Publicada el Donnerstag, 14 de April de 2016

Gobernuko lehendakariak ukatu egin du sinboloak inposatu nahi direla

UPNk egin duen jabelduraren arabera "ikurriña Euskal Autonomia Erkidegoaren bandera da eta ez du zerikusirik Nafarroarekin eta bere historiarekin"

Parlamentuan egindako kontroleko osoko bilkuran Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek baieztatu du "astakeria" dela esatea Nafarroako banderari "iraina" egin nahi zaiola, eta horren harira azpimarratu du ez zaiela "inolako sinbolorik inposatuko komunitate honetako herritarrei".

Horrekin batera, Sinboloen Legearen xedea lurralde honetako aniztasuna aintzat hartzea eta eztabaida politikoa normalizatzea dela adierazi du. "Parlamentuko gehiengoak hala erabakitzen baldin badu, legearen aldaketa bozkatuko" duela erantsi du.

"Leitza ez da Fitero baino nafarragoa eta Fitero ez da Leitza baino nafarragoa", adierazi du. Aurretik UPNk jabeldura egin dio Foru Komunitatearen sinboloen erabileraz eta "Nafarroarenak izan gabe ere erabili egin nahi diren beste sinbolo batzuei buruz".

UPNko eledun Javier Esparzak gogorarazi du Barkosek "foru araubidea errespetatu, zaindu eta hobetzeko eta Konstituzioari eta legeari men egiteko" promesa egin zuela, berari hura "arraroa" egin zitzaiola, eta gaur, berriz, ahaztu ote zaion susmoa duela. Gero hauxe esan du: "Ikurriña paratzea Nafarroako foru araubidea errespetatu, zaindu eta hobetzea bada, zertarako nahi dugu gehiago?".

Barkosi esan dio ikurriña dela "bihotzean daramazun bandera", eta bere esku balego berak inoiz ez lukeela sinatuko Nafarroa EAEk anexionatu dezan eta Euskal Herriaren parte izan dadin, baina Barkosek bai eginen lukeela.

"Ezin dute eraman Nafarroa forala eta espainiarra izatea", adierazi du Esparzak. "Ikurrina jarri nahi dute, jendaurrean erakusteko Nafarroa Euskadi dela, eta hori gezurretan aritzea da, benetako Nafarroarena ez den irudia ematea da", azaldu du, eta hau erantsi du: "Ikurriña Euskal Autonomia Erkidegoaren bandera da eta ez du zerikusirik Nafarroarekin eta bere historiarekin".

Historia eta sinboloak ez errespetatzea "erasotzat" hartuko dutela ohartarazi du Esparzak, eta legea bete dadila eskatu du, "ez dadila Nafarroako bandera iraindu ikurriñaren parean jarriz", ezta historia manipulatu ere.

"Legea beteko dugu, bai horixe", erantzun dio Uxue Barkosek. Aitortu du "izugarri" kezkatzen duela bestearen jardunaren tonuak, eta arduraz jokatzeko eskatu dio. Ondoren esan du ez duela "nafar bat bera ere ezagutzen beste erkidego baten bandera Nafarroako erakunde batean jarri nahi duena".

Ikurriña ez da soilik Euskal Autonomia Erkidegoaren bandera, baizik eta "euskal herritar sentitzen diren pertsona askoren ikurra", azpimarratu du Barkosek, eta, Nafarroak dituen erronkak izanda, ikurrinaz baino ez kezkatzea aurpegiratu dio UPNri.

Koldo Martinezek (Geroa Bai parlamentu-taldea) adierazi du "nafarren duintasuna" dutela bandera, eta erantsi du bandera ofizialez eta sinboloez hitz eginen dutela, baina ez gaur, UPNk laster kongresua duela eta.

Adolfo Araizek (EH Bildu parlamentu-taldea) UPNri aurpegiratu dio "egoera apokaliptiko bat" kontatzera etorri dela. Gizarteak ez duela horrela ikusten eta Nafarroako banderari ez zaiola inola ere irainik egin erantsi du.

Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) esan du auzi hau planteatzen duten moduaz "nazkatuta" dagoela, eta nahikoa luketela egungo Sinboloen Legea indargabetu eta lehengo legera itzultzea.

Inmaculada Juriok (PSN) "Nafarroako bandera dagoen moduan eta dagoen tokian, batasun sinbolo gisa" uzteko eskatu dio Barkosi, eta galdetu du zertarako lotu behar ote den legez Nafarroako bandera gatazkak sorrarazten dituzten beste bandera batzuekin.

Ana Beltranek (PPN foru parlamentarien elkartea) Barkosi leporatu dio bere sokakoei eta identitatearen inguruko gaiei bakarrik erreparatzen diela, eta kontu horiekin eta himno nazionalari buruzko bere hitzekin egiten duen kaltea baloratzeko eskatu dio. Barkosek erantzun dio "sekula" ez duela Espainiako himnoa iraindu, sekula ez duela esan "karranka historikoa" dela, Beltranek baieztatu duen bezala.

José Miguel Nuinek (I-E) eztabaida honi patxadaz heltzeko eskatu du. Ziurtatu du ez direla aldatuko Nafarroako sinbolo ofizialak eta ez dagoela inolako independentzia bide nafarrik aktibatzeko inolako konpromisorik.