Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Otsailak 19

2018ko otsailaren 19ko saioa

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, OTSAILAK 19, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, otsailak 19–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea aldatzekoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

Proposamena irakurketa bakarreko prozeduran izapidetuko da Osoko Bilkuran.

- Apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea eta azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aldatzen dituena. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Ana San Martín Aniz andreak aurkeztu du.

Proposamena irakurketa bakarreko prozeduran izapidetuko da Osoko Bilkuran.

- Haur Hezkuntzako lehen zikloa doakoa eta unibertsala izan dadin. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Kanabis-erabiltzaileak arautzen dituena. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da ETA banda terroristak estortsioa egindako enpresaburuei, exekutiboei eta profesional liberalei buruzko lan bat egin dezan NUPekin lankidetzan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Gizarte Zerbitzuen Zorroaren aldaketan aintzat har dezan 2699-2016 zenbakiko babes-errekurtsoa ebazten duen Konstituzio Auzitegiaren epaian xedatutakoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da arantza bifidoa, hidrozefalia eta horiekin loturiko patologiak sar ditzan gaixotasun kronikoen protokoloan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Begoña Ganuza Bernaola andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoa bete dezan, halako moduan non presentzia orekatuaren printzipioa bermatuko baita Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoko enpresetako administrazio kontseiluetako pertsona titularrak izendatzean. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da iraupen luzeko langabetuentzako laguntzak urte anitzekoak izan daitezen. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak aintzat hartzen ditu Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiak, zeinen bidez Espainiako Estatua kondenatzen baitu tortura-salaketak ez ikertzeagatik. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua eta Sustapen Ministerioa premiatzen dira abian jar ditzaten N-121-C errepidearen Nafarroako Erriberako tartean sortutako egoera minimizatzen lagunduko duten neurri eta jarduketa zuzentzaileak. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da Adingabearen babes juridikoaren legea eta adingabeei buruzko beste arau batzuk alda ditzan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Ainhoa Aznárez Igarza andreak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Gobernuak Nafarroan duen ordezkari Carmen Alba andrearen idazkia, gidabaimenen aztertzaile-kopurua dela-eta beste autonomia erkidego batzuekin alderatuta Nafarroan gertatzen den konparaziozko bidegabekeria-egoerari buruz, datu horren ondorioei buruz, Nafarroako autoeskolen sektoreko lan-gatazka luzeari buruz eta Gobernuaren Ordezkaritzak konponbide bat bilatze aldera egindako zuzemenei buruz egiten duen balorazioa azaltzeko egin beharreko agerraldiaren gainekoa.

- Hezkuntzako kontseilariarena, azal dezan zer aurreikuspen darabilen haur eta lehen hezkuntzako ikastetxeetan 2018-2019 ikasturterako aurrematrikularako izena emateko orria argitaratzeari eta aldatzeari buruz –orri horretan, erlijio katolikoa edo beste erlijio batzuen hautua egin daiteke–, zer helburu lortu nahi dituen eta jasotako informazioa zer-nola aintzat hartuko den. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Kontuen Ganberako lehendakariarena, “Oncineda alderdiko desjabetze-hitzarmenak (Lizarrako Udala)” txostena azal dezan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Nafarroako Gobernuaren 2018ko otsailaren 14ko Erabakia, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita MAPSA SCLk sustatutako enpresa-proiektua. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren erabakia, 2018ko otsailaren 14koa, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita Paneles Decorativos Panel Piedra SLk sustatutako enpresa-proiektua. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariarena, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiarekin batera azal ditzan Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak 2018rako dauzkan ekintza-planak. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariarena, euskararen erabilera dela-eta Soziolinguistika Klusterrak Nafarroan egindako inkesta azal dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, informa dezan hezkuntzaren esparruan eduki homofoboak baliatzen dituztenei dagokienez bere departamentuak hartuko dituen neurriei buruz eta LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearen 26., 27. eta 28. artikuluak garatzeko aurreikusitako kronogramari buruz. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, garapenerako lankidetzaren arloan Gobernuak darabilen politika azal dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko M.ª Isabel García Malo andreak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, azal dezan SODENAk zer dela-eta eman dizkion partaidetza-kredituak RODONA SL enpresari. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Eskaria, Izaskun Sáez de la Fuente andrearekin otsailaren 9an egindako lan-bilkurak eragindako gastuen ordainketa baimendu dadin. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Honako gai hau agerraldi gisa izapidetuko da: Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea, Medikuntzako Gradua ezartzeko egin beharreko txostenak eta azterlanak zertan diren azal dezan. Geroa Bai talde parlamentarioko Koldo Martínez Urionabarrenetxea jaunak aurkeztu du.

- Hainbat enpresaren ordezkariekin, SDDR kudeaketa sistemari buruz informa dezaten eta hori dela-eta egiten dituzten lan-proposamenak azal ditzaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Nafarroako CCOO sindikatuaren ordezkariekin, emakumeek lan-merkatuan duten egoera dela-eta egin duten txostena azal dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- E28J Plataformaren ordezkaritza batekin, LGTBIfobiari buruz informa dezan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Giza Eskubideen Europako Auzitegian nafar herritarrek salatutako torturak eta tratu txarrak izapidetu dituen talde juridikoaren ordezkaritza batekin, ikuspuntu juridiko batetik azal ditzaten Giza Eskubideen Europako Konbentzioaren 3. artikulua urratzeagatik emandako azken zigor-epaien inplikazioak. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

UPN eta PPNk gai hau izapidetzeko onartzearen aurka bozkatu dute; Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, Nafarroako Alderdi Sozialista eta Izquierda-Ezquerrak, berriz, alde.

- Sakanako trenaren aldeko plataformaren ordezkariekin, Espainiako Gobernuak bultzatutako proposamenak eskualdean izanen lukeen inpaktua azter dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Bisita, N-121-C errepidera. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA LANTALDEAK:

- Mahaiak, Eledunen Batzarrari entzun ondoren, erabaki du euskarari buruzko foru lege berri baterako proposamen bat egiteko batzorde berezi bat eratu dadin, eta funtzionamendu-arauak taxutzeko eskatu du. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

Batzorde berezia sortzearen aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak; Unión del Pueblo Navarrok, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Nafarroako Alderdi Popularrak aurkako botoa eman dute.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordearen erabakia, otsailaren 14koa, zienaren bidez hurrengo maiatzaren 15era arte luzatu baita Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako Ibarren egoera sozioekonomikoa aztertzeko lantaldearen lanak bukatzeko epea.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Eskaria, batzordean izapidetu daitezen honako galdera hauek: jakitekoa ea zertan den Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak onetsitako erabakia, Nafarroako Gobernua premiatzen duena diabetesa duten helduentzako unitate funtzional bat, diziplina anitzeko taldea izanen duena, sortzera (9-18/POR-00038); jakitekoa ea zertan diren Garraioaren Mahaiaren erabakietatik heldu diren osasun-garraioari buruzko planak (9-18/POR-00042), eta Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuaren betetze-mailari buruzkoa (9-18/POR-00062). Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du. Osasun Batzordea

- Galdera honen hartzaile izan den kontseilariaren komunikazioa: Galdera, gure lan-merkatuan generoko desberdintasunei aurre egiteko eta haiei konponbidea emateko Nafarroako Gobernuak planteatuta dauzkan legegintzako neurri integralei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Jakiteko zein neurri hartuko dituen Nafarroako Gobernuko lehendakariak saiheste aldera EAJk aurrera jarrai dezan Nafarroari buruzko aipamenak Euskal Estatutuan sartzeko proposamenarekin. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Jakiteko zein urrats egin diren honako erabaki hau betetzeko: “Nafarroako Gobernua premiatzen da departamentuen arteko koordinazio-talde bat sor dezan, kultur aniztasuneko politikak bultzatzeko, eta kultur aniztasunerako eta bizikidetasunerako plan bat egin dezan". Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Fanny Cecilia Carrillo Suárez andreak aurkeztu du.

- Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako lan-eskaintza publikoaren deialdiaren egungo egoerari buruzkoa eta hautaprobak egiteko aurreikusi diren datei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Haurrak eskolatuko diren ikastetxea erabakitzeko zozketaren metodoari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Berotegi efektuko gasen murrizketaren bilakaerari buruzkoa, murrizketa hori S3-Espezializazio Adimendunerako Estrategiaren barruko oparotasunaren, bizi-kalitatearen eta jasangarritasunaren sei helburu nagusietan jaso baitzen. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Guzmán Miguel Garmendia Pérez jaunak aurkeztu du.

- Basozaina izateko oposiziorako deialdirako aurreikusi den datari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Sinboloei buruzko Legea indargabetu ondoren udaletan sortu den segurtasun juridiko ezari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.

- Udaletan ikurrinak jarrita legea urratzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Nafarroan euskararen erabilera dela-eta Soziolinguistika Klusterrak egindako inkesta azal dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Unibertsitateko Antropologiako azterketetako eduki homofoboei buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Club Atlético Osasunak Sadar futbol-zelaia erosteari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.

- LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea betetzeari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Errioxako lurraldean N-232 errepidetik zirkulatzea debekatuta duten ibilgailu astunak Nafarroako Erriberan barna iragateak N-121-C errepidean izanen duen eragina gutxitzeko konponbideei, neurriei eta epeei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Hizkuntzen erabilerari buruz Soziolinguistika Klusterrak egin duen txosteneko Nafarroako datuei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuak euskara inposatzeko politikari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernua ikurrina inposatzen tematzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko José Javier Esparza Abaurrea jaunak aurkeztu du.

- Langileen kontratazioan Iruñerriko Mankomunitateak ustez egin dituen irregulartasunak direla-eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak egin dituen jarduketei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniáin Lacasia jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Tuterako NUPen Campusean unibertsitate-gradu berriak ezartzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Belateko tunelak entregatu zirenetik egin diren erreklamazioei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Oncineda alderdiko (Lizarrako Udala) desjabetzeetarako hirigintza-hitzarmenei buruzko fiskalizazio-txostena.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Arartekoaren idazkia, Eledunen Batzarrak otsailaren 5ean onetsitako adierazpen instituzionala betetzeari buruzkoa. Haren bidez, Nafarroako Parlamentuak berretsi egin zuen giza eskubide indibidual eta kolektiboak nazioarteko tresnetan jaso diren bezalaxe aintzat hartzearekiko konpromisoa.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez, Nafarroako Parlamentuak errefusatu eta gaitzetsi egiten baititu memoria historikoaren aurkako erasoak eta, zehazki, Erreniegako Memoriala monolitoak eta Iberoko hilobian jarritakoak pairatutakoak. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Nafarroako Parlamentuak errefusatu eta gaitzesten ditu memoria historikoaren aurkako erasoak eta, zehazki, Erreniegako Memoriala monolitoak eta Iberoko hilobian jarritakoak pairatutakoak.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak uste du ezinbestekoa dela Nafarroako memoria demokratikoaren aurkako eraso horien arduradunek justiziaren aurrean erantzun dezatela beren egintzengatik, eta horregatik espero du agintari judizial eta polizialek horretarako behar diren jarduketak egin ditzatela.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak memoria historikoarekiko bere erabateko konpromisoa berresten du, eta Nafarroan izandako errepresio frankistan jazarritako eta eraildako pertsonak gogoratzeko eta omentzeko konpromisoa ere”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak giza eskubideen urraketa oro errefusatzen du eta, kasu honetan, ordena publikoko indarretako kideek herritarren aurka egindakoak. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenaren alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezquerrak; Unión del Pueblo Navarrok eta Nafarroako Alderdi Popularrak hirugarren puntuaren alde eta 1. 2. eta 4. puntuen aurka bozkatu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak giza eskubideen urraketa oro errefusatzen du eta, kasu honetan, ordena publikoko indarretako kideek herritarren aurka egindakoak.

 

- Nafarroako Parlamentuak aldezten du tratu anker eta apalesgarriak eragotziko dituzten protokoloak ezar daitezela atxilotutako pertsona guztientzat.

 

- Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten ditu Euzko Alderdi Jeltzalearen eta Euskadiko Alderdi Sozialistaren egoitzetan agertutako pintaketek berekin dakartzaten adierazpen- eta pentsamendu-askatasunaren aurkako erasoak.

 

- Nafarroako Parlamentuak bizikidetzarekiko eta normalizazioarekiko duen konpromisoa berresten du, eta errefusatzen ditu hura eragozten duten jarduketak; kasu honetan, Atezko zinegotzi baten autoan agertutako pintaketak. Elkartasuna adierazten dio zinegotzi horri.”

 

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du zuzenbidearen eta unibertsitateko goi-hezkuntzaren arloko 231 pertsona ospetsuk sinatutako manifestuaren ondorioekin, zeinak exigitzen baitu berehala indargabetu dadin espetxealdi iraunkor berrikusgarria. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta Izquierda-Ezkerrak; UPNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.


Adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du zuzenbidearen eta unibertsitateko goi-hezkuntzaren arloko hainbat pertsona ospetsuk sinatutako manifestuaren ondorioekin, zeinak exigitzen baitu berehala indargabetu dadin espetxealdi iraunkor berrikusgarria.

 

- Nafarroako Parlamentuak zorroztasuna eta analisi objektiboa aldezten ditu legegintzako eta hedabideetako eztabaidan, bereziki giza eskubideetan ondorio larriak izan ditzaketen lege-aldaketen aurrean; esate baterako, espetxealdi iraunkor berrikusgarriari dagokiona.

 

- Nafarroako Parlamentuak jarrera hori helarazten dio Nafarroako Gobernuari, Senatuan eta Diputatuen Kongresuan ordezkariak dituzten talde politiko guztiei eta Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioari”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez gaitzesten eta arbuiatzen baititu Atezko zinegotzi batek pairatutako hertsapenak. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren alde bozkatu dute UPN, PSN, PPN eta I-Ek; Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos Ahal Duguk aurkako botoa eman dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1.- Hertsapen mespretxagarri horiek gaitzetsi eta arbuiatzea, askatasunarekiko, demokraziarekiko eta eskubide zibil eta politikoez baliatzearekiko erabateko mespretxua biltzen baitituzte.

 

2.- Eraso horien biktimari babesa ematea eta adieraztea Nafarroako Parlamentuaren babes osoa duela bere ordezkaritza demokratikoko lanean jarraitzeko, haren eta hark ordezkatzen dituen Atezko bizilagunen eskubideak hertsatu nahi dituzten handiputzen aurrean.

 

3.- Gertatutakoen ikerketan konfiantza izatea eta hura babestea, egintza hain mespretxagarri horien egile eta bultzatzaileek Justiziaren aurrean erantzun dezaten”.

 

UPNren adierazpen instituzionalerako proposamenak bazituen beste hiru puntu, baina horiek ez dira onartu. Horien aldeko botoa eman dute UPN, PSN eta PPNk, eta aurkakoa Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak. Honako hau zioten:

 

“4.- Nafarroako Gobernua premiatzea, tokiko korporazioen egintzen eta erabakien legezkotasuna kontrolatzeko bere betebeharrez baliatuta, egitateak ikertu eta dagozkien erantzukizunak exigitu ditzan.

 

5.- Atezko Udalari eta bere alkateari eskatzea egitateak gaitzets ditzaten, erasotutako zinegotziari babesa eskain diezaioten eta erreklamatzen zaizkien legezko betebeharrak bete ditzaten, eta, bereziki, Nafarroako bandera eta legeek aipatzen dituzten entseina eta sinbolo guztiak egoki para ditzaten.

 

6.- “Ezker abertzaleko” eta bereziki EH Bilduko ordezkariei exigitzea beren erabakien aurkako kritika errespeta dezaten parte-hartze politikoaren ezinbesteko baldintza gisa, ados ez daudenak direnak direla ere: ordezkari demokratikoak, merkatariak edo haien ekintza politikoaren ados ez dagoen beste edozein kolektibo sozial edo herritar”.

 

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak giza eskubideen urraketa oro gaitzesten baitu. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute; EH Bildu Nafarroa, berriz, abstenitu egin da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak giza eskubideen urratze guztiak gaitzesten ditu eta, batez ere, beste guztien gainetik dagoen eskubidearena, bizitzarako eskubidearena, ETA banda terroristak sistematikoki erasotu duena”.

 

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak sakoneko atsekabea adierazten baitu Ekai Lersundi Ondarroako gazte transexualaren heriotza tragikoa dela eta. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, Nafarroako Alderdi Sozialistak eta I-Ek aldeko botoa eman dute. PPNk 1. eta 3. puntuen alde bozkatu du eta 2. puntuan abstenitu da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak sakoneko atsekabea du Ekai Lersundi Ondarroako gazte transexualaren heriotza tragikoa dela eta, eta elkartasuna adierazten die haren senide eta lagunei. Halaber, adierazten du horrelako egoerei aurrea hartu behar zaiela, halako moduz non haurrak eta nerabeak askatasunez garatu eta autodeterminatu ahalko diren beren sexu- eta genero-identitatea direla-eta, eta horretarako behar diren bitartekoak bermatu behar zaizkiela esparru sozialetan eta osasun- zein hezkuntza-esparruetan.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa berresten du LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legearekiko eta haren betetze oso eta efektiboarekiko. Horri dagokionez, edozein jarduketa edo adierazpen lgtbfobiko errefusatzen du, bereziki hezkuntzaren esparrukoak, nola baitira Nafarroako Unibertsitatearen esparruari buruz ezagutu direnak.

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio legearen 30.2 artikulua laster gara dezan, halako moduz non batera sustatuko dituen LGTBI+ kolektiboaren diskriminazio-eza babesteko neurriak eta unibertsitate-inguruneko sentsibilizazioa, horretarako Nafarroako unibertsitate guztien arteko protokolo bat eginez”.

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak eskatzen baitu giza eskubideen aldezle Salah Hamouri palestinar-frantsesaren askatasuna. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Aldeko botoa eman dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek; UPN eta PPN, berriz, abstenitu egin dira.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“- Nafarroako Parlamentuak giza eskubideen aldezle Salah Hamouri palestinar-frantsesaren askatasuna eskatzen du, aurkako argudiatzeko kargu zehatzik ez dagoen bitartean.

 

- Nafarroako Parlamentuak errefusatzen du Israelgo "atxilotze administratiboa” bezalako figura juridikoek horien menpe daudenei eragin diezaieketen auzibiderako segurtasun-eza eta babesgabetasuna; kasu honetan, palestinarrei, zeinek atxilotze mugagabea paira baitezakete zer egozten zaien jakin gabe.

 

- Nafarroako Parlamentuak eskari hau helarazten die Espainiako Gobernuko Kanpo Arazoetarako eta Lankidetzarako Ministerioari eta Israelek Espainian duen Enbaxadari.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Eledunen Batzarrak 2018ko urtarrilaren 15ean eskatutako txosten-oharra, agerraldiak agertzen denaren eskumeneko jarduerei buruzkoak izatearen gaineko murrizketa —Erregelamenduaren 203.1 artikuluan jasotakoa—arau horren 2. apartatuan araututako agerraldiei aplikatzearen gainekoa, eta 2. apartatu horretan aurreikusitako agerraldi-eskaerak kalifikatzeko organo eskudunaren gainekoa.

 

Legebiltzarreko zerbitzu juridikoek ondorioztatzen dute “Erregelamenduaren 203.1 eta 2 artikuluaren interpretazioak ez duela zalantzarik sortzen: diputatuek edo talde parlamentarioek eskatuta egiten diren agerraldiek deitutako gobernukideen eskumeneko jarduerei edo gaiei buruzkoak izan beharko dute”. (Txostena erantsi da)

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 2018ko otsailaren 5ean Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak eskatutako txostena, foru parlamentari Laura Pérez Ruano eta Fanny Cecilia Carrillo Suárez andreen eta Carlos Couso Chamarro eta Rubén Velasco Fraile jaunen (G.P. Podemos-Ahal Dugu) idazkian adierazitako hainbat alderdiri buruzkoa, talde parlamentarioen eledunak aldatzeari dagokionez. (Txostena erantsi da)

 

- Eledunen Batzarrak erabaki du Parlamentuko Zerbitzu Juridikoei eskatzea txosten juridiko bat egin dezaten Nafarroako Parlamentuko ikerketa-batzordeetara agertzeko deitzen diren pertsonei aplikatzekoak zaizkien betebeharrei buruzkoa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

- Mahaiak erabaki du 5 minutuko elkarretaratze baterako dei egitea, Parlamentuko atean, datorren martxoaren 8an, 11:00etan, eta parte hartzeko gonbita egiten zaie parlamentari guztiei eta Legebiltzarreko langile guztiei, Nafarroako Parlamentuak greba feministari eta bizitzaren esparru guztietako berdintasunari babesa erakusteko.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak ezagutu du Iritzi publikoari eta berrikuntza sozialari buruzko Katedrako zuzendariak Iritzi Publikoari buruzko Nafarroako Parlamentuaren Barometroaren 2018ko edizioa egiteko proposamenak aurkeztu dituela.

 

- Mahaiak eta Eledunek Batzarrak ezagutu dute Murgibe enpresak Nafarroako Parlamentuaren Berdintasun Planaren 2017ko jarduketen ebaluazioa eta 2018rako jarduketa plana aurkeztu dituela.