Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Martxoak 12

2018ko martxoaren 12ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, MARTXOAK 12, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, martxoak 12–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Irisgarritasun Unibertsalari buruzkoa.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Nafarroako Gobernuaren iritzia ikusita, Eledunen Batzarrak erabaki du izapidetzeko ez onartzea Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen Testu Bategina hein batean aldatzen duen maiatzaren 9ko 6/2017 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proposamena; izan ere, Nafarroako Gobernuak adierazi du ez dagoela ados foru lege proposamena aintzat hartzearekin, aurrekontu-sarrerak nabarmen eta denbora luzean jaistea eraginen lukeelako.

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek izapidetzearen aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

- Horren bidez, aldatu egiten da azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

Eledunen Batzarrak, Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak proposatuta, Parlamentuko Zerbitzu Juridikoei eskatu die txosten juridiko bat egin dezaten foru lege proposamena Konstituzioaren araberakoa ote den jakiteko. UPNk, Geroa Baik, PSNk eta PPNk aldeko botoa eman dute; I-Ek aurkako botoa eman du, eta EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira.

 

INTERPELAZIOAK:

- Pediatriako oinarrizko osasun laguntzari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da lurren balio-gehikuntzaren gaineko zerga aldatzeko lege-testu berri bat igor dezan Parlamentura, legebiltzar honek onesteko. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Juan Luis Sánchez de Muniain Lacasia jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da etxebizitza egoki baterako eskubidea bermatzeko dauzkan nazioarteko betekizunak bete ditzan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Tuteran kiroldegi berri bat eraiki dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Espainiako Gobernua premiatzen da LOMCE behin betikoz indargabetu dezan eta hezkuntzaren aldeko itun sozial eta politiko baten aldeko apustua egin dezan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da zenbait neurri har ditzan, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetako eta pribatuetako ikasle sozialki kaltetuak direla eta. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da haur hezkuntzako lehen zikloari hezkuntza-izaera eman diezaion eta haur hezkuntza osoaren titulartasuna, ardura eta doakotasuna bere gain har ditzan. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da ez dadin nahitaezkoa izan ingeleseko C1 ziurtagiria edukitzea Haur eta Lehen Hezkuntzako irakaslea izateko. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da hizkuntza eredu gisa ezar ditzan, berme juridiko eta hezkuntza-berme guztiekin, atzerriko hizkuntzetan –bereziki, ingelesez (PAI)– ikasteko programak. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren agerraldi-eskaera erretiratzea. Agerraldia zen azal ditzan aireko osasun garraioaren zerbitzua ezin kontratatu izanaren arrazoiak eta kontratu horren faltan aurreikusi diren konponbideak. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, azal ditzan Tuterako errepide-lotunean hartu beharreko konponbideak direla-eta Sustapen Ministerioarekin lortutako akordioak eta Lodosa eta Viana artean N-134 errepidean egindako neurketetatik ateratako datuak. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, lan-orientabideko esparru-akordio bertan behera uzteko iragarpena azal dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko arduradunena, laneko arriskuen prebentzioko teknikarien kontratazio- eta prestakuntza-prozesua azal dezaten, bai eta pertsona horiek egindako landa-lana, lortutako datuak, hartutako neurriak eta ateratako ondorioak ere. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Nafarroako Gobernuaren 2018ko martxoaren 7ko Erabakia, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita OLEOFAT TRADER SLk sustatutako enpresa-proiektua. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren 2018ko martxoaren 7ko Erabakia, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita Suministros y Servicios Unificados de Carrocería (SUNSUNDEGUI) SLk sustatutako enpresa-proiektua. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Erretiratu egin da Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztutako agerraldi-eskaera, Hezkuntzako kontseilariak azal dezan PSOEk negoziazio mahaitik alde egin ondoren Hezkuntzaren aldeko Estatu Ituna hautsi izanari buruz egiten duen balorazioa.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- CERMINen ordezkariekin, ortoprotesien katalogo proposamena aurkez dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Los Perros Verdes kolektiboaren ordezkariekin, beren proiektua aurkez dezaten eta osasun mentalaren arloan gazteen errealitateari buruz daukaten esperientzia azal dezaten, bai eta osasun mentaleko zerbitzuak erabiltzen dituztenei beren lan-metodoak ematen dien balio positiboa ere. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Bucéfalo elkartearen ordezkariekin, zaldien tratu txar eta abandonuagatik ematen duten erreskate-, errehabilitazio- eta harrera-zerbitzua azal dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Goteborgeko Unibertsitateak (Suedia) erregio bakoitzeko administrazioen egungo gobernamenduaren kalitatea dela-eta egindako txostenari buruzkoa. Geroa Bai talde parlamentarioko Unai Hualde Iglesias jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Abiadura Handiko Trenaren proiektuko 4. eta 5. azpizatien oinarrizko proiketuari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- Club Atlético Osasunak bere tributu-zorrak ordaintze aldera Ogasunari emandako ondasunak berrerosteko edo lehentasunez erosteko eskubideari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Adolfo Araiz Flamarique jaunak aurkeztu du.

- 2018ko martxoaren 8ko grebak Hezkuntza Departamentuaren menpeko ikastetxeetan izandako eraginari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko lehendakariak Plaza de la Cruz BHIko Batxilergoko bigarren mailako ikasleekin eginen duen saioari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Madrilgo Camilo José Cela Unibertsitateko Hezkuntza Politiken Katedraren lanean PISA txostena dela-eta Nafarroari buruz ageri diren datuei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Hondarribiko udalekuetako familiabakarreko etxebizitzari 1995etik eman zaion erabilerari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Hondarribiko udalekuetako ipar hegalean 2009an egindako erreformari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak adierazi dute honako honen berri izan dutela: 2017ko laugarren hiruhilekoan emandako abalei eta abalatutako zenbatekoei buruzko informazioa.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Altsasuko Udalaren 2016ko ekitaldiari buruzko fiskalizazio-txostena.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak Euskararen Nafar Kontseiluko kide izateko aurkeztu diren hautagaitzak aldarrikatu ditu: Juan Carlos Pikabea Zubiri (UPNk proposatuta), eta Cristina Lainez Gavari, David Anaut Peña eta Itziar Diez de Ulzurrun Sagalá (Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos Ahal Duguk e I-Ek proposatuta). Ordezkoak: Iñaki Iriarte López (UPNk proposatuta), eta Mikel Aranburu Bergua, Koldo Pla Larramendi eta Bakartxo Ruiz Jaso (Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos Ahal Duguk e I-Ek proposatuta).

 

Legebiltzarrak martxoaren 15eko Osoko Bilkuran hautatuko ditu kideak.

 

Heldu den astelehenetik aitzina, Nafarroako Parlamentuak kontseilu horretarako hautatu beharreko bosgarren kidea hautatzeko beste prozedura bat abiaraziko da.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onartu txosten juridikoa egiteko eskaria. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako eskari hori zen Nafarroako Parlamentuak 2017ko abenduaren 22an onetsitako Toki Ogasunei buruzko Legearen aldaketa zuzenbideari egokitzeari buruzkoa, Konstituzio Auzitegiak 72/2017 epaia eman ondoren.

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek txostena eskatzearen aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

- Eledunen Batzarrak ez du onartu Nafarroako Kontseiluari irizpena eman dezan egindako eskaria. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako eskari hori zen jakiteko ea ordenamendu juridikoaren araberakoa den, Konstituzio Auzitegiaren 72/2017 epaiari jarraikiz, Nafarroako Parlamentuak 2017ko abenduaren 22an onetsitako Toki Ogasunei buruzko Legearen aldaketa. Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek txostena eskatzearen aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Konstituzio Auzitegiaren epaia, Nafarroan bizi diren pertsonei Nafarroako osasun-sistema publikoan doako osasun-laguntza jasotzeko eskubidea aitortzen dien 8/2013 Foru Legearen aurka aurkeztutako 7089-2013 konstituzio-kontrakotasuneko errekurtsoren gainekoa.

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Turkiak Espainian duen enbaxadorearen idazkia, Nafarroako Parlamentuak Afringo (Siria) biktimei elkartasuna adierazte aldera Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionalari buruzkoa.

 

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak aho batez onetsi dute adierazpen instituzional bat. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak berriz ere dei egiten du errespeta eta bete dadin Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia, zeinak ezartzen baitu Marokoren eta Europar Batasunaren arteko elkartze eta liberalizazio akordioak ez zaizkiola aplikatzen Sahara Mendebaldeko lurraldeari. Adierazpena egiteko proposamena “Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak berriz ere dei egiten du errespeta eta bete dadin Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia, zeinaren bidez ezartzen baita Marokoren eta Europar Batasunaren arteko elkartze eta liberalizazio akordioak ez zaizkiola aplikatzen Sahara Mendebaldeko lurraldeari.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berriz ere gogorarazten du legez kanpokoa dela Sahara Medebaldearekin egindako merkataritza-jarduera oro, Saharar herriaren onespena lortu ezean.

 

3.Nafarroako Parlamentuak berriz ere dei egiten du nazioarteko eta Europako zuzenbideari jarraikiz jardutera, eta Espainiako agintari guztiak premiatzen ditu lege indardunak aplikatzera, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak eman berri duen epaiari jarraikiz.

 

4. Nafarroako Parlamentuak berriz ere exigitzen du irtenbide politiko justu bat, iraunkorra eta bi aldeentzat onargarria, Sahara Mendebaldeko gatazkari amaiera emanen dion erreferendum baten bidezkoa.

 

5. Nafarroako Parlamentuak berresten du garrantzizkoa dela gure auzokide marokoarrekin harreman sendo eta anitzak edukitzea, eta Sahara Mendebaldeko gatazkaren irtenbide justu bat pizgarria izanen litzatekeela Marokorekiko harremanetarako”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak osasunaren arloko erasoak desagerrarazteko konpromisoa adierazten du. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak osasunaren arloko erasoak desagerrarazteko konpromisoa adierazten du.

 

2. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak kanpainak egitea osasunaren arloko profesionalen aurkako erasoak direla-eta gizartea kontzientziatzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak jarraitzea eta indartzea lanbide-gaitasunei buruzko prestakuntza-programak, egoera zailei aurre egiteko.

 

4. Nafarroako Gobernuak prebentzio-estrategia bat garatzearen alde dago Nafarroako Parlamentua, osasunaren arloko profesionalen aurkako erasoak desagerrarazte aldera osasunaren arloko profesionalek eta segurtasun indar eta kidegoek otsailean lortutako akordioa oinarri”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak adierazten du ez dagoela ados presoak urruntzen dituen espetxe-politikarekin. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPN eta PPNk aurka; PSNk 1. puntuaren aurka eta 2. puntuaren alde bozkatu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentua ez dago ados presoak urruntzen dituen espetxe-politikarekin eta salbuespenezko isolamendu-neurriekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beste espetxe-politika bat egin behar da, askatasunaz gabetzeko zigorrak gizarte- eta familia-loturak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidinen duena eta senitartekoekiko harremana erraztuko duena”

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bere arbuiorik borobilena adierazten du EAJren Altsasuko egoitzan agertutako pintaketak direla-eta. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere arbuiorik borobil eta erabatekoena adierazten du EAJ alderdi politikoaren Altsasuko egoitzan 2018ko martxoaren 10eko goizean agertutako pintaketak direla-eta, eta onartezintzat jotzen du horrelako ekintzak gertatzen jarraitzea, gizarte demokratiko batean kritika zilegiaren mugez harago doan eraso bat baita, erakunde politiko baten aurka egina.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere babesa eta elkartasuna adierazten dizkie ekintza horrek kaltetutakoei”.

 

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Parlamentuko ikerketa-batzordeetara agertzeko deitzen diren pertsonei aplikatzekoak zaizkien betebeharrei buruz Zerbitzu Juridikoek egindako txostena. Txostenak dioenez, “ikerketa-batzordeen ahalmena da edozein pertsonaren presentzia eskatzea, legez eta ohartarazpen baten bidez, informatzeko eta batzordea ikertzen ari den gertakariak argitzen laguntzeko. Batzordean agertu beharra Zigor Kodearen 502. artikuluak ezartzen du, halako moduan non agertu ezean desobeditze-delitupeko erruztatu gisa zigortuko baitira”.

 

Txosten juridikoaren ondorioetan orobat esaten da Parlamentuak zaindu egin behar duela “ikerketa-batzordeetan babestuta gelditzen direla pertsonen intimitatearekiko eta ohorearekiko errespetua nahiz agerraldia egiten dutenen lanbide-sekretua, kontzientzia-klausula eta gainontzeko konstituzio-eskubideak”.

 

Azkenik, Parlamentuko Zerbitzu Juridikoen txostenak dioenez, “Espainiako Konstituzioaren 24.2 artikuluko eskubide prozesalek ez dakarte, ikerketa-batzorde batzorde baten baitan, agerraldia egiten duenak eskubidea edukitzea justifikaziorik gabe isilik geratzeko, zeren haren betebeharra baita batzordeari laguntzea ikerketaren xede dena argitzen, non eta hark “egia” deklaratzeak ez dion herritarra den aldetik duen posizio juridikoari eragiten”, eta “bere buruaren aurka ez deklaratzeko eskubidea eta bere defentsa-eskubideari kalte ez egitearren bere burua errudun ez aitortzeko eskubidea, agerraldiaren egintza parlamentarioak “in peius” eragin prozesala izan lezakeen neurrian, banan-banan eta berariaz alegatu beharko da galdera egiten zaionean”.

 

- Foruzaingoaren arduradunek agerraldia egin dute Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren aitzinean, Parlamentuaren Segurtasun Integralari buruzko Plana azaltzeko.

 

- Mahaiak erabaki du, Eledunen Batzarrak erabakia hartu ondoren, martxoaren 19ko 11:30era bitarte luzatzea Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoa SMPren administrazio kontseilurako Nafarroako Parlamentuak proposatu beharreko hiru kideen hautagaitzak aurkezteko epea. Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.