Publicada el Donnerstag, 11 de Februar de 2016

Baztertu egin da Nafarroako Gobernua Internet atari berri bat eraikitzera premiatzen zuen mozioa

Haren helburua zen Nafarroan indarrean dagoen lurralde planeamenduari buruzko dokumentazio guztia jasotzea halako formatuan non edozein interesdunek kargatu eta erabili ahalko bailuke

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua Premiatzen baitzen "Interneteko atari berri bat presta dezan, zeinetan jasoko baita Nafarroan indarrean dagoen lurralde- eta hirigintza-planeamenduari buruzko dokumentazio guztia, halako formatuan eta moduan non edozein interesdunek ahalko baitu hura behera kargatu eta erabili, horri buruz erregelamendu bidez ezartzen denaren arabera".


Ezetsitako mozioak bigarren puntu bat ere bazeukan, non ondokoa zehazten baitzen: "Atari horretan sar dezan unean-unean garatzen diren herritarren parte-hartze prozesuei eta jendaurreko prozesuei buruzko informazio eta dokumentazio guztia, toki esparruan abian jartzen den aldi berean".


Halaber, eskatzen zen Nafarroako Gobernuak "atari horretan jaso dezan parte-hartze eta jendaurreko prozesu horietan bide telematikoen bidez parte hartzeko aukera, idazkiak eta dokumentuak helbide egokira bidaliz, bai foru administrazioaren esparruan, bai toki administrazioenean".


Halaber, honako honetarako dei egiten zuen: "Koordinazio neurriak taxutzea, ahalbidetuko dutenak parte-hartze eta jendaurreko prozesuak has daitezen lurralde- eta hirigintza-planeamenduaren atari berrian informazioa libreki baliatu ahal izateko moduan jartzen den une berean, halako moduan non ez den desfaserik eta parte-hartze eskubideen minoraziorik gertatuko, herritar guztien parte-hartzeari dagokionez".


Mozioak azken atal bat ere bazuen, PSN parlamentu-taldearen ekimenez gehitua, non aldarrikatzen baitzen ataria “eskuragarri egotea, halaber, sakelako euskarri ohikoenetan”.


UPN parlamentu-taldeak, bultzatutako mozioaren zioen azalpenean, honako hau argudiatzen zuen: "Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legetik heldu diren betekizunek, eta horietako askoren transposizioa Nafarroan hirigintza iraunkorra, hiri-berrikuntza eta hirigintza-jarduera laguntzeko neurriei buruzko martxoaren 5eko 5/2015 Foru Legera egin izanak behartu egiten dute neurri zehatzen eta urgenteen bidez sakontzera herritarren parte-hartze eskubidearen garapenean eta herritar guztiek informaziorako sarbidea edukitzeko eskubidean, lurralde eta hirigintza planeamenduari dagokionez.


Horrek, proposamen-egilearen esanetan, "behartzen du erregelamendu bidez garatzera lehen aipatutako araudia, eta, gainera, nabarmen hobetzera Nafarroako Gobernuan jada dauden baliabide materialak".

Horretaz gain, udal-planeamendua –zeina, zalantzarik gabe, parte-hartze prozesuen eta dokumentuen iturri nagusia baita– gehienbat toki esparruan sortu eta izapidetzen denez, eta herritar guztiek ez dutenez aukerarik ezarritako parte-hartze prozesuak eta informazioa kontsultatzeko, beharrezkoa da traba horiek gainditzeko formulak paratzea.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (32. NPAO, 2015-11-20koa)