Noiz argitaratua Astelehena, 2019.eko Abendua 16

2019ko abenduaren 16ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTELEHENA, ABENDUAK 16– EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK



Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, abenduak 16–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege aldatzen duen foru lege proposamena dela-eta Nafarroako Gobernuak adierazitako iritzia.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Espainiako Gobernuarekin lankidetza-hitzarmen bat sina dezan, Mediterraneotik Kantauri itsasorainoko trenbide-korridorearen Nafarroako tartean AHTaren eraikuntza hobetzeko eta azkartzeko. Navarra Suma talde parlamentarioko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Kultura eta Kirol Departamentua premiatzen da azterlan bat egin dezan, Nafarroako Futbol Federazioarekin lankidetzan, kirol eta aisia instalazioei buruzko araudia betetzen ote den aztertzeko. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da buru-nahaste larria duten pertsonei arreta emateko programa berrikus dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Osasuneko kontseilariarena, gobernu onari eta gardentasunari dagokienez legegintzaldiko lehen urte honetan Osasuneko Departamentuak hartutako konpromisoak azal ditzan. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Unibertsitateko, Berrikuntzako, eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariarena, Berrikuntza Digitalerako Polo berriari buruz informa dezan. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariarena eta Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiarena, “1960tik 1978ra bitarte Nafarroan izandako torturak eta tratu txarrak” direla-eta Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako txostena azal dezaten eta 1978tik aitzinako aldiari buruzko bigarren txosten bat egiteari dagokionez beren departamentuak darabilen aurreikuspenari buruz informa dezaten. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariarena, “Erregio edo gutxiengoen hizkuntzen Europako Kartan jasotako konpromisoak betetzeari dagokionez Adituen Batzordeak egindako bosgarren txostena eta txosten horretan oinarrituta Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak emandako gomendioak” azal ditzan. Geroa Bai talde parlamentarioko Jabi Arakama Urtiaga jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- ANELen eta UCANen ordezkariekin, Nafarroako kooperatiben egoera eta gizarteak horiei buruz duen ikuskera azal ditzaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek aurkeztu dute.

- Cascanteko alkatearekin eta UAGNren, Ehiza Federazioaren, Ingurumen Departamentuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren eta Errepideak Zaintzeko Zerbitzuaren ordezkariekin, ehiza-barrutien kudeatzailearekin eta Nafarroako Albaitarien Elkargoko lehendakariarekin, ehiza-faunaren gainpopulazioari buruz informa dezaten; bereziki, basurdeen, orkatzen eta untxien gainpopulazioari buruz eta horren ondorio sozioekonomikoei eta biosanitarioei buruz. Navarra Suma talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

- “Iruña antitaurina” elkartearen ordezkariekin eta “Indarkeriarik gabeko Haurtzaroa” elkarteko koordinatzaile Anna Mulá abokatuarekin, adingabeek zezen-ikuskizunetara joateari buruz informa dezaten. Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Biak Bat Elkartearekin, animaliez lagundutako esku-hartzeak Nafarroan zertan diren azal dezaten eta 2019an egindako terapia-programak nahiz genero-indarkeria pairatzeko arriskuan diren adingabeentzat animaliez lagunduta egindako terapien arloan egindako ikerketaren emaitzak ezagutaraz ditzaten. Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Prostituzioaren Abolizioaren aldeko Emakumeen Nafarroako Plataformaren ordezkariekin, “alokairuzko sabelen” jardunbide ilegalean emakumeek eta adingabeek pairatzen dituzten errealitatea eta esplotazioa azal ditzaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista eta Geroa Bai talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Sahararen Nafarroarako Ordezkaritza berriarekin, azal dezan zein den egungo egoera errefuxiatuen kanpamendu, Sahara okupatu eta askaturiko eskualdeetan eta zer gertatzen ari den Sahararako nazioarteko politikei dagokienez. Bakea eta Askatasuna Saharan taldeartekoak aurkeztu du.

- Gizakia Helburu-ren ordezkariekin, Nafarroan kanabisaren kontsumoak dauzkan ondorioei eta bilakaerari buruz informa dezaten. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

- Noaingo Udalaren ordezkariekin, energia-efizientziako bere proiektu aitzindariari buruz informa dezaten. Navarra Suma talde parlamentarioko María Elena Llorente Trujillo andreak aurkeztu du.

- Irurreko (Gesalatz) Henri Leanerts eta Paulette-ren Lorategia Zentrora. Geroa Bai talde parlamentarioko Jabi Arakama Urtiaga jaunak aurkeztu du.

- SAT Lacturale taldearen Etxeberriko haztegira. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Nafarroako Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Mezkirizko eta Erroko tunelen proiektuei buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Pablo Azcona Molinet jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Ospitaleguneko urrutiko errehabilitazio programa berriari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Patricia Fanlo Mateo andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Kontsultetan itxarote-zerrenda kontrolatze aldera Osasun Departamentuak duen kontingentzia-planari buruzko galdera berrestea. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- 65 urterekin nahitaez erretiroa hartzeari dagokionez 2020rako Aurrekontuei buruzko Legean Nafarroako Gobernuak eginen duen planteamenduari buruzko galdera berrestea. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren idazkia, zeinaren bidez eskatzen baitu epe luzeagoa eman dakion Nafarroako Gobernuaren egitura berriari buruzko galderari erantzuteko.

- SINAI-Nafarroako I+G+b Sistemari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren tutoretzapeko adingabe atzerritarrak nahastuta ageri izan diren liskarrei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

- Tuterako Herritarrentzako Arreta Bulegoari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko José Suárez Benito jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Pertsona Helduak Tutelatzeko Fundazioaren tutoretzapean dauden pertsonekiko legezko betebeharrak ez betetzea ekiditeko jarduketei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Marta Álvarez Alonso andreak aurkeztu du.

- Lantegi Eskolak Programak eta Enplegu Programak garatze aldera Nafarroako Enplegu Zerbitzuak egindako deialdiei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko María Isabel García Malo andreak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eginiko aurrekontu-aldaketei buruzko legezkotasunezko txostena. Aldaketa horiek 2019ko irailean igorri ziren Parlamentura.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Iruñeko Udalaren 2018ko ekitaldiari buruzko fiskalizazio-txostena.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Ana Ansa Ascunce andrea Geroa Bai talde parlamentarioari atxiki izana.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Geroa Bai talde parlamentarioak batzordeetako osaera aldatu izana.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Geroa Bai talde parlamentarioak eleduna eta ordezko eledunak izendatu izana.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Nafarroako Arartekoaren txostena, Nafarroako Arartekoari azken lau urteotan euskaraz aurkeztu zaion kexa-kopuruari buruzko txostena izapidetzea.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak dei egiten baitie Nazio Batuen idazkari nagusiari eta goi-komisarioari, Saharako kasuaz arduratu daitezen. Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarioen elkarteak eta I-E talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

Dei egiten die Nazio Batuen idazkari nagusi Guterres jaunari eta giza eskubideetarako goi-komisario Michele Bachellet andreari, Saharako kasuaz arduratu daitezen. Garrantzitsua da Fronte Polisarioarekin eta Marokorekin bil daitezen, MINURSOk autodeterminazio-prozesua burutu ahal izan dezan eta lurralde okupatuetan Marokoren okupazioaren biktima diren sahararren babesa eta haien giza eskubideak berma ditzan.

 

Europako Batzordeari eta Kanpo Politikarako goi-ordezkari berri Josep Borrelli gogorarazten die euren betebeharra dela Europako Justizia Auzitegiaren epaiak errespetatzea eta Fronte Polisarioarekiko lankidetza-akordioak negoziatzea, hura baita saharar herriaren ordezkari bakar eta legitimoa.

 

Espainiari erregutzen dio 1975eko azaroaren 14an Espainiak, Marokok eta Mauritaniak sinatutako Madrileko Hiruko Akordioen deuseztasuna deklara dezan, Mendebaldeko Sahararen okupazio ilegalari ateak ireki baitzizkion.

 

Gogorarazten du juridikoki Espainiak jarraitzen duela izaten lurraldea administratzen duen potentzia.

 

Eskatzen du saharar herriaren eskubideak eta interesak defendatzeko behar duen laguntza politikoa eta humanitarioa eman dakion Fronte Polisarioari.

 

Nazioarteko erkidegoari dei egiten dio –batik bat, Nazio Batuei eta Segurtasun Kontseiluari– lan egin dezan saharar herriak bere bidezko eskubideak baliatu ahal izan ditzan.

 

Etengabe dei egiten dio Frantziari –Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan eta Europar Batasunean eragin handia duen kidea den aldetik–, trabak jartzeko bere politika amaiaraz dezan eta Mendebaldeko Saharako gatazkarako konponbide bat bilatzeko lan egin dezan, Nazio Batuen kasuko ebazpenekin bat.

 

Dio konbentzituta dagoela Mendebaldeko Saharako gatazka konpontzea lagungarria izanen dela Magreb batu bat eraikitzeko, non bertako herriek aske, berdintasunean eta beren buruaren jabe bizi ahal izanen baitute.

 

Marokori eskatzen dio aske utz ditzan Gdeim Izik-eko preso politikoak, Mahfuda Bamba Lefkir oraintsu atxilotua nahiz saharar preso politiko guztiak, Marokoko espetxeetan ahitzen ari direnak”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du –Navarra Suma abstenitu egin da–, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten baitu Txilen bizi den indarkeria, eta aldeen arteko elkarrizketaren eta akordio zabalaren alde egiten baitu. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Gauzak horrela, Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du indarkeria, agintariei exigitzen die giza eskubide guztiak bermez zaindu eta aplika ditzaten eta bere elkartasuna adierazten die berdintasun-politika publikoen aldeko apustua egiten dutenei, herritarren gehiengoaren diferentzia neurri gabeak zuzenduko dituztenak eta bizi-kalitatea hobetuko dutenak.

 

Nafarroako Parlamentuak apustu egiten du elkarrizketa baketsu eta baretsuaren alde, egoera kezkagarri hau konpontzeko aldeen arteko negoziazioaren eta akordio zabalaren alde eta gehien sufritzen dutenekiko elkartasunaren alde; hartara, besarkada bero bat bidaltzen dio han bizi den nafar erkidego handiari".

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten baitio Cayetana Álvarez de Toledo diputatuari, bai eta irain larriak pairatu dituzten emakume guztiei ere. Navarra Suma talde parlamentarioak aurkeztu du.

Navarra Sumak eta PSNk alde bozkatu dute. Geroa Baik 2. eta 4. puntuen aldeko botoa eman du eta abstenitu egin da 1.an eta 3.ean. EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek 2. eta 4. puntuen aldeko botoa eman dute, 3.aren aurka bozkatu dute eta 1.an abstenitu egin dira.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten dio Cayetana Álvarez de Toledo diputatuari, bai eta irain larriak pairatu dituzten emakume guztiei ere.

 

2. Nafarroako Parlamentuak dei egiten die alderdi politiko guztiei –bereziki, hemen ordezkatuta dauden taldeei– elkartasun-jarrera honen eredu izan daitezen eta berariaz jardun dezaten eredu izateko, baita beren alderdien barruan ere, halakorik berriro gerta ez dadin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak uste du komenigarria dela Adorko (Valentzia) Udalari adieraztea legebiltzar honek aho batez gaitzetsi dituela, irainak jaulki dituen zinegotziari gaitzespen hau helaraz diezaion.

 

4. Nafarroako Parlamentuak gizarte osoari dei egiten dio kutsu sexistako ahozko erasoak buka daitezen eta gizarteak, botere publikoekin batera, gisa horretako jarrerak gaitzetsi ditzan, ez baitaukate tokirik gizarte aurreratu batean”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Migratzailearen 2019ko Nazioarteko Egunarekin. PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentariek alkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Migratzailearen 2019ko Nazioarteko Egunarekin, zeina heldu den abenduaren 18an ospatuko baita, eta erakundea den aldetik, ekimenak sustatuko ditu Migratzailearen 2020ko Nazioarteko Eguneko ospakizunetarako jarduera propioak prestatzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak aldezten du giza eskubideen errespetuari eta pertsonen biziaren babesari lehentasuna ematea, kontu politiko edo ekonomizista ororen gainetik.

 

3. Nafarroako Parlamentuak dei egiten dio Espainiako Gobernuari ahotsa duen nazioarteko foro guztietan aldeztu ditzan giza eskubideekiko errespetuan oinarritzen diren migrazio politikak.

 

4. Nafarroako Parlamentuak uste du inklusioa eta bizikidetasuna ekintza politikoaren lehentasunak direla, jakitun baita aniztasuna aberastasuna dela alor desberdin askotan. Horrekin lotuta, Parlamentuak, Migratzailearen Nazioarteko Egunaren karietara, ospatzen du duela gutxi Nafarroak bat egin duela Integrazioaren Aldeko Hiri eta Erregioak izeneko Europako ekimenarekin, eta Foru Komunitateko udal eta toki entitateak animatzen ditu, era berean, bat egin dezaten ekimen horrekin.

 

5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du dagokion batzordeetan eginen diren lan bilkuretan ahotsa emateko pertsona migratzaileei, beren lekukotasunaren bidez azal ditzaten horietako askok pairatzen dituzten nekeak etorkizun hobe bat bilatzeko ahaleginean. Horrekin lotuta, Nafarroako Parlamentuak bermatuko du hizlariek erabateko askatasuna izan dezaten Parlamentuan agertzeko eta hura baliatzeko beren egonezinen bozgorailu gisa, administrazio-egoera kontuan hartu gabe”.

 

Silvia Doménech, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusi eta idazkari nagusi berria

 

Unai Hualdek proposatuta, Mahaiak Manuel Pulido ordezkatzea onetsi du, eta amaiera eman dio 2018ko abuztuan Idoia Tajadura ordeztu zuenetik sortutako bitartekotasun-egoerari

 

Nafarroako Parlamentuaren Mahaiak aho batez onetsi du gaurko bilkuran Silvia Doménech Alegre izendatzea Nafarroako Parlamentuko legelari nagusi eta idazkari nagusi. Hala, Manuel Pulido ordezkatuko du karguan, hura baitzen bitarteko legelari nagusia Parlamentuko gobernu-organoak 2018ko abuztuaren 3an erabaki zuenetik Idoia Tajadura ordeztea, zeinak zerbitzu juridikoen ardura hartu baitzuen 2015eko azaroaren 12an, Miguel Esparzaren ordez.

 

Silvia Doménech Alegre Nafarroako Parlamentuko legelaria da 2001eko ekainaz geroztik. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa ere bada (eszedentzian dago) Administrazio Publikoko teknikariaren lanpostuan (arlo juridikoa). 2018ko ekainean, Nafarroako Parlamentuko Datuen Babeserako ordezkari izendatu zuten, eta 2019ko apiriletik Nafarroako Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiko kidea da.