Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Urtarrilak 14

2019ko urtarrilaren 14ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, URTARRILAK 14, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urtarrilak 14–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzkoa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

Eledunen Batzarrak erabaki du Nafarroako Kontseiluari eskatzea Foru Lege proposamen horri buruzko txosten bat egin dezan.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da eskola-garraioari buruzko arauak alda ditzan, landa-eremuetatik ikastetxeetara joan ahal izatea bermatzeko. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen Dekretua indargabetu dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko eledun Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, Garapen Ekonomikorako kontseilariarena eta Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, Huertas de Peralta enpesako plantillak deitutako greba dela-eta egindako jarduketak azal ditzaten eta enpresari 2015etik hona emandako diru-laguntzak eta laguntza ekonomikoak zehaztu ditzaten. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.

- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariarena, informazioaren segurtasunaren arloko politika, datuen zaintza eta Nafarroako Gobernuko departamentu guztietan arlo horretan dagoen araudia betetzeari buruz informa dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, Rozalejoko Markesaren Jauregiaren hustuketa dela-eta 2019ko urtarrilaren 8an nahiz hurrengo egunetan egindako jarduketak azal ditzan. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoei eskatzea txosten bat egin dezaten Arartekoari eskatutako agerraldiari buruz, zeinaren xedea baita Arartekoak balora dezan ea bere ustez herritarren eta, zehazki, Alde Zaharreko bizilagunen oinarrizko eskubideak urratu ote ziren ikuskatzaileek Rozalejoko Markesaren higiezinean esku hartzean, beren zirkulazio-eskubidea nahiz oinarrizko bake eta bizikidetza arauak murriztu baitira auzoan egindako polizia-dispositiboaren ondorioz. Agerraldi-eskaera Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Eledunen Batzarrak erabaki du Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoei eskatzea txosten bat egin dezaten Arartekoari eskatutako agerraldiari buruz, zeinaren xedea baita Arartekoak balora dezan ea Huertas de Peralta enpresako plantillaren oinarrizko greba-eskubidea urratu den, informatzeko eskubidea eta greba-eskubidea modu baketsuan baliatu dutenean poliziaren errepresioa pairatu baitute, eta eragotzi egin baita enpresa-komiteak egiaztatu ahal izatea grebalarien balizko ordezkatze ilegala. Agerraldi-eskaera Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Triman Minerals SAko ordezkari sindikalekin, enpresan bizi den lan-gatazka eta langileek bizi duten egoera azal ditzaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Huerta de Peraltako enpresa batzordearen eta LAB sindikatuaren ordezkariekin, enpresan bizi den lan-gatazka eta langileen lan baldintzak azal ditzaten eta konponbideak proposa ditzaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Médicos del Mundo elkartearekin, Nafarroan koordinatzeko eta salerosketaren biktima diren emakumeekin jarduteko Protokoloan ezarritakoaren betetze-mailari buruz informa dezan. EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek aurkeztu dute.

- Rozalejoko Markesaren eraikinera. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du. Nafarroako Gobernuari galdetuko zaio ea bisita egiteko behar adina berme dagoen.

- Agoizko San Miguel Ikastetxe Publikora. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Poloniako COP 24 konferentziaren balorazioari eta klima-aldaketaren arloan egiten ari den politikan duen eraginari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Dabid Anaut Peña jaunak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Nafarroako Gobernuan zergatik dagoen hainbat lanpostu huts bete gabe eta ea zer aurreikuspen dagoen horiek izendatzeari buruz. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Osasun mentalaren zerbitzua lekuz alda ez dadin Tuterako Udaleko talde politikoek egindako eskariari buruzkoa. Podemos-Ahala Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Jakiteko ea Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariak zergatik egiten dion uko ordezkari sindikalekin biltzeari, ikastetxeetako irakasle ez diren langileekin lotutako gaiak jorratzeko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako iparraldea Euskal Sagardoa jatorri deituran sartzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Dabid Anaut Peña jaunak aurkeztu du.

- Bitarteko langileei gradua eta antzinatasuna onartzeko irizpideari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Eledunen Batzarrak erabaki du Kontuen Ganberari eskatzea fiskalizazio-txosten bat egin dezan argiteria berritzeko obrak kontratatzean Aiegiko Udaleko alkateak baliatutako kontratazio-prozedurari buruz. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, onetsi egin ditu Nafarroako Parlamentuko Lehendakariaren 2019rako ordainsariak (57.253,14 euro, 2018ko berberak alegia), Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kide diren lanaldi osoko foru parlamentarienak (59.009,22 euro), lanaldi osoko foru parlamentarienak (52.451,84 euro), lanaldi osorik gabeko Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kide diren foru parlamentarienak (44.257,08 euro) eta lanaldi osorik gabeko gainerako foru parlamentarienak (39.338,74 euro).

Ordainsari guztiak ehuneko 2,25 igo dira 2018ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean, salbu eta lehendakariarenak, zeinak, Legebiltzarreko lehendakariak berak hala eskatu duelako, 2018ko abenduaren 31ko berberak izanen baitira.

 

Halaber, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, foru parlamentarien bertaratze-ordainsariak onetsi ditu 2019rako, halako moduan non ehuneko 2,25 igoko baitira 2018ko abenduaren 31n indarrean zeudenen aldean: 139,93 euroko dieta, deituak diren ekitaldi parlamentarioetara bertaratzeagatik, egoitza Iruñean edo Iruñetik 25 kilometrora bitarteko herrietan daukaten foru parlamentarientzat; 165,46 euroko dieta, deituak diren ekitaldi parlamentarioetara bertaratzeagatik, egoitza Iruñetik 25 kilometro baino gehiagora dauden herrietan daukaten foru parlamentarientzat.

 

Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, Nafarroako Parlamentuko behin-behineko langileen ordainsariak onetsi ditu: lehendakariaren kabineteburua, 53.737,32 euro; lehendakariaren idazkaria, 40.422,76 euro; Mahaiko kideen idazkaria, 32.707,22; eta talde parlamentarioen laguntzaileak, 32.707,22 euro.

 

Bestalde, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, talde parlamentarioentzako 2019ko diru-laguntzak onetsi ditu, zeinak 2018ko berberak izanen baitira:

8.091 euroko diru-laguntza finkoa hilabeteko eta talde parlamentarioko; eta diru-laguntza aldakor bat, kontzeptu hauen baturaren araberako zenbatekoa:

Funtzionamendu-gastuak: 1.462,00 euro hilabeteko eta parlamentari bakoitzeko; antolaketa-gastuak: 1.117,00 euro hilabeteko eta parlamentari bakoitzeko, eta langile- eta jarduera-gastuak: 4.172,00 euro hilabeteko eta talde parlamentarioko bost parlamentari bakoitzeko edo zatikiko.

 

Halaber, Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, foru parlamentarien bidaia ofizialen eta Legebiltzarreko langileek lanaren kariaz egiten dituztenen ondoriozko ordainsarien araubidea onetsi du 2019rako, 2018ko berberak izanen baitira: 50 euro eguneko Nafarroatik kanpora eginiko bidaiengatik (mantenurako gastu arruntak) eta 80 euro eguneko atzerrira eginiko bidaiengatik (mantenurako gastu arruntak). Lokomozio-gastuengatiko ordainsariak: kilometro bakoitzeko 0,31 euro. Hauek dira kargarik gabeko zenbatekoen mugak 2019rako: mantenurako gastuengatik, 53,34 euro egun bakoitzeko Espainiako lurraldean eginiko bidaiengatik eta 91,35 euro egun bakoitzeko atzerrira eginiko bidaiengatik, eta lokomozio-gastuengatik, 0,32 euro kilometro bakoitzeko gehi justifikaturiko bidesari eta aparkaleku gastuak ere.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onartu Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioak Mahaiaren 2019ko urtarrilaren 8ko Erabakiaren aurka aurkeztutako errekurtsoa. Erabaki horren bidez, geroratu egin zen Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren eledunak eta, kasua bada, Buil jaunak eta Aznárez eta Sáez andreek aurkeztutako idatziei buruzko erabakia, harik eta txosten juridikoa egin arte.

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, PSNk eta I-Ek ez onartzearen aldeko botoa eman dute; UPNk, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

- Eledunen Batzarrak erabaki du Zerbitzu Juridikoek txostena egin dezaten txosten juridikoa egiteko eskariari buruz, zeinaren bidez jakin nahi baitzen ea Parlamentuko lehendakariak abstenitu egin behar ote zuen –edo parte hartu ez– Parlamentuko Mahaiaren 8ko bozketan, zeinean erabaki baitzen berari eragiten zion idatzi baten izapidetzea geroratzea, halako moduan non izapidetu izan balitz Nafarroako Parlamentuko lehendakari izateari utziko baitzion berehala. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

- Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baititu genero-indarkeriaren aurkako berdintasun-politikak aldezteko manifestua eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko urtarrilaren 15erako deitutako mobilizazioak eta elkarretaratzeak.

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baititu genero-indarkeriaren aurkako berdintasun-politikak aldezteko manifestua eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko urtarrilaren 15erako deitutako mobilizazioak eta elkarretaratzeak. PSNren talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpen instituzionalaren alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta I-Ek; UPNk eta PPNk, berriz, ez dute bozketan parte hartu.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak babestu egiten ditu genero-indarkeriaren aurkako berdintasun-politikak aldezteko manifestua eta genero-indarkeriaren aurka borrokatzeko urtarrilaren 15erako deitutako mobilizazioak eta elkarretaratzeak; izan ere, eskuinak era arriskutsuan ari dira politika horiek auzitan jartzen eta Andaluziako gobernua lortzeko negoziaziorako objektu gisa baliatzen.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak indarkeria horren adierazpide guztiak arbuiatzen ditu, bere konpromisoa helarazten die biktimei, eta erasotzaileekiko tolerantziarik batere ez duela izanen adierazten du.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak emakumeen berdintasunaren eta segurtasunaren alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du emakumeen eskubideak, askatasuna eta segurtasuna auzitan jartzea dakarren akordio politiko inplizitu edo esplizitu oro.

 

- Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitie txaleko horien mugimenduari eta haren erreibindikazio legitimoei.

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitie txaleko horien mugimenduari eta haren erreibindikazio legitimoei. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk eta PPNk, berriz, aurkakoa, eta PSN abstenitu egin da.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Elkartasuna adierazten die txaleko horien mugimenduari eta milaka pertsona pobreziara ezinbestez daramatzaten politika neoliberalen aurkako erreibindikazio legitimoei.

 

Adierazpen-proposamenak beste bi puntu ere bazeuzkan, baina baztertu egin dira. Puntu horien aurkako botoa eman dute UPNk eta PPNk; Geroa Bai eta PSN abstenitu egin dira eta EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek alde bozkatu dute. Honako hau zioten:

 

"2. Errefusatu egiten du herritar guztiei hala Frantzian nola Europan zuzenean eragiten dien arazo baten inguruko isiltasun eta manipulazio mediatikoa.

 

3. Eskuin muturra Europan izaten ari den gorakadaren aitzinean, txaleko horien mugimendua dike bat da herritarren oinarrizko eskubideen murrizketari aurre egiteko, “ikusezin” bilakatu den populazio-sektore bat –txaleko horien bidez izan badela agerian uzten duena– baztertzea eragozten duten gizarte-politika bidezkoagoak erreibindikatzen baititu eta modu solidarioan antolatzen baita”.

 

 

- Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak zeharo gaitzesten baititu UPNren, EAJren eta Geroa Bairen aurka jaurtitako mehatxuak.

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak zeharo gaitzesten baititu UPNren, EAJren eta Geroa Bairen aurka jaurtitako mehatxuak. Geroa Bai talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

UPNk, Geroa Baik, PSNk, PPNk eta I-Ek alde bozkatu dute; EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, berriz, abstenitu egin dira.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Zeharo gaitzesten du eta erabat errefutsatzen ditu UPNren, EAJren eta Geroa Bairen aurka jaurtitako mehatxuak, eta mehatxuak jaurtitzen jarraitzea onartezina dela uste du, erakunde politikoen aurka gizarte demokratiko batean zilegi den kritikaren mugez harago doazen erasoak direlako.

 

2. Bere elkartasuna helarazi nahi die gertakari horiek ukitutako bizilagunei, bai eta kaltetutako merkatariei ere.

 

3. Bakearen eta bizikidetzaren aldeko apustua berresten du, eta indarkeria eta hertsapena inolako gatazkaren konponbidea sekula ere ez direla izanen uste du”.

 

 

- Ez da onetsi adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak uste baitu ezinbestekoa dela AP-15a doakoa izatea.

 

Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak uste baitu ezinbestekoa dela AP-15a doakoa izatea. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPNk eta PPk aldeko botoa eman dute; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, berriz, aurkakoa, eta PSN abstenitu egin da. I-Ek lehendabiziko puntuaren alde bozkatu du eta bigarrenean abstenitu da.

 

Onetsi ez den adierazpen instituzionalak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak uste du ezinbestekoa dela AP-15a doakoa izatea; batez ere, Erriberan oraindik ere dauden lurralde-desorekak zuzentzeko, bertako bizilagunak baitira Nafarroa osoan bakarrak Iruñera errepide laster batetik joateagatik ordaindu behar dutenak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio doakotasuna erabatekoa izateko jarri beharreko tresnak jar ditzan”.

 

 

- Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere errespetua erakusten baitio seme-alaben hezkuntza norberaren uste sendoen arabera erabakitzeko oinarrizko eskubideari.

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere errespetua erakusten baitio seme-alaben hezkuntza norberaren uste sendoen arabera erabakitzeko oinarrizko eskubideari. PPNk aurkeztu du.

 

UPNk, Geroa Baik eta PPNk alde bozkatu dute; EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSNk eta I-Ek, berriz, aurka.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere errespetua erakusten dio seme-alaben hezkuntza norberaren uste sendoen arabera erabakitzeko oinarrizko eskubideari.

 

2. Nafarroako Parlamentuak dio ezein botere publikok ezin diela gurasoei oinarrizko eskubide hori, Konstituzioan jasota dagoena, ebatsi.

 

Adierazpen instituzionalerako proposamenak beste bi puntu ere bazituen, baina horiek ez dira onartu. Horien aldeko botoa eman dute UPNk eta PPNk, eta aurkakoa, berriz, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik, PSNk eta Izquierda-Ezkerrak. Honako hau zioten:

 

“3. Nafarroako Parlamentuak dio Skolae programak gurasoei ebatsi egiten diela, daukan eduki nabarmen ideologikoagatik, beren seme-alaben hezkuntza hautatzeko askatasuna.

 

4. Nafarroako Parlamentuak exigitzen du Skolae programaren derrigorrezkotasuna ezartzen duten Hezkuntza Departamentuaren 350/2018, 441/2018 eta 418/2018 ebazpenak erretira daitezen”.