Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Azaroa 23

“Gurasoek hezkuntza aukeratzeko duten eskubidea” defendatu eta Skolae programaren “doktrinamendua” aipatzen zuen UPNren mozioa baztertu da

“Guraso elkarteen parte hartzea eta ikasleen, gurasoen edo tutoreen sinesmen moralekiko errespetua” eskatzen zuen

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat atzera bota du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldekoekin, zeinaren bidez adierazi nahi zen “hezkidetza funtsezkoa dela pertsonaren prestakuntza integralean, bereziki gazteenen kasuan. Hezkidetza ikastetxeek ezarritako hezkuntza-edukiaren zati bat izanen da eta, heziketa afektibo-sexualaren kasuan, kontuan hartuz ikastetxeetako guraso elkarteen parte-hartzea eta ikasleen, gurasoen edo tutoreen sinesmen moralekiko errespetua”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatu nahi zuen “gurasoei errespeta dakien beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza aukeratzeko eskubidea, Espainiako Konstituzioak eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak babesten duten moduan. Hezkuntzako arduradunek ez dute doktrinatu behar ideologia edo postulatu politiko zehatz batzuk inposatzeko, Hezkuntza Departamentuak Skolae izendatutako hezkidetza programako hainbat edukitan ezarri nahi den moduan”.

 

Azkenik, hirugarren atalean, Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “hezkidetza eta heziketa afektibo-sexuala jorratuko duen edozein ekimen edo programak aldez aurretik izan dezan ikastetxeetako guraso elkarteen ezagupena eta familien onespena eta bat etor dadin beraien sinesmen moralekin”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak arrazoitzen zuen “gurasoek eskubidea dutela beren seme-alabak hezteko egokitzat jotzen dituzten sinesmen moraletan, beti ere Espainiako Konstituzioak eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalak egokitzat jasotako printzipioetan”. Ohartarazten zuen, gainera, “ez hezitzaileek, ez ikastetxeek edo hezkuntza administrazioak ere, ez dituztela mugatu edo baldintzatu behar neurri txikienean ere gurasoen eskubide horiek, ez eskola publikoan ez eta pribatuan ere, eta are gehiago hezkuntza afektibo-sexualaz ari garenean”.

 

“Askatasunaz, aukera berdintasunaz eta aniztasunaz” hitz egiten zuen mozioak “doktrinamendua eta pentsamendu bakarra” gaitzesteko, “ikasleei gauzen ikuspegi zehatz bat inposatzea herrialde totalitarioei dagokiela” azpimarratuz.