Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Maiatzak 21

2018ko maiatzaren 21eko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, MAIATZAK 21, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, maiatzak 21–, 10:00etan, eta bertan erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Nafarroako Gobernuaren iritzia, Kargudun publikoei administrazio-zehapenak ezartzen dizkien Foru Lege proposamena aintzat hartzearekin.

- Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatututaren Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 33. artikuluaren 2. apartatua aldatzekoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da araudia alda dezan, halako moduan non Nafarroako kultur sentsibilitateak ordezkatuko dituen Kulturaren eta Arteen Nafar Kontseilu parte-hartzaile bat taxutzen ahal izanen baita. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, azal dezan zein den Gobernuaren jarrera EAJk Nafarroako errealitate instituzionalean berriz esku sartzearen aurrean, Euskal Estatutu berriaren proiektuaren bitartez. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana María Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariarena, Navarra Arena pabiloiaren 2018ko eta 2019ko programazioa taxutzeko baliatu diren irizpideak azal ditzan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Cristina Altuna Ochotorena andreak aurkeztu du.

- Kultura, Kirol eta Gazteriako kontseilariarena, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari-kudeatzailearekin eta Gazteriako zuzendariordearekin batera informa dezan Gazteriari buruzko II. Planaren lehen urteari buruz. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, Errefuxiatuei Nafarroan Harrera egiteko Protokolo Integrala aurkez dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, Gizarte Zerbitzuen Zorroaren erreformaren gorabeheren berri eman dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Uharteko Udalaren ordezkaritza batekin, Botikak gutxitu eta gehiago mugitu, zure osasunagatik bat eginik proiektua azal dezan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Gizarte Hezitzaileen Elkargo Ofizialaren ordezkariekin, gizarte hezitzailearen lanbidea arautzeko lege baten aldeko eskaria azal dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Nafarroako Zerbitzuguneetako Enpresaburuen Elkartearen ordezkaritza batekin, legedi indarduna betetzeari dagokionez eta sektorean lehia desleiala egoteagatik bizi duten egoera azal dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Ziaurrizko Kontzejuko eta Nafarroako beste kontzeju batzuetako ordezkariekin, azal dezaten zer arazo dakarren mendiko errepideetan abiadura moteltzeko gailuak ezartzeko debekuak. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- Tracasako eta Tracasa Instrumentaleko Enpresa Batzordearen ordezkariekin, haien lan-baldintzen berri eman dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Jakiteko ea zertan den Nazio Batuen Erakundeak Palestinako errefuxiatuentzat duen Agentziari aparteko ekarpena egiteari eta finantzaketarako tresna egonkokor bat aztertzeari buruz hartutako erabakia. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.

- ETAko presoentzat amnistia eskatzen duen EH Bilduren koordinatzaile nagusiaren hitzei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko José Javier Esparza Abaurrea jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Liburutegi Nagusia langilez hornitze aldera onetsitako mozioa betetzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Casado Oliver jaunak aurkeztu du.

- SODENAri, legeak ezartzen duen 10 urteko epea iragan ostean, zenbait enpresatan parte hartzen jarraitzeko baimena luzatzeko erabakiari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Carlos Couso Chamarro jaunak aurkeztu du.

- Erabilera-lagapeneko araubideko etxebizitza-kooperatiben ereduari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- Etxebizitzarako eskubidea izateari buruzko lege proiektuari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Mikel Buil García jaunak aurkeztu du.

- N-121-A eta A-15 errepideetako obrei buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- Nafarroaren zor publikoari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Kontzientzia-eragozpenaren eta intsumisioaren mugimendu antimilitaristak Nafarroan izandako eraginari eta garrantziari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Berriztu Elkarteari eta Eguneko Zentroko 16 toki misto kudeatzeko laguntza kontratuari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Nahitaezko soldadutzaren aitzineko kontzientzia-eragozleei eta intsumisoei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

- Nahitaezko soldadutza dela-eta Armadarekin lankidetzan aritu ez ziren udaletako kargudun publikoen aurkako prozedura penal eta zibilei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.

 

GOBERNUAREN BESTELAKO EKIMENAK (HITZARMENAK, FORU DEKRETUAK, KOMUNIKAZIOAK, PLANAK ETA PROGRAMAK):

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute 2017ko laugarren hiruhilekoan emandako abalei eta abalatutako zenbatekoei buruzko informazio zuzendua.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Maiatzaren 11ko 79/2018 Foru Agindua, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariarena, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren 2018-2020 aldirako Diru-laguntzen Plan Estrategikoa aldatzen duena.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak 2018ko apirilean egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak maiatzaren 15ean sartu baitziren erregistroan.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Arartekoaren 2017ko ekitaldiari buruzko txostena.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Kontseiluaren 2017ko ekitaldiari buruzko txostena.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Eledunen Batzarrak 2018ko martxoaren 19an egindako eskariari jarraikiz egin den txosten-oharra, Nafarroako Gobernua foru parlamentariek egindako informazio-eskariei behar den moduan eta garaian erantzutera behartuta ote dagoen argitzen duena. Txosten-oharrean, Nafarroako Parlamentuko Zerbitzu Juridikoek honako hau ondorioztatu dute: “Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko eledun Beltrán Villalba andreak eta Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Hezkuntza arloko eledun Catalán jaunak Erregelamenduan ezarritakoari jarraikiz eskatutako informazioa eman behar du Nafarroako Gobernuak; izan ere, duten ordezkaritza-kargua baliatzeak berekin dakar, zalantzarik gabe, informazioa jasotzeko eskubidea”.

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Nafarroako Gobernua premiatzea eskatutako informazioa igortzera. Zehazki, Beltrán Villalba andreak egindako honako informazio-eskari hauek: AP-15etik zirkulatzen duten ibilgailuei buruzkoa; Rozalejoko Markesaren Jauregia huste aldera Nafarroako Gobernuak egindako jarduketa judizialei nahiz estrajudizialei buruzkoa; Davalor Salud enresari mailegu parte-hartzaile bat ematen dion Sodenaren erabakiari buruzkoa; beren helbide fiskala Nafarroatik kanpo eraman duten enpresen eta beren helbide fiskala Nafarroara ekarri duten enpresen negozio-bolumenari buruzkoa; Sodenak 2016an eta 2017an emandako maileguei eta abalei buruzkoa, eta AP-15a guztiz doan edo, behintzat, ibilgailu arinentzako doan izateak Nafarroako Gobernuari ekarriko liokeen kostuari buruzkoa. Eta Catalán jaunaren eskaria Eskola Kontseiluaren aktak igortzeari buruzkoa da, eta honako informazio-eskari hauei dagokie: Ingelesez ikasteko programa ezarrita daukaten A eta G ereduetako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek eginiko idazkiak, txostenak eta dokumentuak, 2017-2018 ikasturtean ingeleseko asteko saioak murriztea justifikatzerakoan.

(Honekin batera, txosten-oharra).

 

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Konstituzio Auzitegiaren epaia, Nafarroako ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen 15. eta 16. artikuluen aurka Gobernuko lehendakariak sustatutako 572/2008 konstituziokontrakotasun errekurtsoari buruzkoa.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute Legebiltzarra pertsonatzea eta alegazioak aurkeztea Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Auzitegiaren 1319-2018 zenbakiko konstituzio-kontrakotasuneko arazoan,143/2017 prozedura laburtua dela-eta, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen abenduaren 27ko 19/2017 Foru Legearen xedapen iragankor bakarreko laugarren apartatuko 2. zenbakiari buruzkoa, Espainiako Konstituzioaren 149.1.6 artikulua ustez urratzeagatik.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baitu Israelek indarrez okupatutako bere lurraldera itzultzeko palestinar herriari dagokion eskubidea. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, Nafarroako Alderdi Sozialista eta Izquierda-Ezkerrak. Nafarroako Alderdi Popularrak aurkako botoa eman du, eta Unión del Pueblo Navarrok hirugarren, laugarren, bosgarren, seigarren eta zazpigarren puntuen aldeko botoa eman du eta lehenengo eta bigarren puntuen aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du Israelek indarrez okupatutako bere lurraldera itzultzeko palestinar herriari dagokion eskubidea.

 

2. Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du palestinar herriaren Itzuleraren Martxa Handia mobilizazio baketsua, Israelgo Armada odolez eta suz erreprimitzen ari dena.

 

3. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du Israelgo Armadak Itzuleraren Martxa Handian parte hartzen ari ziren gutxienez ere 100 palestinar erail izana (eta milaka zauritu izana), eta doluminak eta elkartasuna adierazten dizkie beren familiei.

 

4. Nafarroako Parlamentuak uste du ezinbestekoa dela Espainiako Gobernuak eta Europar Batasunak Israeli behar adinako presioa egin diezaioten eta ezarri beharreko zehapenak ezar diezazkioten, berehala amai dezan Israelgo Armadak palestinarren aurka darabilen errepresio kriminala.

 

5. Nafarroako Parlamentuak uste du Espainiako Gobernuak bertan behera utzi behar dituela Israelgo Estatuarekiko harreman diplomatikoak, harik eta herrialde horrek palestinarren aurka darabilen errepresio kriminala amaitu arte.

 

6. Nafarroako Parlamentuak uste du oso larria eta nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa dela Estatu Batuetako lehendakariaren erabakia, zeinaren bidez bere enbaxada Jerusalemen jarri baitu. Erabaki hori, legez kanpokoa izateaz gain, erregioan bakea lortzearen aurkakoa da.

 

7. Nafarroako Parlamentuak erabaki du adierazpen hau Palestinako Agintaritza Nazionalaren ordezkaritzari eta Israelen Espainiako enbaxadari helaraztea”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Israelgo gobernu sionista palestinarren aurka egiten ari den giza eskubideen urraketa larria. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenaren aldeko botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, Nafarroako Alderdi Sozialista eta Izquierda-Ezkerrak. Nafarroako Alderdi Popularrak aurkako botoa eman du, eta Unión del Pueblo Navarrok bigarren, hirugarren, laugarren eta bosgarren puntuen aldeko botoa eman du eta lehenengoaren aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Israelgo gobernu sionista palestinarren aurka egiten ari den giza eskubideen urraketa larria.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasun osoa adierazi nahi dio palestinar herriari, determinazio askerako eskubidea baitu, eta beste behin dio konponbide negoziatu baten alde dagoela, 1967an hitzartutako mugekiko bi estatutan oinarrituta, biek ala biek izaki askatasunean, bakean eta segurtasunean bizitzeko eskubide osoa.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Europar Batasuna premiatzen du Israelen eta Palestinan nazioarteko legezkotasuna betetzen dela begira dezan eta giza eskubideen bortxaketa nahiz okupazio ilegala amai daitezen.

 

4. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du AEBk Israelen duten enbaxada Tel Avivtik Jerusalemera aldatzea, palestinar herriaren aurkako eraso bat delako eta eremu horretako bake eta egonkortasunaren aurkako atentatua delako.

 

5. Nafarroako Parlamentuak herritarrei dei egiten die Naqba dela-eta egiten diren ekitaldi eta mobilizazio guztietan parte har dezaten Israelgo estatu sionistaren indarkeria salatzeko, eta palestinar herriaren aldeko elkarretaratze baterako dei egiten du. Elkarretaratzea Parlamentuaren atarian eginen da ostegunean, hilaren 17an, 12:00etan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu Xabierraldien ekitaldi tradizionala Hitlerren eta Francoren irudiarekin irudikatu izana. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

UPN eta PPNk alde bozkatu dute; Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta PSN abstenitu egin dira, eta Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka bozkatu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Xabierraldien ekitaldi tradizionala Hitlerren eta Francoren irudiarekin irudikatu izana, Xabierko Gaztelurainoko erromesaldi horretan parte hartzen duten edo erromesaldiarekiko atxikimendua daukaten Nafarroa osoko milaka pertsonaren aurkako irain larri eta bidegabea izateagatik.

 

UPNk aurkeztutako adierazpen instituzionalaren proposamenak bigarren puntu bat ere bazuen, baina erretiratu egin da. Honako hau zioen: “2. Iruñeko Udala premiatzen dugu udalaren lokal batean paratutako irudi hori berehala ken dezan”.

 

Proposamenak hirugarren puntu bat ere bazuen, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoarekin baztertu dena. UPNk eta PPNk alde bozkatu dute, eta PSN, berriz, abstenitu egin da. Honako hau zioen: “3. Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du ezen, hau bezalako ekintzekin, ekintza sustatzen duten arduradun politikoek baliabide publikoak erabiltzen dituztela nafarren arteko gorrotoa, haserrea eta liskar soziala sustatzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Nafarroako Zeliakoen Elkartearen manifestuarekin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Nafarroako Zeliakoen Elkartearen manifestuarekin, eta osasunaren eta ekonomiaren arloetan neurriak bultzatzeko konpromisoa hartzen du, zeliakoen bizi-baldintzak errazteko eta hobetzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak kolpismoaren apologia egiten duten jarduketak aurrekontu bidez ez babesteko konpromisoa hartzen baitu. EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; UPNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak kolpismoaren apologia –zuzenean nahiz zeharka, ohartuki nahiz oharkabez– egiten duten jarduerak sustatzeko aurrekontu-finantzaketarik ez babesteko konpromisoa hartzen du.

 

Adierazpen-proposamenak baztertu egin den puntu bat zeukan. Puntu horren aurkako botoa eman dute UPNk eta PPNk eta aldeko botoa, berriz, EH Bildu Nafarrak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek. Geroa Bai eta PSN abstenitu egin dira. Honako hau zioen:

 

“Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazten die Urederra elkarteko artistei, haien lana zentsuratua izan baita, eta gaitzetsi egiten du Xabierraldiaren jatorri frankistarekiko eta Alemania naziarekiko lotura egiteagatik arte-sormena murrizteko ahalegin oro, horrek ez baitu esan nahi gaur egun erromesaldia egiten dutenei irain egiten zaienik, eskubidea baitute itxuraz aseptikoa den tradizio baten sustrai historikoak ezagutzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Zeliakoaren Egun Nazionalarekin. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du maiatzaren 27an Zeliakoaren Egun Nazionala ospatzearekin, zeliakoen kolektiboaren eskubideak errealitate bihurtzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du kolektibo horrekin, diagnostiko goiztiarra eta elikagai-segurtasuna eskatzeari dagokionez.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak gaixotasun zeliakoen tratamendua errazteko neurriak aztertzeko konpromisoa hartzen du; bereziki, baliabide gutxieneko pertsonena eta familiena.

 

4. Nafarroako Parlamentuak errealitate horrekiko hurbiltasuna agertzen du, eta gaixotasunak ukitutako nafarrei bizi-kalitaterik onena opa die”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak salatu egiten baitu Gazako populazio zibilaren aurkako eraso eta eskubide-urraketa oro. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

UPNk, Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek aldeko botoa eman dute; PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak erabaki du jendaurrean salatzea edozein Gobernuk edo nazioarteko potentziak Gazako populazio zibilaren aurka egindako eraso eta eskubide-urraketa oro, eta herritarrak premiatzen ditu bat egin dezaten hori arbuiatzeko egiten den deialdi eta mobilizazio ororekin”.

 

Adierazpen-proposamenak beste bi puntu zeuzkan, baina baztertu egin dira. Puntu horien aurkako botoa eman dute UPNk, PSNk eta PPNk eta aldeko botoa, berriz, EH Bildu Nafarrak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek. Geroa Bai abstenitu egin da. Honako hau zioten:

 

“2. Palestinako populazio zibilak sustatutako Boikota, Desinbertsioak eta Zehapenak nazioarteko kanpainak bultzatutako ekimen oro babesten du Nafarroako Parlamentuak, eta nafarrei dei egiten die beste horrenbeste egin dezaten.

 

3. Israelgo Estatuak baliatutako menderatzeari ez laguntzen saiatuko da Nafarroako Parlamentua; hartara, Nafarroako Parlamentua egun ematen ari den laguntza material oro emateari utziko dio”.

 

- Beste bilkura baterako utzi da Nafarroako Gobernuak ETA banda terroristak estortsioa egindako enpresaburuen aldeko aitortza-omenaldia egutegian urgentziaz jasotzeko eskaria, zeina PPNk aurkeztu baitzuen.

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoInforme jurídico