Publicada el Donnerstag, 9 de Oktober de 2014

Nafarroako Gobernua ikastetxe publikoetako zuzendarien hautespenari buruz azterlan bat egin dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Hautagairik ez dagoenez Hezkuntza Departamentuak zuzenean izendatu behar izaten ditu, batzuetan % 50 baino gehiagoko portzentajean

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta PPNk haren alde eman dituzten botoekin eta SNren, Bildu-ren, Aralar-Nabairen, I-Eren eta atxiki gabekoen abstentzioarekin ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “ikastetxe publikoetako ardura-postuen hautaketari buruzko azterlan bat egin dezan; zehazki, zuzendariena”.

Zehazten denez, azterlan horrek “zenbait neurri jorratuko ditu: besteak beste, postu horietan modu boluntarioan aritu nahi duten funtzionarioen kopurua areagotzeko neurriak”.

Bildu eta Aralar-Nabai parlamentu-taldeek ordezkatze zuzenketa bat aurkeztu dute, ekimenaren titular den PPNk onartu ez duena. Bertan azterlan hori prestatzeko Nafarroako zuzendarien elkarteei laguntza eskatzea proposatzen zen. Azterlana prestatzeko sei hilabeteko epea ezartzen zen eta azterlanetik eratortzen ziren neurriak abian jartzeko konpromisoa hartu beharko zuten, beti ere, ikastetxeen autonomia zein zuzendaritza taldeentzako laguntza- eta aholkularitza-sistema indartuz.

Zioen azalpenean, PPNk bultzatu duen ebazpenak ikastetxe publikoetako zuzendariak “hautatu, ebaluatu eta haien izendapena berritzeko” prozesuak aztertzearen alde egiten du, hartara “hautagairik ez dagoenez”, hautaketa hezkuntza erkidegoak eskatuta egin dadin, eta ez maiz gertatzen den moduan, Hezkuntza Departamentuak berak zuzenean izendatuta.

Proposatu duen taldeak dioenez, azken urteetan errepikatzen ari den egoera hori ez da Nafarroan bakarrik ematen, baina, hala ere, albait azkarren konponbide bat aurkitu beharra dago, hezkuntza proiektuen zuzendaritza pedagogikoa kaltetu ez dadin.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 95. zk., 2014-09-05ekoa)