Carlos Borboikoa herritarraren ustezko jarduketak direla-eta.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu #LaMejorlección kanpainarekin. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentariek elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak bat egiten du #LaMejorlección kanpainarekin.

 

- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak Garapenerako Laguntza Ofiziala % 0,7koa izatearen konpromisoa berreskura dezaten, beren konpromisoak bete ditzaten eta horren aldeko apustua erabakitasunez egin dezaten, eta gutxienez ere horren % 8 hezkuntzara bidera dezaten. Laguntza hori funtsezkoa da giza eskubideak sustatzeko eta mundu osoan garapen jasangarria lortzeko. Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusibo eta ekitatiborik gabe ez dago garapen jasangarririk.

 

Nafarroako Parlamentuk uste du beharrezkoa dela 2030eko Agendaren helburu guztiak –bereziki, hezkuntzaren arlokoak– finantzatzeko behar adinako aurrekontu bat edukitzea, halako moduan non Garapenerako Laguntza Ofizialak 2008ko krisia baino lehenagoko aurrekontuak berreskuratuko baititu eta hezkuntzan eginiko gastu publikoa handituko baita.

 

Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela herritartasun globalerako hezkuntza eraldatzailea eskola-curriculumetan sar dadin, eta arreta berezia eskain dakion ingurumenaren nahiz gizartearen jasangarritasunari, bai Espainian bai herrialde txirotuetan, garapenerako gure politiken bitartez.

 

Nafarroako Parlamentuak dio hezkuntza ekitatezko, inklusibo eta kalitatezko baterako eskubidea defendatzean eta pertsona guztien bizitza osoan zehar ikaskuntza-aukerak sustatzean Garapen Jasangarriko Helburuen 2030eko Agendan ezarritako xedeak bete daitezen laguntzeaz gain mundua eta gizartea bizigarriagoak izan daitezen lortzen dela.

 

Nafarroako Parlamentuak hezkuntzaren jarraitutasuna ziurtatzeko neurriak hartzeko eta aplikatzeko konpromisoa hartzen du, Larrialdi Egoeretako Hezkuntzarako Agentzien arteko Sarearen gutxieneko estandarretan oinarrituta. Larrialdi egoeretako hezkuntzak laguntza humanitarioaren oinarrizko zutabe izan behar du.

 

Nafarroako Parlamentuaren konpromisoa da Nafarroan bermatzea hezkuntzak funtsezko eginkizuna izan dezan larrialdi honi nahiz beste batzuei erantzutean nahiz etorkizunean COVID-19aren osteko suspertze planak egitean, bai Nafarroan bai mundu osoan. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela eten digitalagatik nahiz bestelako arrazoiengatik urrutiko eskolatze-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak izan dituzten haur eta nerabeak identifikatzea eta gabezia hori konpontzea ahalbidetuko duten neurriak abiaraztea. Babes neurri horiek beharrezkoak diren giza baliabideen nahiz baliabide tekniko eta ekonomikoen eskutik joan behar dute, eta ikastetxeak berriz irekitzen direnean mantendu behar dira.

 

Nafarroako Parlamentuak uste du irakasleei laguntzeko neurriak hartu behar direla, halako moduan non irakasleek beharrezkoak diren baliabideak eta laguntza izanen dituzten, testuinguru honetan irakaskuntzaren kalitatea mantentzeko. Laguntza neurri horiek ikastetxeak berriz irekitzen direnean mantenduko dira

 

Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela laguntza psikosozialeko ekimenak abiaraztea, ikasleei konfinamenduaren ondorioak ahal bezain ongi kudeatzen laguntzeko, bai deseskalatze-prozezuan, bai 2020-2021 ikasturtean “normaltasun berria” deritzonean.

 

Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela aztertzea ea zer aukera dagoen garapen bidean dauden herrialdeen kanpo zorraren ordainketa malgutzeko, penalizaziorik eta interesik gabe, gutxienez ere 2020an. Hartara, herrialde horiek baliabide gehiago izaten ahalko dituzte COVID-19aren krisitik heldu diren erronkei erantzuteko, baita hezkuntzaren esparruan ere.