Publicada el Donnerstag, 1 de Dezember de 2016

Baztertu egin da Nafarroako Ubidea etorkizuneko proiektu globaltzat hartzeko eskatzen zuen mozioa

Dei egiten zuen obra hori bukatzeko, estrategikoa baita, eta funtsezkoa nekazaritzako elikagaien arloko enpresen nahiz industria sektore osoaren garapen ekonomikorako

Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, gaur atzera bota duen mozio batek Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “Nafarroako Ubidea gure erkidegoaren etorkizuneko garapen ekonomikorako proiektu globaltzat har dezan, eta, horren ariora, Garapen Ekonomikorako Departamentuaren menpe jar dezan”.


Baztertu den mozio horren bigarren puntuan Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “Ubidearen bigarren fasea Erriberarendako ezinbesteko obratzat aitor dezan, eta era horretan osatu dezan obra estrategiko eta egituratzaile hori”.


UPN parlamentu-taldeak sustatutako mozioaren zioen azalpenean goraipatu egiten ziren Itoizko Urtegia - Nafarroako Ubidea tandemak “aurrerabiderako eta lurralde osoaren egituraketarako” dakartzan onurak, “are gehiago Erriberan, etorkizunari begira uraren hornidura giza kontsumorako ez ezik industriaren kontsumorako ere bermatzeko; gainera, ekarriko luke ureztalur bihurtzea lehorreko 12.000 hektarea, eta horrek berme bat eskainiko luke landa eremua garatu ahal izateko”.


Ildo horretan, azpimarratzen zen Nafarroako Ubideak garrantzi handia duela “garapen ekonomikorako, nekazaritza-elikagaien enpresetan ez ezik, industriaren sektore osoan ere bai”, eta gogorarazten zen administrazio guztien betebeharra dela “ur erreserbak edukitzea, ura ondasun estrategikoa baita, aurrerapenaren hazia”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (125. NPAO, 2016-10-28koa)