Publicada el Dienstag, 23 de Juni de 2015

Parlamentuko lehendakaria Carlos Slepoyrekin bildu da

CEQUAko abokatuak frankismoaren krimenen aurka borrokatzeko babes politiko eta instituzionala eskatu du; horien artean 1978ko Sanferminetako German Rodriguezen kasua dago

Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznarez, Carlos Slepoyrekin bildu da gaur bere bulegoan. Carlos Slepoy Argentinak Frankismoko Krimenen aurka jarritako Kereilla Babesteko Koordinatzaile Estatalaren (CEQUA) abokatua da eta frankismoaren krimenen aurka borrokatzeko babes politiko eta instituzionala eskatu du; horien artean 1978ko Sanferminetako German Rodriguezen kasua dago.


Slepoyk bileran azaldu duenez, CEQUAren xedeen artean dago “1936ko uztailaren 17aren eta 1977ko ekainaren 15aren artean egin ziren frankismoaren krimenak zigortzea” lortzea, “1978ko San Ferminetan gertatutakoa ahaztu gabe”. Beranduago, Geroa Bai, Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E parlamentu-taldeetako ordezkariak batu dira bilerara.


Slepoyk esan duenez, 4591/10 kereilak “justizia unibertsalaren” printzipioa du oinarri. Horren arabera ulertzen da Estatu batetako organo judizialek “haien mugetatik at jazotako krimenak ikertzeko eskumena dutela, eta ez dela beharrezkoa krimen horiek haien interesen aurkakoa izatea edo haien herritarrek eginak zein herritarren aurkakoak izatea, ez eta egileak eskualdean egotea. Muga bakarra bidegabekerien erantzuleak jadanik epaituak izatea da”.


Horretarako, “XX. mendeko genozidio larrienetakoa den krimen horren zigorgabetasunaren salaketa unibertsala” egiteko aurrerapausoak emateko, Slepoyk Nafarroako forudunak “justizia soziala parlamentuetatik, udaletatik eta gainerako ordezkaritzako erakundeetatik sustatzera” bultzatu ditu.


4591/10 kereila diktadura frankistan eraildakoen eta desagertutakoen senideek zein Espainiako eta Argentinako hainbat erakundek aurkeztu zuten eta 2010eko apirilaren 14an igorri zitzaion Argentinako Errepublikako justizia epaitegietan eta Maria Servini epailearen ardurapean dago.


Carlos Slepoy lan zuzenbidean, giza eskubideen zuzenbidean eta justizia unibertsalean aditua da. Bileran Sanfermines 78 Gogoan kolektiboko kideak ere egon dira.