Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Uztailak 18

2019ko uztailaren 18ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO BATZORDE IRAUNKORRAK GAUR, OSTEGUNA, UZTAILAK 18, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorrak bilkura egin du gaur –osteguna, uztailak 18–, 10:00etan, eta erabaki hauek hartu ditu:

 

- Bilkuraren hasiera X. legegintzaldiko Batzorde Iraunkorra eratu da. Organo hori legebiltzarreko lehendakariak, Mahaiak eta Eledunen Batzarreko kideek osatzen dute eta Parlamentuko gobernu-organoa da bi bilkuraldiren artean, halako moduz non bilkura bereziak deitu ahalko baititu, legebiltzarreko erregelamenduko aurreikuspenen arabera. Talde eta elkarte parlamentarioek Batzorde Iraunkorreko ordezko kideak izendatu beharko dituzte.

 

- Eledunen Batzarrak erabaki du Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoei eskatzea txosten bat egin dezaten jakiteko Navarra Sumak aurkezturiko hiru ekimen izapidetu ahal daitezkeen une honetan, Nafarroako Gobernua osatu aurretik, jarduneko gobernu bat dagoela eta legebiltzarreko batzorde arruntak eratu gabe daudenean. Hiru ekimen horiek ondokoak dira: Nafarroako administrazio publikoetan euskara erabiltzeari buruzko Foru Lege proposamena; Nafarroako Gobernuko departamentuetarako eta haren erakunde publikoetarako hizkuntza planen onespena, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren aplikazioaren araberakoa, berehala geldi dezan Nafarroako Gobernua premiatzen duen mozioa; eta Navarra Suma talde parlamentarioko 17 foru parlamentarik aurkezturiko eskaera, Osoko Bilkura berezi bat egitekoa, Nafarroako administrazio publikoetan euskara erabiltzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzeko eta mozioa eztabaidatu eta bozkatzeko, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita berehala geldi dezan Nafarroako Gobernuko departamentuetarako eta haren erakunde publikoetarako hizkuntza planen onespena, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren aplikazioaren araberakoa.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak errefusatzen eta gaitzesten ditu pasatu berriak diren sanferminetan izandako sexu indarkeriako kasu guztiak, eta bere babesa adierazten die eraso horien biktimei. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak errefusatzen eta gaitzesten ditu pasatu berriak diren sanferminetan izandako sexu indarkeriako kasu guztiak.

 

- Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die eraso horien biktimei, bai eta beren familia eta lagunei ere, eta haien pribatutasunerako eskubidea errespetatzen du, biktimen birbiktimizazioa saiheste aldera.

 

- Nafarroako Parlamentuak uste du eraso horiek ez direla modu puntual eta isolatuan gertatzen, baizik eta emakumeen aurkako diskriminazio eta indarkeriazko eguneroko testuinguru baten zati direla, eta horren aurka era sistematiko eta orokorrean jardun behar dela.

 

- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Nafarroako gainerako erakunde publikoekin, mugimendu feministarekin eta herritarrekin batera lanean jarraitzeko, emakumeen aurkako sexu indarkeria eta emakumeen eta gizonen arteko desberdintasun sozial guztiak desagerrarazteko.

 

- Nafarroako Parlamentuak aldezten du berdintasuna erdigunean jarriko duten politika publikoak sustatzea, desberdintasunen amaierara eramanen gaituztenak, eta berdintasunaren kultura sortzearen eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitza lortzearen alde agertzen da irmoki”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere babesa eta elkartasuna adierazten die 2019ko uztailaren 8an Zidakos ibaiaren arroan izandako uholdeek kaltetutako pertsona eta entitateei. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bere babes eta elkartasun osoa adierazten die Zidakos ibaiaren arroan 2019ko uztailaren 8an izandako euriteak Nafarroako erdialdean eragin zituen uholdeek kaltetutako pertsona eta entitateei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten dio uholde horien ondorioz Ezporogin hildako gaztearen familiari.

 

3. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela erakunde eskudunek lehenbailehen ebaztea babes zibileko larrialdiak larriki ukitutako eskualde horretako eskabideak; hain zuzen, Barasoain, Beire, Ezporogi, Garinoain, Leotz, Lerga, Murillo el Cuende, Erriberri, Orisoain, Pitillas, Puiu, Zare, San Martin Unx eta Tafallako udalek aurkeztuak.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Gobernu zentralari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen die arin konpon ditzaten gertaera honen ondorioz ondasun publikoetan izandako kalteak eta, beharrezkoa bada, aurrekontu-kreditu bereziak gaitu ditzatela xede horrekin.

 

5. Nafarroako Parlamentuak bere aintzatespena adierazten die zerbitzu publikoetako langile guztiei, bai eta uholdeak gertatu ziren arratsaldetik bertatik eskualdeko egoera normaltasunera itzul zedin eta bertako bizilagunek jasandako kalteak konpontzen elkartasunez lanean aritu diren boluntario guztiei ere.

 

- Eledunen Batzarrak Navarra Sumak talde parlamentarioak aurkeztutako adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzesten du herritarren ordezkariek ekitaldi publiko ofizialak baliatuta legea urratzeko eginiko edozein ahalegin.

 

Adierazpena UPN eta PSNren aldeko botoekin onetsi da; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak gaitzesten du herritarren ordezkariek ekitaldi publiko ofizialak baliatuta legea urratzeko eginiko edozein ahalegin, are gehiago legea urratzeko ahalegin hori indarkeria-ekintzaz lagunduta egiten bada, ordezkari demokratikoen eta agintaritzaren agenteen aukako hozkaka, ostikoka eta kolpeka.

 

- Nafarroako Parlamentuak gaitzesten du pertsona batzuek, gune publiko masifikatuetako inpunitatearen babesean, kargu publikoen aurka gauzatzen duten hertsapena, hitzezko indarkeria eta indarkeria fisikoa erabilita.

 

- Nafarroako Parlamentuak bere babes osoa agertzen die kargu publiko guztiei, bereziki Iruñeko Udaltzaingoko gizon eta emakumeei, ordenamendu juridikoa eta ordena publikoa modu eredugarrian betearazteagatik, beren integritate fisikoa arriskuan jarrita ere”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Miguel Ángel Blanco eta haren familiarekiko oroitzapenarekin, bai eta Espainia osoan egiten ari diren manifestazio eta omenaldi ugariekin ere. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Navarra Suma, PSN eta Podemos-Ahal Duguk; Geroa Baik 1. eta 3. puntuen aldeko botoa eman du eta abstenitu egin da 2., 4. eta 5. puntuetan. I-Ek 1., 2. eta 3. puntuen aldeko botoa eman du eta 4. eta 5. puntuetan abstenitu da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Bat egiten du Miguel Ángel Blanco eta haren familiarekiko oroitzapenarekin, bai eta xede horrekin Espainia osoan egiten ari diren manifestazio eta omenaldi ugariekin ere.

 

2. Estimua eta errekonozimendua adierazten die ETAren terrorismoaren biktima guztiei, askatasunaren eta zuzenbide estatuaren defentsaren ordezkari baitira.

 

3. Terrorismoaren eta ETA banda terroristaren indarkeriaren arbuioa eta gaitzespena berresten du.

 

4. Errefusatzen du ETAren eta bere hurbileko erakundeen indarkeria terroristaren kontakizuna berridatzi eta zuritu nahi duten guztien ahalegina. Halaber, justifikaziorik gabe errefusatzen du banda terroristarekin harremanik izan duen edozein pertsona goretsi eta omentzeko ekitaldi oro.

 

5. ETAren terrorismoarekin loturiko sare osoaren laguntza exigitzen du, beren esku dagoen eta argitu gabeko atentatuak argitzeko beharrezkoa den informazio guztia eman dezan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak LGTBI pertsonen berdintasun soziala eta diskriminaziorik eza aldezten du. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak adierazten du:

 

1. LGTBI pertsonen berdintasun soziala eta sexu-joera, genero-identitate edo genero-adierazpenagatiko diskriminaziorik eza aldezten ditu; izan ere, eskubide horien aldeko borroka eta talde horrek lorturiko konkista sozialak gizarte osoaren helburu dira, eta ez ideologia edo alderdi politiko baten ondare.

 

2. Errefusatzen du ideologia, iritzi edo ideia politikoengatiko bazterkeria- eta diskriminazio-molde oro, are gehiago Harritasunaren Egunekoak bezalako ekitaldietan gertatzen bada, ekitaldi horien oinarri baitira berdintasun, aniztasun, inklusio, errespetu eta tolerantziaren printzipioak”.

 

Adierazpen-proposamenak baztertu den puntu bat bazeukan. Puntu horren aurkako botoa eman dute PSN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek, eta aldeko botoa, berriz, Navarra Sumak. Hona puntu horren testua:

 

“Nafarroako Parlamentuak erabat gaitzesten ditu Ciudadanos alderdiko ordezkariek Harrotasunaren Eguneko ekitaldietan parte hartzeagatik pairatu behar izan zituzten gorroto eta indarkeria ekintzak, bereziki Madrilen ekainaren 6ko manifestazioan jasandakoak, bai eta zenbait agintari publikok eta LGTBI entitateetako eledunek indarkeria ekintza horiek justifikatuz eginiko adierazpenak ere, biktima errudunetsiz erasotzailea beharrean”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak erabat gaitzesten du uztailaren 6tik 7rako gauean Iruñean izandako sexu erasoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

PSNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; Navarra Suma, berriz, abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

- Erabat errefusatzen du Iruñean salatutako sexu erasoa eta erabateko babesa eta elkartasuna agertzen dizkie emakumeari eta bere inguruneari, bai eta bere eskubideak eta intimitatearekiko erabateko errespetua ere.

 

Halaber, berresten du errefusatu egiten duela Nafarroan gerta daitekeen eraso, indarkeria nahiz jarrera sexista oro, eta konpromisoa hartzen du emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazten, segurtasuna hobetzen eta emakumeek ingurune orotan askatasun osoa baliatu ahal izatea bermatzen laguntzeko.

 

- Adierazten du beharrezkoa dela egungo kultur ereduaren aldaketa ahalbidetzea eta babestea; izan ere, egungo ereduan erasotzailea babesten da eta emakumea errudunesten da. Halaber, gizonei konpromiso bat eskatzen die eraso eta indarkeria ororekin amaitzeko eta gure gizartean egiazko berdintasuna lortzeko lan egiteko.

 

- Herritarrei gonbit egiten die ez daitezen ezer egin gabe gelditu emakumeen aurkako indarkeriaren eta erasoen aitzinean, eta erreklamatzen du emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko eskubidea dutela.

 

- Berresten du sexu erasoen aurkako borrokarekiko konpromisoa eta apustu egiten du emakumeentzako hiri aske baten alde, non askatasunez bizi daitekeen.

 

- Halako gertaeren informazio-trataeran arduraz eta zuhurtasunez jokatzeko dei egiten du”.

 

- Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren, Mahaiak erabaki du X. legegintzaldiko batzorde arruntek 15 kide izanen dituztela, honela banatuta: Navarra Sumako 6 kide, PSNko 3, Geroa Baiko 2, EH Bildu Nafarroako 2, Podemos-Ahal Duguko 1 eta I-Eko 1. Batzordeen osaera horren aldeko botoa eman dute Navarra Sumak eta EH Bildu Nafarroak.

 

Berriz, PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek honako osaera honen aldeko botoa eman dute: 15 kideko batzordeak, honela banatuta: Navarra Sumako 5 kide, PSNko 3, Geroa Baiko 3, EH Bildu Nafarroako 2, Podemos-Ahal Duguko 1 eta I-Eko 1.

 

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki du Parlamentuko lehendakariaren ordainsaria 71.941,66 eurokoa izanen dela urtean, Nafarroako Parlamentuko Mahaiaren 2003ko abenduaren 30eko Erabakiaren jasotako moduan.

 

Alde bozkatu dute lehen eta bigarren lehendakariorde Inma Jurío eta Yolanda Ibáñezek eta lehen idazkari Juan Luis Sánchez de Muniáinek; kontrako botoa eman du bigarren idazkari Maiorga Ramírezek. Lehendakari Unai Hualde jaunak ez du parte hartu bozketan.

 

- Hurrengo bilkura baterako geratu da bidezkoa den erabakia hartzea Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 35.3. artikulua garatzeko arauei buruz, erregelamenduko xedapen horren edukia eguneratzea aldera, bertan ondokoa ezartzea baita: “Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, diru-kopuru horren zenbatekoa, mota eta hori jasotzeko betebeharrak ezarriko ditu, zeinen artean egonen baita Erregelamendu honetako 29.4 artikuluan ezartzen den bilkuretara joan beharra”.

 

Mahaiak aho batez erabaki du laguntzaile bat esleitzea Izquierda-Ezkerra Talde Mistoari.

 

- Batzorde Iraunkorraren Mahaiak jasotzat eman du talde parlamentarioek eta elkarte parlamentarioak SAP eta Citrix lizentzien erabiltzaile izanen den foru parlamentaria hautatzea, Nafarroako Gobernuaren aurrekontu-kudeaketako sistemarako sarbidea izateko.

 

- Batzorde Iraunkorraren Mahaiak erabaki du Unai Hualde lehendakaria izendatzea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Alumni eta Entitate Nabarmendua sarien epaimahaian parte hartuko duen Nafarroako Parlamentuaren ordezkaria izateko.