Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Apirilak 24

2020ko apirilaren 24ko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –OSTIRALA, APIRILAK 24– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –ostirala, apirilak 24–, 12:45etan presentzialki (Osoko Bilkuren aretoan), eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman du Zerbitzu Orokorren txostena, Batzordeen saioak modu telematikoan eta segurtasun-berme guztiekin burutzeko aukerari buruz. Txosten honetan oinarrituta, aho batez onetsi da batzordeak telematikoki aurrera eramateko beharrezkoak diren bitarteko teknologikoak ezartzea. Sistema eragilea martxan jartzeko hiru bat aste beharko dira, apur bat gehiago luzatuko da, ordea, saio mistoak egiteko aukera ematen bada, hau da, kide batzuk presente egonik eta beste batzuk bideokonferentzia bidez.

 

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, jasotzat eman du Parlamentuko Segurtasun eta Osasun Batzordearen txostena, Nafarroako Parlamentuko organoen saioak presentzialki egiteko proposamenari buruzkoa. Segurtasun eta Osasun Batzordeari eskatu zaio Osoko Bilkuren aretoaren gehienezko edukiera zein den zehatz dezan, bi metroko segurtasun tartea mantenduz. Afera hau astelehenean, espazioa neurtu ondoren, argituko da.

 

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki du maiatzaren 9ra arte luzatzea Covid-19aren ondoriozko osasun krisiarekin lotutako ohiz kanpoko euste-neurriak.

 

Kasu honetan, ohiz kanpoko euste-neurriak luzatzeak zenbait aldaketa izanen ditu, tartean Gobernuaren kontrolerako ekimen batzuei lotutako administrazio epeak martxan jartzea: galdera idatziak eta ahozkoak, Nafarroako Gobernuari informazio eta agerraldi eskaerak, beti ere COVID-19ak eragindako krisi pandemikoaren kudeaketari buruzkoak.

 

Aldi berean, Foru Araubideko Batzordeari dagokionez idatzitako kontrol, informazio eta dokumentazio prozedura berezia desagertu da.

 

Gainerakoan, indarrean diraute alarma-egoera martxoaren 14an deklaratu aurretik eta ostean hartutako gainontzeko agindu guztiek, Parlamentuaren funtzionamendua bere "autonomia instituzionala baliatuz” larrialdi sanitarioko egoerara egokitzeko (Kontingentzia Plana).

 

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, Batzordeen eta Osoko Bilkuren egutegia onetsi du. Adostutakoaren arabera:

 

Datorren astelehenean, hilak 27, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala eginen dute (Osoko Bilkuren aretoan, 10:00etan). Jarraian, eledunek prentsaurrekoa eginen dute (streaming bidez emitituko da). Komunikabideek galderak igortzeko aukera izanen dute, ohiko prozeduraren bidez.

 

Asteartean, hilak 28, Osasun kontseilariak agerraldia eginen du batzordean (15:15), Navarra Suma eta EH Bilduk eskatuta.

 

Asteazkenean, hilak 29, Eskubide Sozialetako Kontseilariak agerraldia eginen du batzordean (12:30), Navarra Sumak eskatuta.

 

Ostegunean, hilak 30, Kontrolerako Osoko Bilkura eginen da (09:15).

 

Astelehenean, maiatzak 4, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala eginen dute (Osoko Bilkuren aretoan, 10:00etan). Jarraian, eledunek prentsaurrekoa eginen dute (streaming bidez emitituko da). Komunikabideek galderak igortzeko aukera izanen dute, ohiko prozeduraren bidez.

 

Ostegunean, maiatzak 7, Osoko Bilkura bat eginen da (09:15).