Publicada el Vendredi, 17 de juillet de 2015

Parlamentuak 2015-19 Gobernuko Hitzarmena sinatzeko ekitaldi formala egin du

Geroa Bai, Bildu, Podemos eta I-Eren ustez Uxue Barkos hautagaiak "aldaketa sozial eta politiko iraunkorra abiarazteko nahikoa zimendu ditu"

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerraren ordezkariek Nafarroako Gobernu berriarentzat adostu den hitzarmen programatikoa “poztasun osoz” sinatu dute gaur. Antza denez gobernua Uxue Barkosek zuzenduko du eta esan dutenez, hitzarmenak “balio historikoa” du, “aldaketarako oinarriak” ezartzen ditu-eta.


Lau alderdien ordezkariek programa datorren astean abian jartzen hasiko direla espero dute, behin Uxue Barkos hautagaia inbestituta, zeinak hilaren 22an, asteazkenean, kargua hartuko baituen, haren gobernuko kontseilariek baino egun bat lehenago. Gobernu berriaren zereginaren xedea gehien bat “gai sozialei eta kalitateko enpleguari” buruzkoak diren 614 neurriak “era zabal eta arrazoizkoan” betetzea izango da.


Sinatzeko ekitaldi formala Nafarroako Parlamentuko erabilera anitzeko gelan egin da, kazetari talde handi baten eta lau alderdietako kideen ordezkari askoren aurrean.
Geroa Bai-ren izenean, berehala Nafarroako Gobernuko lehendakari berria izango den Uxue Barkos pozik agertu da “bi hilabetez eta lan sutsuz” egin den hitzarmena sinatzeagatik, kanpaina garaian “aldaketaren alde egin dugunok” aldarrikatutakoa gauzatzea xede duena.


Horren harira, Barkosek esan duenez, sinatutakoak “politika egiteko beste modu bat” ekarriko du berekin. “Ibilbide orri hau programa zati batzuen batura baino gehiago da, aldaketarako gobernu bat osatzeko xedea duen elkarlanaren fruitua baita. Kontseilariak ez dira ez Bildu-koak, ez Geroa Bai-koak, ez Podemos-ekoak, ez Izquierda-Ezkerrakoak, gobernukoak dira”.


Adolfo Araizek (EH Bildu), bestalde, hitzarmena baloratu du “duen izaera historikoagatik eta etorkizunera begira duen balioagatik. Gaur egiten ari garena aldaketa politiko eta soziala etengabea eta iraunkorra izan dadin oinarri irmoak finkatzea da. Saiatu behar gara gizartean dauden behar garrantzitsuei konponbide bat berehala ematen”.


Laura Perezek (Podemos-Ahal Dugu) hitzarmena “oso positiboa” dela esan du, “eskuzabaltasunaren eta adostasunaren fruitua da. Gure alderdiaren ustez gure kaleak hartzen zituen kolore griseko hainbeste urteren ondoren guztiok era legitimoan lortu nahi genuen Nafarroa ezberdin hori eraikitzen lagunduko diguten ildo politikoak ezartzeko nahikoa da”.


Horregatik, honakoa “ospakizunerako unea” dela esan du, nahiz eta oroitarazi duen Podemos-Ahal Duguren babesa, oinarriek babestu dutena, soilik programarentzat dela, ez baitute Gobernuaren osaera negoziatu “independentzia zaintzeagatik. Ahots kritiko bat egotea ona dela uste dugu, baina eraikitzailea behar du izan”.


Jose Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) esan duenez, bere koalizioan hitzarmenarekin “oso eroso eta pozik” daude, “ez da inoren aurka egin, gizarte osoaren alde baizik. Asmoa eskuinak kudeatzen zuen Nafarroa aldatzea da, baina baita Nafarroako gizartea zurrunbilo batean sartzen saiatu diren identitate borroka absurdo eta tolesak gainditzea ere”.