Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Azaroak 12

2018ko azaroaren 12ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, AZAROAK 12, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, azaroak 12–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aldatzen duena. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- I+G+B eta energia berriztagarriak sustatzeko kreditu berezia eta kreditu-gehigarria ematekoa. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

Foru lege proiektua heldu den azaroaren 15eko Osoko Bilkuran izapidetuko da, irakurketa bakarreko prozeduraren bidez.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Ingurumenaren babesari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina hein batean aldatzeko Foru Lege proposamena aintzat hartzearekin.

- Hein batean aldatzen duena Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergari buruzko testu bategina, apirilaren 26ko 129/1999 Legegintzako Foru-dekretuaren bidez onetsia. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroako Errege Bardea natur parke deklaratzen duen apirilaren 6ko 10/1999 Foru Legea eta Nafarroako Naturguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legea alda ditzan. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da adingabeen nahiz genero-indarekariaren biktimen ondarea babes dezan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Horren bidez, Osasun Departamentua premiatzen da gaixotasun endokrino-metabolikoen baheketa zabaldua ezar dezan, gutxienez ere gisa horretako 25 gaixotasun sartuta. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko José Javier Esparza Abaurrea jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Nafarroan lehenbailehen sor eta gara dezan banku publiko bat. Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da gurasoei errespeta dakien beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza aukeratzeko eskubidea. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

AGERRALDIAK:

- Gobernuko lehendakariarena, azal dezan Nafarroako Gobernuak zer dela-eta ez duen bete Enplegu Plana negoziatzeko bide-orria ezarri zuen akordioa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

- Eskubide Sozialetako kontseilariarena, gizarteratze plan berria azal dezan. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Félix Urabayen Helduen Bigarren Hezkuntzako Nafarroako Institutuko zuzendaritzarekin eta eskola kontseiluarekin, otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretua betetze aldera espazioak handitzeko eskaria azter dezaten. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Manuel Martorell Pérez jaunarekin, Lizarrako Karlismoaren Museoaren erakusketa iraunkorraren multzoa hobetzeko proposamena azal dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.

- Gazte nikaraguarren ordezkaritzarekin, beren herrialdean pairatzen duten jazarpen politikoa azal dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Haurren esklabotzaren aurkako ekintzaile pakistandar Ehsan Ullah Khan jaunarekin, bere herrialdean bizi den egoera azal dezan. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

 

BATZORDE BEREZIAK ETA PONENTZIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako erakundeen zorraren zenbatekoa aztertzeko Lantaldearen erabakia, bere lanak bukatzeko epea 2019ko martxoaren 7ra arte luzatzekoa.

- Izapidetzeko zain gertu da, Legebiltzarreko Zerbitzu Juridikoek txosten-ohar bat eman arte, ikerketa-batzorde bat eratzeko eskaria, jakiteko ea zer kalte eragin ahal izan den Koroaren gastuak ordaintzera bideratutako Nafarroako funts publikoetan, bai eta Hitzarmen Ekonomikoaren bidez Estatuaren zor guztien amortizazio-kuotetan, errege emeritu Juan Carlos I.ak ustez eginiko irregulartasunen ondorioz. EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Tuterako Reina Sofía Ospitaleko ekipamendua eta instalazioak hobetzeko inbertsio progresiboen plan bat taxutzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Tuterako Osasun Barrutiko osasun-etxeen eta kontsultategien ekipamenduak eta azpiegiturak hobetzeko berariazko plan bat taxutzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Erriberako produkzio-sarearen eta Lanbide Heziketako ikasketen nahiz Nafarroako Unibertsitate Publikoko karreren arteko interkonexioa errazteko erabakiei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Aragoirekiko eta Errioxarekiko ekimen bateratuak jasoko dituen plan estrategiko bat taxutzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Erriberako langabezia-ehuneko handia murrizteko enplegu plan bat taxutzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Helduen Bigarren Hezkuntzako Nafarroako Institutuko espazio-faltarako konponbideari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Erriberaren Espezializazio Adimendunaren Eskualdeko Estrategiaren garapena babesteko neurriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea oinarrizko gizarte zerbitzuetako programen eta finantzaketaren arloan garatzeko Erregelamendua onesten duen maiatzaren 22ko 32/2013 Foru Dekretua aldatzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Erriberako arreta pediatrikoari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Erriberan kokatu diren enpresa berriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Erriberako Ureztatze Plana eguneratzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Erriberako baso-masak espezie autoktonoen bidez kontserbatzeari eta basoberritzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Tuterako Osasun Barrutiaren egoerari eta giza baliabideen arloko beharrizanei buruzko diagnostikoari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Tuterako larrialdietako ohiko zerbitzuko medikuntzako nahiz erizaintzako ekipoa indartzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nekazaritzako elikagaien erakundeetan emakumeen presentzia sustatzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Erriberan kultur aniztasunaren eta migrazioaren arloko politiken gaineko neurriak abian jartze aldera lankidetza- eta koordinazio-gune misto bat sortzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Erriberan erradikalizazioa eta xenofobia prebenitzearren eta bakearen, errespetuaren nahiz elkarbizitzaren kultura sustatzearren hartutako ekimenei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Erriberaren balioa ikusaraztearren eta Erribera Nafarroako erreferentziazko destino bihurtzearren hartutako neurriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Erriberan nekazaritzako elikagaien sektorea garatzearren abian jarritako laguntza-, koordinazio- eta lankidetza-neurriei buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Eledunen Batzarrak erabaki du Kontuen Ganberari eskatzea txostena egin dezan Nafarroako toki entitateek historian zehar unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako ikastetxe pribatuei emandako tratamenduari eta gaurko egoerari buruz. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak erabaki dute heldu den azaroaren 26ko bilkura Lesakan egitea.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALETARAKO PROPOSAMENAK:

 

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten baitu emakumeek ezein esparru eta testuingurutan pairatzen dituzten diskriminazio ugarien ondoriozko indarkeria sexista oro. Adierazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpen instituzionala onetsi da talde guztien aldeko botoarekin, PPNrena izan ezik, 1., 2. eta 3. puntuen alde bozkatu baitu eta 4. puntuan abstenitu egin baita.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. ARBUIATZEN DU emakumeek pairatzen dituzten hainbat diskriminazioren ondoriozko edonolako indarkeria sexistaren aurrean, edozein alor eta testuingurutan.

 

2. KONPROMISOA adierazten du, Administrazio Publiko den aldetik, lanean aktiboki jarraitzeko emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeriak eta ahuldade egoerak sortzen dituzten desberdinkeria guztien aurka. Horren xedea da bai gobernuak eta erakunde publikoak bai nazioarteko erakundeak eta gizarte zibila hausnarketara eta konpromisoak hartzera bultzatzea.

 

3. ELKARTASUNA adierazten du erasoak pairatu dituzten edo erailak izan diren emakumeekin eta indarkeria sexistari aurre egin behar dioten emakume eta neskatoekin.

 

4. HERRITAR GUZTIAK GONBIDATZEN DITU jarrai dezaten emakumeen aurkako indarkeria arbuiatzen, eta konpromisoa erakusten indarkeria horren deuseztatzearekin, kontrol patriarkalaren adierazpen eta emakumeen askatasunerako eta autonomiarako muga eta baldintzapen oro salatzen, eta parte har dezaten azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren ekitaldi guztietan”.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak eskatzen baitu Botere Judizialaren Kontseiluko eta Auzitegi Nagusiko lehendakariaren eta Hirugarren Aretoko lehendakariaren dimisioa. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

UPNk eta PPNk adierazpen instituzionalerako proposamenaren aurka bozkatu dute. Geroa Bai abstenitu egin da; EH Bildu Nafarroak eta Podemos-Ahal Dugu Orain Baik lehenengo puntuaren alde bozkatu dute eta bigarrenean abstenitu egin dira. PSNk, berriz, bigarren puntuaren alde eta lehenengoaren aurka bozkatu du. Azkenik, Izquierda-Ezkerrak alde bozkatu du.

 

Ezetsitako adierazpen instituzionalerako proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari eskatzen dio berehala dimisioa aurkez dezaten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko eta Auzitegi Nagusiko lehendakari Carlos Lesmes jaunak eta Hirugarren Aretoko lehendakari Díez Picazo jaunak, hipotekak eratzearen ondoriozko ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren ordainketaren aurkako errekurtsoen kudeaketan erakutsitako ezgaitasun nabarmena dela-eta.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Gorte Nagusiei eskatzen die Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak izenda ditzan Konstituzio Auzitegiak 108/1986 epaian ezarritako doktrinari jarraikiz, ziurtatze aldera Kontseiluaren osaerak gizartean eta, bereziki, Botere Judizialaren barruan dagoen aniztasuna isla dezan eta, azken batean, Parlamentuak izendaturiko Botere Judizialaren gobernuaren independentzia alderdi politikoekiko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baititu ETAk Juan Carlos Beiro hil zuen hesian agerturiko pintaketak. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

UPN, Geroa Bai, PSN eta PPN eta I-Ek alde bozkatu dute; EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik aurka.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu ETAk Juan Carlos Beiro hil zuen hesian agerturiko pintaketak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak exigitzen du pintaketa iraingarri eta mingarri horiek berehala ezaba daitezela”.

 

PPNk aurkeztutako adierazpen-proposamenak baztertu egin den hirugarren puntu bat zeukan. Puntu horren aurkako botoa eman dute Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek, eta aldeko botoa, berriz, UPN, PSN eta PPNk. Hona puntu horren testua:

 

“3. Nafarroako Parlamentuak eskatzen du Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak eta Nafarroako Gobernuak lehen zuten hitzarmena bezalako beste bat sina dezatela halako erasoak azkar ezabatzeko”

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Carolina Martínez eta Clemente Bernadekiko elkartasuna adierazten baitu.Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Alde bozkatu dute Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek; UPNk eta PPNk 1., 2. eta 3. puntuen aurkako botoa eman dute eta 4.aren aldekoa. PSNk, berriz, 1. eta 4. puntuen alde bozkatu du eta abstenitu egin da 2. eta 3. puntuetan.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Elkartasuna adierazten die Carolina Martínez eta Clemente Bernadi, haien ikerketa-lana kriminalizatua izan baita eta borreroen intimitatearen babesa herritarrek egia, Historia eta Iruñeko soziologia ezagutzeko duten eskubidearen aurretik jarri baita.

 

2. Arbuiatzen du memoria historikoarekin loturiko gertakarien ikerketa-lana egiten dutenen jazarpen judiziala, Konstituzio Zuzenbidearen eta adierazpen askatasunaren esparruan.

 

3. Berresten du justiziaren politizazioarekiko arbuioa; izan ere, "Hermandad de Caballeros Voluntarios de la Cruz" izenekoaren legitimazio aktiboa bermatu du. Elkarte hori 1939an sortu zuten errekete gudari ohi batzuek “bere osotasunean mantentzeko, indarrez behar izanez gero, Nafarroa Jainkoaren eta Espainiaren aldeko Gurutzadara eraman zuen espiritua” eta, duen xedearengatik, legez kanpo egon beharko luke gizarte demokratiko batean, Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkarteak salatu duen moduan.

 

4. Adierazten du konpromisoa duela Nafarroako herritarren egia, justizia eta erreparazioa bermatzen duten memoria historikoari buruzko legeak betetzeko eta ez dagoela ados biktimen duintasunaren aurkako erasoa dakarren frankismoa goratzeko ekitaldi ororekin”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baitu heldu den azaroaren 23tik 25era Bardeako tiro poligonoan maniobra militarrak egitearen kontra Tuteran eginen den manifestazioa. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Babesten du 2018ko azaroaren 18rako Tuteran deituriko manifestazioa, erantzutekoa Defentsa Ministerioak iragarritakoari, hots, hilabete honetako 23, 24 eta 25ean Bardeako tiro poligonoa maniobra militarrak egiteko erabiltzeko asmoari.

 

2. Adierazten du tiro poligonoa eraistearen alde dagoela; izan ere, Espainiako armadak eta NATO osatzen duten armadek erabiltzen dute gure lurraldean probak egiteko eta ondoren beste toki batzuetan gerra egiteko, eta, horren ondorioz, hildako kopuru zenbatezina eragiten dute eta milioika pertsona behartzen dituzte beren etxea eta herria uztera soilik biziraun ahal izateko”.

 

I-Eren adierazpen-proposamenak hirugarren puntu bat zeukan, baina baztertu egin da. Puntu horien aurkako botoa eman dute UPNk, PSNk, PPNk eta I-Ek; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik aldeko botoa eman dute. Honako hau zioen:

 

3. Bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen defentsan, bat egiten du herritarren aldarrikapenekin, zeinek aldezten baitute Bardeako Batzordearen eta Defentsa Ministerioaren arteko kontratu indardunaren luzapena saihestea eta kontsulta bat egitea, herritarrek beren lurraldearen zati baten xedearen gaineko erabakitzeko eskubide zilegia egikaritu dezaten eta erabilera komun eta baketsurako berreskura dezaten”.

 

- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak gaitzesten baititu Tere Saez andreak pasa den astearteko Foru Araubideko Batzordean esandako hitzak. UPN talde parlamentarioak eta PPN foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik eta I-Ek aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.

 

Erabaki proposamenak honako hau zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak gaitzesten ditu Tere Saez andreak pasa den astearteko Foru Araubideko Batzordean esandako hitzak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen ditu aipaturikoa bezalako jarrerak, ez baitira lagungarri herritarren ordezkari garen aldetik egin behar dugun lan onerako”.