Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Urtarrilak 8

2019ko urtarrilaren 9ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTEARTEA, URTARRILAK 8, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –asteartea, urtarrilak 8–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

-Nafarroako 2017ko kontu orokorrei buruzkoa.

Foru lege proiektua Osoko Bilkuran izapidetuko da, irakurketa bakarreko prozeduraren bidez.

-Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen aldaketa.

- Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru Sektore Publiko Instituzionalari buruzkoa.

- Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren iritzia, zeinaren bidez adierazi baitu ados dagoela Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.

 

MOZIOAK:

- Eskaria, honako mozio hau Batzordean izapidetu dadin: Nafarroako Gobernua premiatzen da gida bat ezar dezan, arauek eta legeek haurrengan daukaten inpaktuaren ebaluazio-sistema erraztekoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.

- Honako mozio hau erretiratzea: Nafarroako Gobernua premiatzen da Etxebizitza partekatuko Belaunaldiarteko Programa bat sor dezan, Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin lankidetzan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da gogoan har dadin laguntzak emateko aukera kontratua izan eta Gizarte Segurantzan alta emanda egon arren prestakuntzarik edo gaikuntzarik ez daukaten zaintzaile profesionalek zaindutako pertsonei, baldin eta zaintzaile horiek 12 hilabeteko epean prestakuntza edo gaikuntza lortzeko konpromisoa hartzen badute. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako I+G+b arloko Aholku Kontseiluari eska diezaion Nafarroako Ezagutzaren Transferentziaren egoerari buruzko txosten bat urgentziaz egiteko. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da 2019-2020 ikasturterako aurreinskripzio-prozesuaz informatzeko kanpaina bat egin dezan, irizpide objektibo, bidezko eta informatiboetan oinarritua, hizkuntza ereduei dagokienez aldez aurretik ezer ezarri gabe, eta familiei eragin gabe eta ikastetxea aukeratzeko askatasuna ziurtatuz. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Erretiratzea Eskubide Sozialetako kontseilariak egin beharreko agerraldia, zeinean Nafarroan pobrezia hazi izanaren arrazoiei buruz informatu behar baitzuen. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.

- Erretiratzea Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak egin beharreko agerraldia, zeinean Inbertsio finantzarioki jasangarrien Plana dela-eta Kontratazioaren Plataforma Digitala ematen ari den arazoei buruz informatu eta horrek ekar ditzakeen ondorioak eta konponbiderako proposamenak azaldu behar baitzituen. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, eskola-garraioaren zerbitzua antolatze aldera Departamentuan egiten ari den lana eta horri buruz egindako azterlana azal ditzan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakariarena, Nafarroako Hezkuntza Sistemaren gaineko txostena azal dezan. Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakari Aitor Etxarte Berezibar jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Eskola Kontseiluko lehendakariarena, 2017-2018 ikasturteko Nafarroako Hezkuntza Sistemaren gaineko txostena aurkez dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena eta Hezkuntzako kontseilariarena, enpresaren instalazioen ondoan beren greba eta manifestazio eskubidea baliatzen ari ziren Huertas de Peralta enpresako langileen aurka poliziak izandako jokabidea azal dezan. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2018ko abenduaren 26koa, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita hondakin organikoen bioekonomia zirkularreko toki eskalako proiektu pilotua, gizarte- nahiz prestakuntza-dimentsiokoa, JOSENEA BIO SLUk sustaturik Irunberrin (Nafarroa) egin beharrekoa. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariarena, AP-15eko 2019rako deskontu eta hobari tarifak azal ditzan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, azal dezan ea Estatuaren Aurrekontu Orokorretan AP-15eko ordainsariak direla-eta Nafarroarako esleitutako dirua nola aplikatuko den. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, 35E/2017 Foru Aginduari buruz informa dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundazioa abian jartzearen nondik norakoak azal ditzan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Kontseiluko lehendakariarena, informa dezan unibertsitatearen eta haren inguru kultural, profesional, ekonomiko eta sozialaren arteko harremanak sustatze aldera azken urtean egindako jarduketei buruz. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- CERMINeko genero-taldearen ordezkariekin, desgaitasuna duten emakumeen kolektiboaren ikuspuntutik balora dezaten Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legearen garapena. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Hezkuntzaren aldeko 2019ko Munduko Ekintza Astea (HAMA) antolatzen duten elkarteekin, Nafarroan egiten ari diren kanpaina aurkez dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Migratzaileen Erdialdeko Amerikako Jesulagunen Sarearen erregioko koordinatzaile Karla Rivasekin, elkartearen jardunari buruz informa dezan. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- ASORNAren ordezkariekin, Nafarroan zeinu-hizkuntza hizkuntza ofizial gisa onartzeari buruzko planteamendua azal dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Bisita, Nafarroako Museora. Bildu-Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Batzordeari helaraztea ponentzia bat eratzeko proposamena, enpresa pribatuen eta administrazio publikoaren artean zerbitzuak eta lanak kanpoan nahiz barruan kontratatzeko prozesuetan jarraitu beharreko zuzenbidezko prozedurak aztertzeko, ukitutako langileen eskubideak babeste aldera. Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartek aurkeztu dute.

- Eledunen Batzordeak ez du aintzat hartu Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak Mahaiaren abenduaren 17ko erabakiaren aurka aurkeztutako errekurtsoa. Izan ere, ez zen onartu ikerketa-batzorde bat eratzeko eskaria, xede izanen lukeena jakitea ea zer kalte eragin ahal izan den Koroaren gastuak ordaintzera bideratutako Nafarroako funts publikoetan, bai eta Hitzarmen Ekonomikoaren bidez Estatuaren zor guztien amortizazio-kuotetan, errege emeritu Juan Carlos I.ak ustez eginiko irregulartasunen ondorioz.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Erretiratzea Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztutako galdera, zeinaren bidez jakin nahi baitzuen ea Nafarroako Gobernuko lehendakariak zer eginen duen Nafarroa zerga-lehiakortasunean jaisten jarraitzea ekiditeko.

- Beste erkidego batzuen aldean lehiakortasuna galdu izanaren arrazoiei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Jakiteko zer dela-eta ez zaion erantzun Eskolae programa idatzi duten pertsonei buruz urriaren 24an egindako informazio-eskariari. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Gobernuak zer egin duen Huertas Peralta enpresako plantillaren greba-eskubidea bermatzeko. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Ribaforadan aurreikusitako institutua eraikitzeko prozesuaren balorazioari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko informazioa, 2018ko lehen seihilekoari buruzkoa.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak erabaki du Parlamentuko Aldizkarian argitara dadila “Nafarroako Ospitaleguneko farmakoen kudeaketari” buruzko fiskalizazio-txostena (2017).

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Kontuen Ganberaren 2019ko fiskalizazio programaren berri izan dutela.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, Nafarroako Zerga Ogasunaren eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundien arteko hitzarmena, fakturazio- eta kobrantza-sistemak kontrolatzeko tresnak aztertu eta ezartzeko Ticketbal/TicketsiBai Proiektua garatzekoa. Diputatuen Kongresuak igorri du.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Eledunen Batzarrak 2018ko abenduaren 17an egindako bilkuran eskatutako txostena, Nafarroako Gobernuak foru parlamentarien informazio-eskariei erantzuteko betebeharrari, betebehar hori ez betetzearen ondorioei eta foru parlamentariek informazio-eskariak egiteko eskubidearen babesari buruzkoa.

Txosten juridikoaren arabera, “foru parlamentariek badute eskubidea Skolae programarekin zerikusia duten datuak edo txostenak eskuratzeko, Hezkuntza Departamentuak taxuturiko beste edozein administrazio-agirirekin gertatzen den bezala, Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 14.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, eta horretarako muga bakarrak izanen dira izaera pertsonaleko datuen babesari buruzko legerian jasotako bermeak”.

Halaber, txostenak dio “Hezkuntza Departamentuak Skolae programa idatzi dutenen izen osoak eskatzaileari helarazteko betebeharra du. Aldiz, pertsona horien profil eta jarduera profesionala, aurretik egindakoa eta gaur egungoa, soilik jakinaraziko da informazio hori hezkuntza programaren espedientean agertzen den neurrian, halako moduz non departamentua ezin izanen baita behartu beraz ez dauzkan datu eta informazioei buruzko ikerketa-jarduerak egitera”.

Azkenik, txosten juridikoak dio “Hezkuntza Departamentuak ez badu betetzen Nafarroako Parlamentuarekiko eta, bereziki, informazio-eskatzailearekiko dituen betebeharra, foru parlamentariak ondoko hiru akzioetako edozein baliatzeko ahalmena izanen du:

 

- Konstituzio Auzitegiaren aurrean babes errekurtsoa, oinarrizko eskubideen urraketagatik.

- Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salaren aurrean, eginiko informazio-eskaera ustezko ezespenagatik, oinarrizko eskubideen babesaren bidetik.

- Ahozko galdera egitea, Parlamentuko Osoko Bilkuran edota Hezkuntza Batzordean”.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoei ohar bat eskatu die, Gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundaziorako hiru patronatukide izendatzeari buruz Eskubide Sozialetako kontseilariak eginiko idazkiaren gainekoa. Halaber, Parlamentuak hautaketa hori egiteko arauak prestatuko dira.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak uste baitu saihestu zitekeela Nafarroako Gobernuko Ondareko teknikariak Maravillas Gaztetxean sartzea. EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek aurkeztu dute.

Proposamenaren alde bozkatu dute hura aurkeztu duten bi taldeek; aurka bozkatu dute UPN, Geroa Bai, PSN eta PPk; Izquierda-Ezkerrak lehenengo puntuaren alde bozkatu du eta bigarrenean abstenitu egin da.

Baztertutako proposamenak honela zioen:

“Nafarroako Parlamentuak:

1. Uste du gertaera horiek saihestu ahal zirela Maravillas Gaztetxea taldeko kideen aurkako salaketa erretiratu egin izan balitz, behin eta berriz eskatu den moduan, eta elkarrizketa abian jarri izan balitz.

2. Bere babesa adierazten dio Maravillas Gaztetxeari eta herri mugimenduen babesa duten gainerako gune autogestionatuei, erakundeen errespetu izan beharko bailukete”.

 

 

MAHAIAREN ETA ELEDUNEN BATZARRAREN BILKURA BEREZIA, HARTU BEHARREKO ERABAKIA HARTZEKO PODEMOS-AHAL DUGU-ORAIN BAI TALDE PARLAMENTARIOAREN ELEDUNAK AURKEZTUTAKO IDAZKIARI ETA, KASUA BADA, BUIL JAUNAK ETA AZNÁREZ ETA SÁEZ ANDREEK AURKEZTUTAKO ALEGAZIO-IDAZKIARI DAGOKIENEZ.

 

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura berezia egin dute gaurko –urtarrilaren 8a, asteartea– gai-zerrendako puntuetako bat aztertzeko; hain zuzen, hartu beharreko erabakia hartzea Podemos-ahal dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren eledunak aurkeztutako idazkiari eta, kasua bada, Buil jaunak eta Aznárez eta Sáez andreek aurkeztutako alegazio-idazkiari dagokienez.

 

Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki du aipatu idazkiei buruzko txosten juridiko bat eskatzea. Txostena eskatzearen alde bozkatu dute Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak, lehen lehendakariorde Unai Hualde Iglesiasek eta lehen idazkari Maiorga Ramírez Errok; aurka bozkatu dute bigarren lehendakariorde Alberto Catalán Higuerasek eta bigarren idazkari Maribel García Malok.