Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Martxoak 25

2019ko martxoaren 25eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, MARTXOAK 25, CASTEJONGO UDALETXEAN EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute Castejongo Udaletxean gaur –astelehena, martxoak 25– eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Kontseiluaren 17/2019 Irizpena, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko Foru Lege proiektuaren edukia legeria indardunaren araberakoa ote den ebazten duena.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren iritzia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.

 

MOZIOAK:

- Eskaria, honako mozio hau batzordean eztabaidatu dadin: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentua premiatzen da hartu beharreko neurriak har ditzan gorrek euskara nahiz beste edozein hizkuntza ikasteko aukera izan eta ziurtagiri ofiziala lortu ahal izan dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Eskaria, honako mozio hau batzordean eztabaidatu dadin: Hezkuntza Departamentua premiatzen da Agoitzen ikastetxe berri bat eraiki dezan eta San Miguel ikastetxe publikoa eta Agoizko DBHI bi ikastetxe bereizi gisa har ditzan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

  • Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Erripagañako BF1 lurzatian etxebizitzak eraikitzeko proposamen berria azter dezan. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Memoriaren Institutuak sorgin-ehizaren biktimen memoria ere jaso dezan. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da jokoaren gaineko zergetatik nahiz jokoaren arloko arau-hausteetako isunetatik heldu den diru-bilketaren % 1 bidera dezan ausazko jokoekiko mendekotasuna prebenitzera, tratatzera eta errehabilitatzera. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Eskaria, Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko Ikerketa Batzordearen ondorioak, zeinak 2019ko otsailaren 28ko Osoko Bilkuran onetsi baitziren, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari igor dakizkion. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Emakumeen kalitatezko enplegua bultzatzera eta laneko desberdintasunak eragindako arraila murriztera bideratutako proposamenak eginen dituen txosten bat egiteko ponentziaren txostena.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Familia gurasobakarrei eta familia ugariei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren 2019ko martxoaren 13ko Erabakia, zeinaren bidez ezartzen baitira Lizoain-Arriasgoitiko herriguneen eta lurraldeen izen ofizial elebidunak.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Iruñerriko Zerbitzuak sozietatean 2012tik 2017ra bitarte egindako langileen kontratazioei buruzko fiskalizazio-txostena.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Kontuen Ganberaren 2019rako fiskalizazio-programan sartu izana Cordovillako Suhiltzaileen Parkeko eta Heliportuko obrak kontratatzeko prozedurari buruzko txostena.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak Mª Isabel Urzainqui Zozayaren hautagaitza aldarrikatu du Nafarroako Foru Komunitateko jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulegoko zuzendari izateko. Hautagaitza Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute, eta horren bozketa martxoaren 28ko Osoko Bilkurako gai-zerrendan sartuko da.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Parlamentua desegiten denetik hurrengo Legebiltzarra eratzen den arteko (X. legegintzaldiaren hasiera) epeko kudeaketa ekonomikoari buruz Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako zerbitzuburuak egindako txostena, zeinean proposatzen baita dagozkien dirulaguntza finkoak eta aldakorrak ordain dakizkiela talde parlamentarioei, ezarritako modu eta zenbatekoekin, Parlamentua desegiten denetik hurrengo Legebiltzarra eratzen den arteko (X. legegintzaldiaren hasiera) epean.

Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioaren eledunak txostenean jasotzen den proposamenaren aurkako botoa eman du; gainontzeko indar parlamentarioek jasotzat eman dute txosteneko proposamena.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

 

-Adierazpen instituzional bat onetsi da, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baititu Bardeako tiro poligonoan 2019ko martxoaren 25etik 29ra bitarte eginen diren maniobra militarrak. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Bardeako tiro poligonoan “Sirio 19” operazioaren baitan 2019ko martxoaren 25etik 29ra bitarte eginen diren maniobra militarrak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berriro ere dio Bardeako tiro-poligonoa ixtearen alde dagoela”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako memoria historikoaren elkarteen lana balioesten eta aldezten du. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako memoria historikoaren elkarteen lana balioesten eta aldezten du; bereziki, heldu den apirilaren 1ean Iruñeko hilerrian ehortziko diren berrogei pertsonaren gorpuzkiak berreskuratzeko egindakoa.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berriro dio aldeztu egiten duela Nafarroako Gobernuak bide-bazterretan eta hilobietan galduta jarraitzen duten gorpuzkiak berreskuratzeko lan egiten jarrai dezan, bai eta 40 pertsona horien gorpuzkiak nahiz oraindik ere identifikatu gabe daudenenak norenak diren jakiteko ere”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearekin bat egiten du. Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak Hezkuntzaren aldeko Munduko Ekintza Astearekin bat egiten du, eta bere egiten du “Hezkuntza aldezten dugu, munduari eusten diogu” goiburua.

 

- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak Garapenerako Laguntza Ofiziala % 0,7koa izatearen konpromisoa berreskura dezaten, eta gutxienez ere horren % 8 bidera dezaten hezkuntzara. Laguntza hori funtsezkoa da giza eskubideak sustatzeko eta mundu osoan garapen jasangarria lortzeko. Guztiontzako kalitatezko hezkuntzarik gabe ez dago garapen jasangarririk.

 

- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da eskola-curriculumetan ingurumenaren jasangarritasunerako hezkuntza sar dadin, bai Espainian bai herrialde txirotuetan, lankidetzarako gure politiken bidez.

 

- Nafarroako Parlamentuaren ustez, ezinbestekoa da Administrazio Publikoek ingurumenaren nahiz gizartearen jasangarritasuneraren arloko prestakuntza-proiektuak –hezkuntza erkidego guztiei bideratuak– sustatzea eta finantzatzea.

 

Beharrezkoa da, halaber, ikastetxeen “kudeaketa berdea” indartzea, hezkuntza-sektorea eta administrazio publikoak ingurumenaren kudeaketaren eredu izan daitezen.

 

- Nafarroako Parlamentuak dio beharrezkoa dela Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak neurriak har ditzaten jasangarritasun soziala bultzatzeko, ekitatea lortzea, pobrezia desagerraraztea eta pertsona guztiek hazkuntza ekonomiko jasangarria baliatzea bilatzeko.

 

- Nafarroako Parlamentuk bere konpromisoa adierazten du 2030eko Agendaren helburu guztiak –bereziki, hezkuntzaren arlokoak– finantzatzeko behar adinako aurrekontu bat bermatzeko Nafarroan, halako moduan non Garapenerako Laguntza Ofizialak krisia baino lehenagoko aurrekontuak berreskuratuko baititu eta hezkuntzan eginiko gastu publikoa hobetuko baita.

 

- Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak konpromiso horiekin eta 2030eko Agendaren helburuen garapenarekin bat egitea eta 2019an apustu irmoa egitea Garapenerako Laguntza Ofizialean % 0,7ko inbertsioa berreskuratzeko.

 

- Nafarroako Parlamentuak dio kalitatezko hezkuntza inklusibo baterako eskubidea defendatzean Garapen Jasangarriko Helburuen 2030eko Agendan ezarritako xedeak bete daitezen laguntzeaz gain mundua eta gizartea bizigarriagoak izan daitezen lortzen dela”.