Noiz argitaratua Astelehena, 2020.eko Apirilak 27

2020ko apirilaren 27ko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, APIRILAK 27– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –astelehena, apirilak 27– 10:00etatik aurrera (Osoko Bilkuren aretoa), eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat jo du Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordearen txostena, Osoko Bilkuren aretoaren gehieneko edukierari buruzkoa (21 eserleku), zeinak kontuan hartzen baititu osasun-agintarien gomendioak; besteak beste, COVID-19aren ondorioz segurtasun-distantziako bi metroak mantentzeari dagokiona.

 

Txosten hori oinarri harturik, erabaki da datorren ostegunean –hilaren 30a– egitekoa den kontroleko Osoko Bilkurari dagozkion eserlekuak honela banatzea: Mahaiko hiru kide ‑lehendakaria, lehen lehendakariordea eta lehen idazkaria‑, bi ordezkari Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugurentzat, bat Izquierda-Ezkerrarentzat, sei Gobernuarentzat ‑lehendakaria eta bost kontseilari‑, eta Legebiltzarreko legelari nagusia. Mahaiko beste bi kideek, bigarren lehendakariordeak eta bigarren idazkariak, prentsa-kabinetatik jarraituko dute datorren osteguneko kontroleko Osoko Bilkura.

 

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, izapidetzeko onartu ditu apirilaren 30eko kontroleko Osoko Bilkurarako aurkeztu diren ahozko galderak.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsi dute beste bilera bat egitea datorren asteazkenean, hilak 29, 17:00etan. Besteak beste, ebaztearren datorren astean egitekoak diren Gobernuko kontseilarien agerraldietarako eskariak izapidetzeko onartzeari buruz eta antolatzearren ostegunerako, maiatzak 7, deituko den Osoko Bilkura.