Publicada el Mercredi, 2 de décembre de 2015

Nafarroaren Eguna ospatzeko kontzertua. Printzesa Zelta errezitaldia

Lehendakaria poztu da musikaren bidez, "era kultural demokratikoena eta hedatuenaren bidez, hizkuntza propioa duten lurralde eta kultura batekoak garela" ospatu ahal izateagatik

Nafarroako Parlamentuak gaur arratsaldean egin den ekitaldi instituzional batekin Nafarroaren Egunaren karietara antolatu diren jardueren programari jarraikortasuna eman dio. Ospakizun hau 1985etik egiten da abenduaren 3an, Francisco Javier jaiegunarekin batera.


Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, ekitaldiari hasiera eman dio agur baten bidez eta ondoren Txistularien Elkarteak kontzertu bat eman du. Parlamentuko egoitzaren atondoan ospatu da eta bertan egon dira Nafarroako autoritate nagusiak, Nafarroako hainbat udaletako alkateak eta gizarte zibilaren hainbat erakunde, elkarte eta kolektiboren ordezkariak.


Nafarroako Ereserkiak jo ondoren Ainhoa Aznarez Igarzak egin duen agurrean, lehendakaria pozik agertu da “musikaren bidez, era kultural demokratikoena eta hedatuenaren bidez, ospatu ahal izateagatik aspalditik faltan sumatu duguna, lurralde batekoak garela eta, bertakoen abegi onari esker, haren parte garela sentitzen dugunean gozatu egiten dugu”.


Testuinguru horretan eta musikaren karietara Ainhoa Aznarezek “Nafarroaren Eguna ospatzeko ohiko era gisa finkatua” dagoela esan du eta txistuaz hitz egin du “gaur lehenengo aldiz sartzen baitugu honako ospakizunean”.

Musika tresna honek “egitura sinplea eta melodia zabala du, orain dela 500 urte ospakizun garrantzitsuenetan erabiltzen zen eta orain egoitza legegile honetan lana nolakoa izan behar den azpimarratzeko erabili dezakegu: ibilbide sozial luzeko neurri sinpleak”.


Bestalde eta berriro abenduaren 3ari dagokionez, lehendakariak oroitarazi duenez egun horretan “Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatzen dugu, nafar guztion ondarea eta, musikaren eta bestelako adierazpen kultural eta artistikoen moduan, babestu eta landu behar dugu munduko altxorrik handienetako bat baita”.


Amaitzeko, Ainhoa Aznarezek klase politikoa premiatu du “erantzukizunetik, herritarren eta sortzaileen arteko zubi izan dadin, halako moduz non, logika eta, batzuetan, interesatuak diren muga ideologikoak gaindituta, guztiok parte garen ondare kulturalaz gozatzeko aukera izan dezakegun”.


Jarraian, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, Nafarroako Gorteen antzinako hautestontzien kopia bat eman die Izaskun Andueza eta Joseba Tobesi, oparia Txistularien Elkartearen izenean hartu baitute.


Ondoren, kontzertua egon da, 300 entzule baino gehiago izan dituena. Raul Madinabeitiaren zuzendaritzapean, eta Nafarroako Ereserkiaren ondoren (Erreinuan sartzeko martxa), musikariek musika zelta, eskoziar eta irlanderaren errepertorio bat jo dute Itxasoko Lamia, Basque Celtic, Oich U Agus, Celtic Medley, Scotland Itsasoa, Cunningham Collectin, Jaun Zuria deitzen dioten e Irish Kolorea abestiez osatutakoa. Osotara, Maite Itoiz ahotsaz lagundutako zortzi abesti eta hainbat interpretazio eta emanaldi jo dituzte. Narrazioa Toti Martinez de Lezeak egin du.


Printzesa Zelta kondaira eta errealitatea, irudi epiko eta ekimerikoak, esaterako lamiak, Amari, Jaun Zuria, bikingoak, barkuak… batzen dituen ikuskizuna da. Pamplona-Iruñean madjuak edo bikingoak egon zirela dioen erreferentziarik zaharrena 816. urtekoa da. Hori dela-eta egin zaio omenaldia eta oroitu da musika hori eta printzesa zelta, alarde honen protagonista izan den Txistularien Elkarteak deskribatzen duen moduan “bera da ihes egin zuena, bidatu zuena, guztiek iristen ikusi zutena eta haien sorbalden gainean eraman zutena, haien irrietan, amestu egin zuena, eta ametsetan harri gorriak ikusi zituena”, kondaira eta errealitatearen arteko fusio horretan.


Ekitaldian egon diren autoritateak honakoak izan dira: Uxue Barkos, Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Laparra, Gizarte Eskubidetako lehendakariordea, Mikel Aranburu, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Isabel Elizalde, Landa Garapen, Toki Administrazio eta Ingurumeneko kontseilaria, Idoia Villanueva, Foru Erkidegoko senataria, Esther Erice, Nafarroako Probintzia Auzitegiko lehendakaria Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko lehen lehendakariordea, Maiorga Ramirez, idazkari nagusia, Koldo Martinez, Geroa Bai-ko eleduna, Laura Perez, Podemos-Ahal Duguko eleduna, Jose Miguel Nuin, I-Eko eleduna, Idoia Tajadura, legelari nagusia, eta Maria Solana, Patxi Leuza, Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Arantza Izurdiaga (EH Bildu), Tere Saez, Fatima Andreo, Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu), Santos Cerdan, Nuria Medina (PSN) eta Marisa de Simon (I-E) parlamentariak.


Ate Irekien Jardunaldia


Nafarroaren Eguna 2015 ospatzeko Parlamentuak antolatu duen programa bigarren Ate Irekien Jardunaldiarekin amaitu egin da gaur.


Osotara, 120 bisitari baino gehiago egon dira eta Nafarroako Parlamentuko egoitza, Osoko Bilkuren Aretoa, Batzordeen eta Eledunen Batzarraren Aretoa, Ataria eta Areto Instituzionala ikusi dituzte.


Ibilbidean bisitariek Parlamentuaren zeregina gauzatzen den eremua, legeak onesten diren lekua eta Nafarroako Gobernuko kideen kontrola burutzen den tokia ezagutzeko aukera izan dute. Laburbilduz, Nafarroako organo legegilearen funtzioei, antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko azalpenak eta informazioa jaso dituzte. Halaber, Nafarroako Parlamentuaren arte bildumaren zati bat ikusi ahal izan dute bisitatu dituzten aretoetako paretetan zintzilikatuta dauden artelanen bidez.