Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Otsailak 25

2019ko otsailaren 25eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, OTSAILAK 25, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, otsailak 25–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Kontseiluaren 8/2019 Irizpena, Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko Foru Lege proposamenaren gainekoa.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zerbitzu Juridikoen txostena, Pedro Nicolás Herrero Hontoria jaunak aurkeztutako foru lege proposamena honen onargarritasunari buruzkoa: Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasleen kidegoetan sartzeko deialdietako merezimendu-lehiaketei dagokienez Aurrekontu Orokorrei buruzko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikulua garatzen duena. Halaber, erabaki dute testua Nafarroako Gobernuari igortzea proposamena aintzat hartzeari buruzko iritzia eman dezan, haren onespenak gastuaren handitzea baitakar.

 

Txosten juridikoan ondorioztatzen denez, “Nafarroako Foru Komunitateko irakaskuntza ez-unibertsitarioko irakasleen kidegoetan sartzeko deialdietako merezimendu-lehiaketei dagokienez Aurrekontu Orokorrei buruzko 3/2017 Legearen 19.bat.6 artikulua garatzen duen legegintzako herri-ekimenak ez du betetzen 3/1985 Foru Legearen 2. artikuluan aurreikusitako baztertzeko arrazoirik, ez eta lege berearen 5.2. artikuluan aurreikusitako ez onartzeko izaera formaleko edo prozedurazko arrazoirik ere. Hala ere, proposamenaren xedea denez langileak hautatzeko prozesu bat deitzea, 2017ko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko Legean baimendutako ordezkatze-tasa gainditzen duena, eta haren onespenak gastu-handitze bat eta, horrenbestez, aurrekontu-kredituen handitze bat ekar lezake. Hori dela eta, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak izapidetzeko onartu ahal izateko, beharrezkoa da aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren adostasuna lortzea, eta nahitaezkoa da ekimena Gobernuari igortzea”.

 

Txostenak ondokoez ere ohartarazten du: a) Legegintzako herri-ekimenak espresuki aipatzen du Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 27ko 3/2017 Legea, zeina 2018rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legeak indargabetu baitzuen. Hori dela eta, merezimendu lehiaketa egiteko nahia mantentzen bada, azken lege horren 19.1.9. artikuluaren aipamena egin beharko du.

 

b) Merezimendu lehiaketa ez dago aurreikusita sarrera-modalitate gisa Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan. Hori dela eta, Nafarroako funtzio publikoari buruzko araudi berariazkoa aldatu beharko litzateke Enplegatu publikoaren oinarrizko Estatutuan jasotako modu berean, maila bereko bi arauren arteko antinomia saiheste aldera.

 

c) Merezimendu lehiaketa ezartzea Nafarroako administrazio publikoen zerbitzura sartzeko modalitate gisa salbuespena da karrerako funtzionarioak sartzeko sistema arruntean, eta horrek justifikazio arrazoitua behar du, halako moduz non ez diren urratuko Konstituzioaren 23.3. artikuluan aurreikusitako berdintasunaren eta funtzio publikoetarako lehia askearen printzipioak”.

(Ohar honekin batera doa txosten juridikoa).

 

- Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen duena. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

INTERPELAZIOAK:

- Jokoa dela-eta gure erkidegoan darabilgun politikari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Eskaria, honako mozio hau Batzordean izapidetu dadin: Nafarroako Gobernua premiatzen da haurren aurkako indarkeria desagerrarazteko zenbait ekintza egin ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Domenech Linde andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da lanbide-karrera gara dezan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko nahiz Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko langile guztientzat. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da Haur eta Lehen Hezkuntzan euskararen eta gaztelaniaren artean dagoen oreka erreala errespeta dadin maisu-maistren kidegoan hutsik dauden 643 lanpostuak banatzean. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernuari eska diezaion abiarazi beharreko izapideak abiaraz ditzan Polizia Nazionaleko oinarrizko eskalako C1 taldea B taldean birsailkatzeko. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da hurrengo hauteskunde orokorrak baino lehen hitzar dezan Trafikoko eta Bide Segurtasuneko transferentziaren eskualdaketa. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Jabetza-erregistratzaileen Elkargoari eska diezazkion Eliza Katolikoak immatrikulatutako ondasunen informazio-ohar soilak. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

AGERRALDIAK:

- Erretiratu egin da Arartekoaren agerraldia, Duchenne-ren sindromea daukan Tuterako haurraren tratamenduari buruz egindako txostena azaltzekoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Nafarroako Atletismo Federazioaren ordezkariekin, egungo egoera eta beharrizanak azal ditzaten. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren ordezkariekin, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko katedradun izateko oposizioen deialdia azter dezaten. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioaren ordezkariekin, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko katedradun izateko oposizioen deialdia balora dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Erriberriko alkatearekin, Erriberriko landa eremuko larrialdien aldaketari buruz udalak zer uste duen azal dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Mahaiak erabaki du 2019ko martxoaren 22ra arte luzatzea SODENA enpresa publikoaren jarduketei buruzko ikerketa batzordeak ondorioak aurkezteko epea.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Lan-eskaintza publiko berezian deitutako lanpostu-kopuruari buruzko galdera erretiratzea. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.

- Eskaria, idatzizko galdera gisa izapidetu dadin Oinarrizko Osasun Laguntzako pediatriari dagokionez 2018ko ekainetik aitzina abian jarritako neurriei buruzko galdera. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Eskaria, Batzordean izapidetu dadin erlijioaren irakasgaiari nahiz balio etikoak eta zibikoak zabaltzen dituzten beste batzuei buruz hezkuntza lege berrian egiten diren gomendioak Nafarroan 2019-2020 ikasturtean aplikatzeari buruzko galdera. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Trafikoko eskumenari nahiz eskualdatzeke dauden besteei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei eta Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleei 2018-2019 ikasturtean egin zaien ebaluazio diagnostikoko inkesta sozioekonomiko eta kulturalari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei eta Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleei 2018-2019 ikasturtean egin zaien ebaluazio diagnostikoko inkesta sozioekonomiko eta kulturalari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei eta Bigarren Hezkuntzako 2. mailako ikasleei egin zaien ebaluazio diagnostikoko inkesta sozioekonomiko eta kulturalean sexuari buruzko atalean “beste aukera batzuez” galdetzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- FOTÓN eta UNITEC enpresekiko harreman instituzionalari eta ibilgailu elektrikoen fabrikazioa bultzatzeari buruzkoa. Bildu-Nafarroa parlamentu-taldeko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Ibilgailu Elektrikoen Nafarroako Plana deiturikoari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Nafarroako Gobernuko kideen eta Nafarroako Foru Komunitatearen administrazioko goi karguen bateraezintasunei buruzko informazioa, 2018ko bigarren seihilekoari buruzkoa.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eskatu die Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoei presta ditzaten Nafarroako Foru Komunitateko Jardunbide Egokien Aldeko eta Ustelkeriaren Kontrako Bulegoaren zuzendaria hautatzeko arauak. Eskaera Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Adierazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Gaixotasun Arraroen Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin, 2019ko otsailaren 28an baita.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du beharrezkoa dela aztertzea Gaixotasun Arraroen Estrategia Nazionalak azken 10 urteotan izandako eragina eta, ondorioz, haren jarduketa-ildoak eguneratzea gaixoen eta autonomia erkidegoen ikuspegia jasoko duen jarraipen batzorde baten bitartez, estrategia autonomia erkidegoetan ezartzeko berariazko aurrekontu-partidak jasoko dituzten planen bidez.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela babesa eta beharrezkoak diren baliabideak jartzea gaixotasun arraroen arretaren zabalkundea eta datuak Estatuko Erregistroan iraultzeko beharrezkoak diren iturriak lortzea arintzeko, betiere bermatuta autonomia erkidegoetako gaixotasun arraroen erregistroak giza baliabide nahikoak izanen dituztela Estatuko Erregistroaren helburuak betetzeko.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela gaixotasun arraroen ikerketa bultzatzea, emaitzak partekatzea eta alor horretan ikertzen duten entitate eta erakundeen bideragarritasuna eta iraunkortasuna ahalbidetzea, bai eta sektore pribatuaren eta gizarte zibilaren arteko elkarlana sustatuko duen pizgarri-sistema bat ezartzea ere.

 

5. Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Europako Erreferentziazko Sareen eredua Osasun Sistema Nazionalean integratzea, ezagutza gure herrialdeko unitate eta ospitale guztietan zabaltzen dela bermatzeko, bai eta Erreferentziazko Zentro, Zerbitzu eta Unitateek Europako Erreferentziazko Sareetan parte hartzea eta espezialitateko medikuei haien baliagarritasunari buruzko informazioa ematea ere.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Laguntza Integralerako Eredu eraginkor baten ezarpena ahalbidetzea, bermatuko duena ekitatezko sarbidea izatea arreta goiztiarrerako, errehabilitaziorako, logopediarako eta arreta psikologikorako zerbitzuetara gaixotasun akutu eta kronikoetan. Horretarako, gainera, funtsezkoa da profesionalek etengabeko prestakuntza izatea gaixotasun arraroen arloan.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela Diagnosi Genetikoaren Planaren moduko ekimenen eraginean sakontzea, laguntza-ibilbideak aztertzea eta finantzaketa ematea, bai eta diagnosi goiztiarra bultzatzea ere, erkidegoko pertsona diagnosirik gabekoentzako arreta-protokolo baten bidez. Gainera, beharrezkoa da genetika klinikoaren espezialitatea onartzea.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela desgaitasun eta mendekotasuna baloratzeko prozesuak bateratzea kontraesanezko txostenak eta izapideak errepikatzea saihesteko eta pertsonaren egoera era efizienteagoan baloratzeko. Funtsezkoa da CIF baremoa ezartzea eta mendekotasunaren arloko politika publikoak berrikustea. Gainera, beharrezkoa da prozeduran sartzea barruan oinarrizko laguntzako medikuaren balorazioa jasoko duen txosten medikoaren eredu bat, baloraziorako talde profesionalek eskuratu ahalko dutena.

 

9.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela bermatzea “botika umezurtz” deituriko guztiak ekitatez eta berdintasunez eskuratu ahal izatea, horiek eskuratzeko irizpideak harmonizatzen laguntzea eta botiken balorazio-txostenak bateratzea. Halaber, beharrezkoa da Medikuntza Pertsonalizaturako edota Doitasun-medikuntzarako I-Plana garatzea eta bertan gaixotasun arraroak eta gaixoen ikuspegia jasotzea.

 

10.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela ziurtatzea araudiak beharrezkoak diren hezkuntza-baliabideak eta baliabide soziosanitarioak ziurtatzea hezkuntza erabat inklusiboa izateko, bai eta gaixotasun larrik jotako seme-alabagatiko prestazioa arautzen duten errege dekretuak eguneratzea ere.

 

11.- Nafarroako Parlamentuak uste du beharrezkoa dela elkarte-mugimendua babestea eta desgaituei arreta emateko zentro eta zerbitzuen berariazko aurrekontu-partidari zuzkidura egokia ematea”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen helburuekiko eta edukiarekiko konpromisoa berresten baitu. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen helburuekiko eta edukiarekiko konpromisoa berresten du, eta sexu- eta genero-aniztasunari buruzko prestakuntzaren, sentsibilizazioaren eta ikusgarritasunaren aldeko apustua egiten du, horiek baitira tresna egokienak LGTBfobiaren aurka borroka egiteko eta egiazko berdintasuna lortzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak tamalgarritzat jotzen du zenbait indar politikoren arduragabekeria, zalantzan jartzen baitute legea betetzea sexu- eta genero-aniztasunari dagokionez, eta adierazten du gaitzesten dituela Alderdi Popularreko parlamentariaren hitz argiro mespretxuzkoak, eta eskatzen dio esandakoa publikoki zuzentzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua bultzatzen du jarrai dezan LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legean ezarritakoa garatzen.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du berma dezan pertsonen zirkulazio askerako eskubidea. UPN, Geroa Bai, EH Bildu eta PSN talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuaren ustez beharrezkoa da Espainiako Gobernuak bermatzea Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 13. artikuluan jasotako pertsonen zirkulazio askea.

 

2.- Nafarroako Parlamentuaren ustez beharrezkoa da Espainiako Gobernuak lan egin dezan pasabide seguruen sorkuntzan, inork ez dezan bere bizia arriskuan jartzeko beharrik mugak igarotzerakoan.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak bultzatzen du harreraren eta bizikidetzaren kultura sor dadin Nafarroako herritarren artean, aniztasunaren ikuspegi positibotik, zubiak eraikiz eta topagune eta elkarrizketa-guneak sustatuz. Horrekin lotuta, apustu egiten du abegikortasunaren kultura sustatzen duten entitate sozialekiko babesa indartzearen eta pertsona migratzaileek eta errefuxiatuek Nafarroan oinarrizko zerbitzuak eskuratu ahal izatearen alde.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak espresuki adierazten du giza eskubideen babesarekiko konpromisoa prozesu migratzaileetan, halako moduz non pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen eta herritar horiei laguntzen dieten pertsonen kriminalizazioa saihesten den.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak berresten du asilo eta babesaren arloko nazioarteko itunen indarra, eta dei egiten du asilo eta babes sistemak indartzera, bai Latinoamerikan bai Europan.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak aldezten du nazioarteko lankidetzara bideratutako baliabide ekonomikoak handitzea, bereziki migrazio-fluxuei lagun egiten dieten erakundeen lana babesteko.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gehiago inbertitu dezan herritarren hezkuntzan integrazioa eta bizikidetza hobetzeko eta Nafarroa benetako harrera-gizartea izan dadin”.