Publicada el Jeudi, 27 de octobre de 2016

Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaida. Uxue Barkosek esan du Nafarroak duela urtebete baino gehiago eta hobeki egiten duela aurrera

Elkarrizketarako prest egonen dela agindu du eta batasuna eskatu du Hitzarmen Ekonomikoa eta euskara defendatzeko, elkarbizitza sendotzeko eta Nafarroa Europan birkokatzeko

Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Uxue Barkosek, bere lehen urte eta erdiko kudeaketaren lorpenak baloratu ditu esanez "Nafarroak duela urtebete baino gehiago eta hobeki" egiten duela aurrera, eta "beti elkarrizketarako prest" egonen dela agindu du, "ekintza politikorako tresnarik onena elkarrizketa delako".


Hori izan da lehendakariak botatako lehenbiziko mezua ia bi ordu iraun duen hitzaldian, bere lehenengo Foru Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidan. Euskaraz eta gaztelaniaz, UPNren bi hamarkadako Gobernuak ondorengoari utzi dion egoera deskribatu du, bere Gobernuak urte eta erdiz egindako kudeaketa lanaren berri eman du eta etorkizuneko ekintzak azaldu ditu.


Horri dagokionez, "Nafarroako interes orokorraren aldeko lau batasun-esparru" eskaini ditu, alegia, "gure autogobernuaren ardatza den Hitzarmena defendatzeko batasuna", Nafarroa Europan birkokatzea, euskararen defentsa, Nafarroaren ondare den aldetik, eta "kaltearen ordaina era oroimena" abiaburu hartuta "elkarbizitza baketsuaren prozesuan aurrera egiteko eta hura sendotzeko" batasuna.


Ia bi ordu iraun duen hitzaldian "erroreak, funtsean esperientzia faltaren ondorio izan direnak" ere aitortu ditu, eta aldaketak, sendoa izateko, denbora behar duela ohartarazi du, nahiz eta beraren gobernua gai izan den "presako eta premiazko arazoei arreta jartzeko" eta "aldaketa sakon eta garrantzitsuei ekiteko, baina herritarren gehiengo zabalak ulertu eta bereganatu ahal izateko adinako lasaitasunaz".


Horiek horrela, Uxue Barkosek Foru Legebiltzarreko "gehiengo aurrerakoi ezbairik gabekoaren" babesa baloratu du, baina eskatu du, gobernu ituneko lau alderdiak berariaz aipatu gabe, oinarrizko lorpen sozialen bila aritzean alde batera utz daitezela "zalantzak eta taktikakeriak".


Gobernuaren egoitzara iristean aurkitutako datu "etsigarriak" aletuz eman dio hasiera lehendakariak bere hitzaldiari. Orduko garaietako krisialdia azpimarratu du, "funtsezko abiapuntu" gisa, bai eta "foru kutxa guztiz ahituak, hustuak" ere.


Horren aurrean, lauko gobernua jada Nafarroako Jauregian kokatuta, "lehentasunak aldatzeari" ekin zaiola adierazi du Barkosek. Horren erakusgarri dira gizarte ekintzaren pisua eta zerga erreforma, "bidezkoagoa eta progresiboagoa", dagoeneko "emaitzak ekartzen hasi dena". Ildo horretan sakonduko da Nafarroako 2017ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan, % 56,7ko gastu soziala ezarrita.


Erronka politikoaz gain, "aurrekontu erronkak" eragin berezia izanen omen du osasun arloan, hezkuntzan, lehiakortasunean eta garapen ekonomikoan. Lehendakariak xede horietarako kontu-sailak eta ekimenak zehaztu ditu, baina bereziki ongi baloratu ditu Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentu berriaren lorpenak, esaterako biktimei laguntzeko politika publikoak.


Euskarari buruzko politikei emandako bultzada, hizkuntza horrek komunikabideetan duen tokia, eta, beste alde batetik, poliziaren eta larrialdietako zerbitzuen lana hobetzeko ahalegina ere aipatu ditu lehendakariak, eta Administrazioaren funtzionamendurako ingurunearen "gardentasuna" txalotu du.


Etorkizun hurbilari dagokionez, Barkosek "oinarrizkoa" iritzi dio "foru erregimen subiranoa" defendatzeko ahalegina areagotzeari, eta ohartarazi du 2017a "urte erabakigarria" izanen dela Hitzarmen Ekonomikoaren negoziazioan, eta, hori guztia kontuan harturik, "behar adinako munta" duen araubide fiskala eduki behar dela.


Iragarri dituen neurrietako bat da Nafarroako gizartea "iraultza teknologikoan" murgiltzea, "lan merkatuaren eredu berri baterantz" abiatuta. Horretarako Lanbide Heziketari ekin behar zaio eta "langabeziaren drama eten behar da zerbitzuen sektorean".


Barkosek esan duenez, "ezinbestekoa izanen da gizarte bermerako neurriak ezartzea, hurrengo hilabeteetan legegintzako oinarrizko bi tresna baliatuz, alegia, oraindik proiektu diren Errenta Bermatuari buruzko Legea eta Etxebizitzari buruzko Legea".


Lehendakariak aipatu ditu, halaber, beste konpromiso batzuen artean, Enplegu Plana, Foru Berriaren erreforma, NUPen finantzaketarako urte anitzeko hitzarmenaren negoziazioa, eta euskararen sustapena Helduen Hezkuntzan, Lanbide Heziketan eta goi mailako ikasketetan.


Bestalde, Madrilen atzo hasi den Mariano Rajoyren inbestidurarako eztabaida gogoan, Nafarroako lehendakariak "eskuzabaltasuna" eskatu du eta gauza bera eskaini dio Estatuko Gobernu berriari, baina Foru Komunitatearen interesen alde "irmo" jardunen dutela ohartarazi dio.


"Nafarroarentzat funtsezkoa da mahaiaren beste aldean, Madrilen, bere eginkizun eta eskumenetan bete-betean ari den solaskidea izatea". Horren ildotik, Barkosek "zorrotz eta sendo" jardunen dutela iragarri du. Irmo jokatuko dugu Nafarroako interesen alde, Estatuko herritar guztiekiko elkartasunerako bokaziotik abiatuta. Ez dugu onartuko beste urrats bat ere atzera egiterik Nafarroarena eta Nafarroarentzat den horretan", esan du azkenik lehendakariak, ordubete eta 57 minutuko hitzaldia amaitzeko.


Bilkura gonbidatuen palkotik ikustera joan dira, besteak beste, Pachi Yanguas senataria, Pablo Zalba Europako Parlamentuko diputatua, Raquel Garbayo, Koldo Amezketa, Fermín Ciaurriz, Txentxo Jiménez eta Txema Mauleón foru parlamentari ohiak, Pablo Azcona Lodosako alkatea, Angel Navallas Zangozako alkatea, Valentín García Faltzesko alkatea eta Enrique Maya Iruñeko alkate ohia.

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoPresidentearen hitzaldia